Faxismoak tokirik ez duela aldarrikatu dute Lasarte-Orian

  • Astebete igaro denean Vox alderdi ultraeskuindarraren agerraldiak istiluak eragin zituenetik, Lasarte-Oriako antifaxistek prentsaurrekoa egin dute. Bortizkeria poliziala salatzeaz gain, argi utzi dute Lasarte-Orian faxismoak ez duela tokirik izango. Gainera, antifaxismoaren kriminalizazioa salatu eta saretzera deitu dute. 

Ekain Carrasco Tellaetxe / ARGIA - CC BY SA

2025eko azaroaren 14an - 19:30
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ostiral arratsaldean prentsaurrekoa egin dute Lasarte-Oriako hainbat antifaxistak, Vox alderdi ultraeskundarraren agerraldiak istiluak eragin zituenetik astebetera. Vox-ek “karpa informatibo” bat montatu zuen Lasarte-Oriako Okendo Plazan, nahiz eta kolore berdeko mahaian ez zen eskuorririk ikusten. Agerraldiak istiluak eragin zituen, Ertzaintza antifaxisten aurka oldartu zelako. Eskuin muturreko alderdiak Ertzaintzak babestuta igaro zuen arratsaldea, hainbat manifestari antifaxista parean zituztela. Karpa jaso eta alde egin zutenean, plazan bildu zen jendearen aurka oldartu zen Ertzaintza. Ondorioz, hainbat antifaxistak borrakadak jaso, eta gutxienez herritar bati aldaka hautsi zioten.

Prentsaurrekoan, eskuin muturreko alderdiaren agerraldiari erantzuna emateko mobilizazioaren balorazio “positiboa” egin dute, “herri osasungarri” baten isla delarik. Gainera, gertakariak gaitzetsi, antifaxismoaren kriminalizazioa salatu eta saretzera deitu dute. Azpimarratu dute Vox-ek hirugarrenez Okendo Plaza hartzea balio eta diskurtso faxistak normalizatzeko kanpainaren parte dela, eta behin eta berriz nabarmendu dute faxismoak Lasarte-Orian ez duela tokirik. 

“Han eta hemen faxismoaren gorakada” pairatzen ari direla salatu dute: "mezu, eraso, jazarpen eta identifikazio arrazistak; sektore zaurgarrien aurkako kriminalizazioa; euskarafobia; transfobia; homofobia eta lesbofobia". Horren aurrean saretzera deitu, eta mezu eta jarrera horiei “espazio txikiena” ere ezin zaiela utzi – “are gutxiago herriko plazak”– aldarrikatu dute.

Horrez gain, Ertzaintzak iragan ostiralean jarrera “beldurgarria” izan zuela salatu dute. Alderdi ultraeskuindarra babesteaz gain, herritarren kontra oldartu zen Polizia, borrakadaka eta pilotakadaka. “Protestan izan ala ez, guztien kontra jo zuten, modu itsuan eta basatian”. Zaurituei elkartasuna adierazi diete. Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete ostiralean "Lasarte-Oria Antifaxista" lelopean eginiko deialdira gerturatu ziren guztiei.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antifaxismoa
2025eko urriaren 13
Espainia

Eguneraketa berriak daude