EH Bilduk faxismoari aurre egin beharra aldarrikatu du Bilbon

  • Askatasun haizea lelopean, 30.000 lagun bildu zituen EH Bilduk larunbatean. Ibilbidean zehar eta Arnaldo Otegik eginiko adierazpenetan ere gogoan izan zituzten frankismoak eraildako azken bostak, baita estatu terrorismoaren biktimak diren Santi Brouard eta Josu Muguruza ere.

Manifestazioaren atzealdean, emakume miliziano baten irudia erakutsi zuten, emakumeen borroka goraipatzeko. EH Bildu

2025eko azaroaren 24an - 10:26
Azken eguneraketa: 12:52
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Manifestazio jendetsua egin zuen EH Bilduk larunbatean. 17:30ean Bilbon Casillatik abiatu zen manifestazioa eta udaletxearen atarian amaitu zuten. Ultra eskuindar erreakzionarioen testuinguruan EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik esan du faxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko "eraikuntza nazional eta soziala" bultzatu beharra dagoela, eta EH Bildu "konpromiso politiko eta instituzional guztiak" hartzek prest dagoela prest.

Antolatzaileen arabera, 30.000 pertsona batu dituen mobilizazioak ibilbidean zehar hainbat gune izan zituen: frankismoaren biktima guztiak eta tartean Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitzekoa, Euskal Errepublikaren eta euskal gaztediaren gunea, eta Euskal Herria Palestinarekin gunea. Gonbidatuen artean, mobilizazioan egon ziren Jon Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegiren senitartekoak, baita José Luis Sánchez Bravoren, azken fusilatuen artean zegoen FRAPeko militantearen, sendiak ere. Era berean, Bilboko kaleetan ibili ziren ERC, CUP, Junts, BNG, Compromis, Mes per Mallorca, Podemos, Comuns, Más Madrid eta Comunistes de Catalunya alderdietako ordezkariak. EH Bai-ko zuzendaritzako ordezkariek eta EH Bilduko mahai politikoko hainbat kidek pankarta eraman zuten.

Otegik adierazi zuen erregimen frankistak utzitako “erreforma mugatuaren aurrean” agertoki berri bat eraiki beharra dagoela. Era berean, azpimarratu zuen “fronte zabal” baten beharra dagoela gaur egungo "arriskuko egoerari" aurre egiteko: “Herri honek badu eredu bat faxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko, kolektiboki, era diziplinatuan, kolpatuak diren sektore guztiak ahaldunduz eta esparru amankomunean erantzuten, feminismotik, sindikalismotik, langile mugimendutik, toki guztietatik”.

Manifestazioaren biharamunean, Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguez pozik agertu zen komunikabideen aurrean. Adierazi zuen “harrituta eta kezkatuta” daudela EAJk eta PSEk PPrekin lortu nahi dituzten akordioen harira, gaineratuta akordio horrek “balio hegemoniko eta agindu demokratikoaren” aurka zela.


EH Bildu kanalean gehiago
2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...