EHKSk jardun antifaxistaren aurkako kriminalizazio kanpaina salatu du

  • Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak asteazken goizean agerraldia egin du Iruñeko Gaztelu plazan, hedabide eta alderdi eskuindarren “kriminalizazio kanpaina” salatzeko eta jardun antifaxistaren zilegitasuna defendatzeko. “Erantzun zabalak” antolatzera eta “herri zein langile mugimenduko kideak” elkar babestera deitu dituzte.

EHKSk Gaztelu Plazan egindako agerraldia EHKS

2025eko azaroaren 12an - 12:37
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteazken goizean agerraldia egin du EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Iruñeko Gaztelu plazan, "hedabideen eta eskuineko alderdien kriminalizazio kanpaina" salatu eta jardun antifaxistaren zilegitasuna aldarrikatzeko. Jakinarazi dutenez, Espainiako Falangearen eta Vito Quilesen ekitaldiak tarteko, deialdi horiei aurre egin zietenak “jopuntuan” egon dira azken asteetan. Kriminalizazio kanpaina horien atzean “hainbat komunikabide eta eskuineko nahiz ultraeskuineko alderdiak” daudela identifikatu dute. Horren harira, Antena 3 hedabideko kazetari batek Iruñeko Zentro Sozialistan eta Mugimendu Sozialistaren tabernan hainbat kide “baimenik gabe grabatu eta jarraitu” zituela salatu dute.

Horrez gain, instituzioen jarrera ere salatu dute. Euren esanetan, kriminalizazio kanpainaren abiapuntuan EAJk urriaren 12ko gertakarien ondoren egindako adierazpenak daude. Are, salatu dute “programatikoki, EAJ bera ari dela erreakzioaren hainbat elementu mahai gaineratzen euskal politika instituzionalean”. Alderdi instituzional orori leporatu die “pasibitate osoz faxismoari ateak ireki eta, beraz, hori indartzea”, baita ezkerreko alderdiei ere: “Horregatik, hain zuzen ere, faxismoa indartu baino ez da egin ezker instituzionala gobernuan dagoenetik”.

Eskuin muturra hainbat espaziotan “nahi duena” egiten ari dela ohartarazi du Garazi Navarro bozeramaileak: “Faxismoaren apologia egiten, eta antifaxismoa jazartzen”. Hori dela eta, seinalatu dute hedabide zein instituzioen helburua “antifaxismoa jokoz kanpo uztea” dela. Navarrok gaineratu du jopuntuan dagoena “eduki erreakzionario guztiari erantzuna emateko eskubidea” dela, eta horregatik, “erantzun zabalak” antolatzera eta “herri zein langile mugimenduko kideak elkar babestera" deitu dituzte.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude