Lezo Urreiztietak egin ez zuena

  • Santurtzi, 1907ko urriaren 16a. Lezo Urreiztieta Rekalde kontrabandista, mugalaria eta Jagi-Jagi nahiz ELAko kidea jaio zen. Txikitatik, aitaren itsasontzia izan zuen eskola eta hamar urte betetzerako kontrabandoan ari zen. 1981ean hil zen Baionan eta bere bizitzan egindakoak sinestezinak dira, literalki.

Lezo Urreiztieta (eskuinean) Luis Arana Goiri lagunarekin batera Parisko aerodromo batean, 1938an. (arg: Sancho el Sabio Fundazioa)
Lezo Urreiztieta (eskuinean) Luis Arana Goiri lagunarekin batera Parisko aerodromo batean, 1938an. (arg: Sancho el Sabio Fundazioa)

Berriki, Josu Martinezek Donostiako Zinemaldian estreinatutako Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalean jaso du Urreiztietak egindakoa eta, zuzendariak berak aitortu duenez, muntatzaileak galdetu omen zion ea editatzen ari zen hura dokumental  faltsua ote zen.

1934ko Urriko Iraultzan parte hartu zuten 826 pertsona atera zituen Asturiastik, Ipar Euskal Herriko kostaldean salbu utzita. 1948an ere Asturiastik atera zuen maki talde bat eta Bordelera eraman. Tartean, Urreiztietak ehunka eta ehunka lagun salbatu zituen. 1936ko Gerran, frankistek Bilboko portuan ezarritako blokeo estua 14 aldiz gainditzea lortu zuen. 1936ko irailaren 24an soilik, 60.000 fusil eta 60.000.000 kartutxo eta esku-bonba sartu zituen. Bigarren Mundu Gerran ere arma kontrabandoan aritu zen, nagusiki estatubatuarrentzat.

Hauek guztiak 1975 eta 1978 urteen artean izandako hainbat elkarrizketetan kontatu zizkion Urreiztietak Martin Ugalderi. Guztira, 35 ordu inguru grabatu eta gorde zituen kasetetan eta hori izan da Josu Martinezen dokumentalaren oinarria. Baina Urreiztietak kontatutako abentura eta balentria guztiak, harrigarriak izanik ere, bestelako iturriek baieztatzen dituzte.

Hala ere, ez zuen nahi zuen guztia lortu; bi proiektu bete gabe utzi zituen. Bata Franco hiltzea izan zen. Indalecio Prieto buruzagi sozialista eta lagun minaren babesean, Madrilen egon zen diktadorearen atzetik, baina Donostiako udaldiak egokiagoak iruditu zitzaizkion proiektua gauzatzeko. Aieteko jauregia helikopteroz bonbardatzea ere pentsatu zuen, baina azkenean jauregi azpiko tunel bat lehergaiz betetzeko plana jarriko zuen abian. Plana bertan behera geratu zen 1962an, Prieto hil zenean.

Bestalde, 1950eko hamarkadan Urreiztietak Euskal Herria aske izateko itxaropen gutxi zuen. Euskaldunak tokiz aldatu eta beste nonbait Euzkadi Berria sortzea bururatu zitzaion. Mexikoko Guadalupe uhartea horretarako toki aproposa iruditu zitzaion: bertan ez zen inor bizi eta, gainera, uharteak Euskal Herriko kostaldeak adina kilometro zituen, gutxi gorabehera. Irlaren mapa bat marraztu eta bertan euskal hiriak kokatu zituen. XX. mendeko pirata bizkaitarra Lázaro Cárdenas Mexikoko presidentearekin bildu zen proiektua abian jartzeko, baina ez zuen aurrera egin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antifaxismoa
2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Herriak faxismoa gelditu zuenekoaren lekuko den zubia Donostian

Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.


Hilberria
Gilles Perrault idazle antifaxista zendu da

Idazle frantziarrak Euskal Herriaren askapenarekiko abegikortasun handia zuen. Nazismoaren biktima izan zen, eta Marokoko erregimenaren indarkeriak argitara ematen erreferentea. Normandiako bere etxean hil da, 92 urterekin.


Eguneraketa berriak daude