Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz


2025eko martxoaren 27an - 15:14
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan harreman ekonomikoak, diplomatikoak zein propagandistikoak (kasu honetan bezala). Baina horrelako albisteak ez dira ezerezetik jasotzen: borroka eta konpromiso prozesuak beharrezkoak dira gertatu daitezen.

Lasterketaren hainbat ediziotan normaltasun osoz parte hartu ondoren, iaz, palestinar herriaren aurkako genozidio basatiaren testuinguruan, "Estella-Lizarra Harrera Hiria Ciudad de Acogida" kolektiboak problematizatu egin zuen Israel zilegi egiteko balio duen talde honek eskualdeko lasterketa ezagunean parte hartzea.

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko

2024ko azaroan, Palestinarekin Elkartasuna plataforma eta Harrera Hiria elkartea saiatu ginen gaia jorratzeko bilera bat egiten “Lizarra TE” txirrindularitza klubarekin, haiek antolatzen baitute lasterketa. Klubaren aldetik ez zen elkartzeko borondaterik egon, eta urtarrilean plataformak kanpaina bat abiatu zuen Lizarrako txirrindularitzan sionisten presentziaren aurka. Hainbat ekintzaren artean, gure eskualdeko txirrindularitza munduko pertsonen sinadurak jaso genituen "Israel Premier Tech" Lizarraldera etortzearen kontra.

Hainbat hilabetetako kanpainan zehar klubak informazio anbiguoa baino ez digu eman. Azkenik baieztatu ahal izan dugu aurtengo edizioan “Israel Premier Tech” taldea ez dela Lizarrara etorriko. Informazio hau Lizarrako Udalaren osoko bilkuran jaso genuen lehenik (lasterketarentzako dirulaguntza onartu zenean), eta, bigarrenik, lasterketaren aurkezpen ofizialean.

Argi dugu arrakasta "txiki" hau kaleetatik egindako lanari esker izan dela. Zenbait eragilek (instituzioek, enpresek, eta abar) sionismoarekin harremanak hausteko benetako borondaterik ez dutenez, honelako gertaerek erakusten digute jarraitu beharreko bidea. Azkenik, espero dugu Israel ez dela berriro etorriko Lizarrako kirol-ekitaldietara. Baina esperantzak ez du itsua izan behar, eta erne egongo gara. Israel, ez aurten, ez inoiz gehiago.

Josu Dufur Otegui eta Garazi Robles Vitas, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude