"Ezagutzen ez dugun errebeldia eta arriskugarritasun genealogia itzela dugu emakumeok"

  • Pasioarekin hitz egiten du, eta pasioa eta lana elkartzen ditu etengabe. Zinema, historia eta feminismoa dira bere bizitzako filmeko protagonistak. Arauetatik aldendu, genero-aginduak dinamitatu eta erreferente berriak gorpuzten dituzten emakumeak erakusten dizkigu bere liburu, artikulu, hitzaldi eta ikastaroetan. Pantailetako emakume heroi horiek guztiak banan-banan ateratzen ditu bere poltsa handitik, guri hitz eta pitz aurkezteko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
María Castejón. Lizarra, 1975

Emakumeen historian eta ikus-entzunezkoetan egiten diren genero irudikapenetan aditua da. Zinema kritikaria, ikertzailea, saiogilea, teorialaria, programatzailea eta irakaslea. Errioxako Unibertsitatean Giza Zientzietan lizentziaduna eta Salamancako Unibertsitatean Historia Garaikidean doktorea. Iruñeko Emakumeen eta Zinemaren Nazioarteko Erakusketako zuzendari-kidea eta programatzailea izan zen hainbat urtez, eta artikulu eta ikerketa-lan askoren egilea da. Espainiako historiari, generoari eta zinemari buruzko Fotogramas de género (Genero fotogramak) eta Más fotogramas de género (Genero fotograma gehiago) eta Rebeldes y peligrosas de cine (Zinemako bihurri eta arriskutsuak) liburuen egilea da.  Iruñea, Atarrabia, Burlata, Zizur eta Lizarran egiten ari den Rebeldes y peligrosas (Bihurri eta arriskutsuak) zikloaren programatzailea da. Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.

Nola hasi zinen pelikulak arakatzen emakumeen historiaz hitz egiteko?
Ikasten ari nintzela zortea izan nuen eta, bereziki Frantzia eta AEBetatik, emakumeen historia liburuak hasi ziren iristen guregana. Bada lan bat oso interesgarria: Georges Duby-ren Emakumeen Historia, bost liburukitako entziklopedia moduko bat, bizitza aldatu zidana. Zinema beti izan dut gustuko eta doktoretza egin nuenean, zinema informazio iturri bezala hartu nuen 1975etik 2000ra arteko emakumeen historiaz hitz egiteko, garai hartan oraindik neure burua feministatzat jo ez arren.

Oso gauza gutxi zegoen idatzita emakumeen historiaz. Historiagile bezala askotan ikusi dut nekez agertzen direla iturri dokumentaletan. Atarrabiako emakumeen historia aztertu nuen, adibidez, 2018an argitara emandako lan mardul batean eta horretarako100 urteko udal aktak begiratu nituen. Gizonak baizik ez ziren agertzen, bai emakumeen pisu sozial eskasarengatik, baita hizkuntzarengatik ere, gaztelaniaz modu generikoan hitz egiterakoan gizonak baino ez direlako aipatzen. Idatzizko iturrietan ez bezala, zineman emakumeak badaude eta egon dira beti, nahiz eta oso bigarren planoko pertsonaiak izan. Horregatik oso iturri interesgarria iruditu zitzaidan emakumeen historiaz hitz egiteko. Bestalde, zinema askoz atseginagoa da ikerketa-lana egiteko berezko duen puntu artistikoarengatik eta hori niri beti gustatu izan zait.

Zer ikusten da zineman?
Behin betaurreko moreak jantzita, patriarkatua toki guztietan ikusten da. Zinemaz eta feminismoaz aritzerakoan bi bide daude: bata da emakumeok izan dugun errepresentazioa aztertzea, eta bestea, filmetan dauden emakume menderakaitz eta arriskutsuak erakustea. Azken hori da niri gehien gustatzen zaidan ikuspuntua, disidentzia erakustearena.

Disidentzia beti egon da zinemaren munduan, baina ez digute kontatu. Adibide bat: Mae West, emakume boteretsua, dibertigarria eta askea. Berak bazuen bere filmetako erabateko kontrola. Bazuen dirua eta hori ez da ohikoa zinemaren munduan. Ixabel Coixetek 25 film zuzendu ditu, estatu osoan pelikula gehien egin duen zuzendaria da, eta oraindik ibiltzen da diru eske bere lanak aurrera atera ahal izateko. Gure genealogiarako hain garrantzitsua izan den emakume bat zergatik izan da aldarrikatua gizonen aldetik soilik? Zergatik ez dugu geure egin? Eta bera bezala, beste emakume indartsu asko izan dira zinema klasikoan: Katharine Hepburnen pertsonaiak, Joan Crawford, Barbara Stanwick... zineman bada uste duguna baino disidentzia handiagoa. Hori da niri interesatzen zaidana, eskemak apurtzen dituzten emakumeak.

Gaur egun nolakoa da panorama?
Gaur egun plataforma handiek bakarrik bi proiektu mota erosten dituzte: emakumeak edozein genero bortizkeriaren biktima diren istorioak, edo beren burua ahalduntze prozesuan ari diren emakumeenak. Hori da erosiko dizutena, ez, ordea, telesail konplexuago bat. Baina ezin gara beti biktima izan edo beti ahalduntze ahaleginean ibili. Aurre-menopausia, esate baterako... bai, eta? Edo senarrak uzten zaitu, eta? Ahalduntzea oso ongi dago, baina denbora guztia horrekin bueltaka aritzea nekagarria da eta, gainera, gure gazteak oso ahaldunduta daude jada. Sortu behar dugu emakume gaiztoen, dibertigarrien, katxondoen... genealogia bat. Mota guztietako emakumeak egin behar ditugu. Zinemak bidegabeko errealitateak salatu behar ditu, baina iruditeriak eraikitzeko eta fantasiaz gozatzeko ere balio behar du.

Hala eta guztiz ere, oso une interesgarrian gaude, neurri handi batean plataformei esker. Feminismoaren laugarren olatua ezin da ulertu komunikabiderik eta fikziorik gabe.

"Feminismoaren laugarren olatua ezin da ulertu komunikabiderik eta fikziorik gabe”

Eta Espainiako Estatuan dagoen panoramaz, zer uste duzu?
Espainiako zinema industria oso txikia, paternalista, korporatibista eta matxiruloa da, eta horregatik ez dugu oraindik izan Me too bat, adibidez. Dirua ematen digute pelikula intimistak egiteko, baina gauza gehiago egin nahi dugu!

Dirua boterea da. Orain Barbie-rekin egin dutena paradigmatikoa da. Dirua lortu eta lan itzela borobildu dute. Baina oso gutxi dira orain Greta Gerwig zuzendariak izan duen aurrekontua lortzera iritsi diren emakumeak, Mae West bere garaian, Kardashian ahizpak eta gutxi gehiago. Lan itzela egin duten emakumeak dira eta asko irentsi behar izan dutenak, dauden tokira iristeko.

Barbie filmaren fenomenoa nola dakusazu?
Itzela da. Oso errelato zorrotza. Maskulinitatearen kritika bikaina egiten du eta horregatik hainbeste gizon sentitu dira minduta eta erreakzionatu dute gogor. Aldiz, estatuan egin duten Machos alfa telesaila maskulinitatearen irakurketa berri bezala saldu nahi digute, baina ez da horrela. Dibertigarria bai, baina ez da gauza bera. Hor ageri diren emakumeak histeriak jota daude edo pena ematen dute, eta hori oso perbertsoa da. Ematen du dena aldatzeko saiakera bat dela, deus alda ez dadin.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Emakumearen begiradaz hitz egiten da askotan. Hori existitzen da?
 Ez. Ez da emakumearena, baizik eta emakumeena eta ez da begirada, ikuspuntua baizik. Emakumeok ez gaude begira, besterik gabe. Elkarrizketa askotan galdetzen dute zer suposatzen duen emakume izateak edota nola moldatzen diren emakumeak errodajeetara joateko. Inoiz ez dugu hitz egiten gizonen begiradaz zineman eta ez diegu galdetzen norekin uzten dituzten haurrak lanera doazenean.

Emakumeok ez dugu lortzen bidea urratzea modu definitibo eta iraunkorrean. Bide urratzaileak badira eta aipatuak izaten dira komunikabideetan, baina gero inork ez daki lanean jarraitzen duten edo zer gertatu den haiekin.

Zure liburuko errebeldeak eta arriskutsuak nortzuk dira?
Zineman arauetatik aldendu, genero-aginduak dinamitatu eta erreferente berriak gorpuzten dituzten emakumeak dira. Zorigaiztoko emakumeak, errebeldeak, pistolariak, piratak, abenturazaleak, ama eta emazte txarrak, prostitutak, lesbianak, eroak, bortitzak... inposatutako arauak hausteagatik prezio bat ordaindu behar izan duten emakumeak. Zinema-pantailetan bizi diren protagonisten inguruan hausnarketa egitea proposatzen dut, haiek berreskuratu eta ikusarazteko.

“Beti esaten diet ikasleei ez gelditzeko agertzen den lehen emaitzarekin, algoritmoa oso kabroia delako eta beti sistemaren alde jotzen duelako. Ez dute prentsa irakurtzen, ez dute irratia entzuten dena gogaikarria delako. Dena da Tik-tok eta Instagram”

Nolakoa da telesailen eragina?
Telesailek gauza eta aukera berri asko ekarri dute. Publiko handiari zuzenduak daude eta ez ikusle talde murritz eta kontzientziadun bati. The Handmaid's Tale (Neskamearen ipuina) mugarria izan zen eta haustura asko eragin ditu. Beste telesail feminista garrantzitsu bat  Big Little Lies (Gezur txiki handiak) izan da. Hori ikustean zerbait berria ikusten ari garen sentsazioa dugu.

Hauek bezalako lanak erreferente berriak ekartzen ari dira eta, gutxienez, lortu dugu lehen zeuden ageriko erreferente matxistak orain onartezinak izatea.

Zure #pikagramas-ak faltan somatzen ditugu Pikara Magazine-n…
Bai… han izan nintzen hamar urtez. Orain denborarik ez dut, baina itzuli nahi nuke. Pikara-k hautsi zituen feminismoa eta haren botere harremanen joko arauak. Hasieratik aukera eman zion jende askori nahi zuena esateko. Nik izugarrizko kariñoa diot, besteak beste, han egin nintzelako zinema kritikaria.

Orain irakasle zabiltza. Zer moduz gaztetxoekin?
Oso gustura. Goizean institutuan eta arratsaldeetan jarraitzen dut zikloak eta ikastaroak ematen, oso lan polita delako. Klasean Geografia eta Historia ematen dut, eta beti eramaten dut gaia, nola edo hala, zinema eta emakumeen historiaren aldera. Ikasgelan gauza asko egin daitezke. Feminismoaz hitz egiterakoan, hala ere, kontuz ibili behar da, gaztetxoak nahiko saturatuta daude. Ni eroso nago baliabide eta ezagutza asko dudalako, baina ulertzen dut irakasle askorentzat ikasgelan ko-heziketa egitea oso zaila dela, ez baitute horretarako formakuntza aski.

"Espainiako zinema industria oso txikia, paternalista, korporatibista eta matxiruloa da”

Gazteek informazio asko dute eta askotan berenganatzen dituzte sare sozialetatik iristen zaizkien aurreiritzi eta mezu erreakzionarioak. “Bortxatu dute, baina, jakina, minigona zeraman…”, halako komentarioak entzuten dira oraindik ere. Feminismoarekin lotutako kontuetan, beste gai askorekin bezala, beti gelditzen dira titularrarekin. Hori dela eta, hezitzaileok gure lan egiteko modua aldatu behar dugu: lehen ezagutzatik abiatzen ginen titularrera iristeko eta orain alderantziz egin behar dugu: lerro-burutik abiatuta, testuinguru guztia eman behar diegu. Eta ez da erraza. Gu azken belaunaldi analogikoa gara. Orain ezagutza entziklopedikoak ez du batere zentzurik, dena dago Interneten. Arazoa da abstraitzeko ahalmenik ez dutela.

Beti esaten diet ez gelditzeko agertzen den lehen emaitzarekin, algoritmoa oso kabroia delako eta beti sistemaren alde jotzen duelako. Ez dute prentsa irakurtzen, ez dute irratia entzuten dena gogaikarria delako. Dena da Tik-tok eta Instagram. Testuingurua ezagutu eta begirada kritikoa izaten erakustea da gure erronka nagusia.

Zergatik neskak egoten dira ia beti isilik?
Neskentzat bizirik irauteko estrategia bat da maskulinitate inbaditzailearen aurrean. Patioetan sozializatzeko moduak oso argi erakusten du hori: mutilak erdigunean futbolarekin eta neskak bazterrean, talde txikitan.

Badira neska borrokalariak, baina ez da ohikoena eta gehienetan nahiago dute ez nabarmendu. Neskek oso garesti ordaintzen dute hanka sartzea. Presio ikaragarria dute.

Adinarekin zer aldatzen da?
Esaten digutenean emakumeok bi gauza egiteko gauza garela, nik esaten diet emakumeok bi gauza aldi berean egiten ikasi egin behar izan dugula.

Gaitasun batzuk garatzen ikasi behar izan dugu eta horregatik zenbat eta zaharrago izan, orduan eta jakintsuagoak gara. Adinarekin, gizartearen bazterretan egonda, lotsa ere galtzen dugu neurri batean.

Señora moduan ikusia izateak lasaitasuna ematen digu. Askoz presio gutxiago dugu eta boterea ematen digu. Señora power izugarria da. 40 eta piko edo 50 urtetatik gora ikusezin bihurtzen bagara, goazen aprobetxatzera ikusezintasun hori gauzak egiteko.

 

AZKEN HITZA

Zinema egitearen prezioa

"Seguru Alex de la Iglesiasek ez duela Ixabel Coixetek bezainbesteko zailtasunik dirua lortzeko. Gertatzen da ohitu egiten garela. Barneratua dugu gizonek baino gehiago borrokatu behar dugula eta azkenean eskuragai dugunarekin moldatu behar dugula gure proiektuak aurrera ateratzeko. Oso erresilenteak gara, baina horrek ere oso alde iluna dauka: oso nekagarria da eta adin bat dugunok, batez ere, oso nekatuta gaude".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
"Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak"

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


2024-05-08 | Reyes Ilintxeta
Patricia López Arnaiz. Hamaika bizitza bakar batean
"Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke"

Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek... [+]


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-24 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude