Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan

@EFF_FVF

2018ko urriaren 21an

15.132 ikusle bildu ziren urriaren 12an Gasteizko Mendizorrotza futbol estadioan, Euskal selekzioak duela bi urte San Mamesen jokatutako partidan bezainbeste. Orduko hartan baino giro askoz ere hobea zegoen halere harmailetan, nabarmen biziago zeuden animoak. Txaloak beraz zaleentzat, duela bi urte hilzorian ikusten genuen proiektuarekiko ilusioa pizteagatik.

Venezuelaren aurkakoa FIFA datetan jokatu da, eta horrek ere lagundu du, oihartzun handiagoa lortzeaz gain, bide ematen duelako aurkari indartsuagoen aurka jokatzeko eta erakusteko Euskal selekzioa gai dela eurei irabazteko.

Izan da, dena den, nabarmendu dutenak zale batzuen “jarrera gaitzesgarria”, tartean hainbat hedabidek, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere, txio pare batean: “Harmailak ia beteta. Lastima batzuek erakusten duten errespetu falta. Lan asko egin beharko da nazioartean onar gaitzaten eta jokabide batzuek ez dute laguntzen. Eskerrak jokalariei [1]. Ez dut gogoko Euskal Selekzioa aldarrikatzeko Espainiako banderak erretzea, arerio politikoa iraintzea, gure ikurrak ez errespetatzea, Ajuria Eneara petardoak botatzea eta kirolarekin zerikusirik ez duten kontuak kirol aldarriekin nahastea [2]”.

Ez, mesedez, ez dut gehiago entzun nahi politika eta kirola ez direla nahasi behar. Ez dugu berriro azalduko lelo horrek ezkutatzen duen mezu/borondate engainagarria. Horren ordez, administrazioak azaldu beharko luke zer egin eta egingo duen euskal selekzioa ofiziala izan dadin. Agian sukalde-lan gogor eta zikinetan dabiltza murgilduta (FIFA datetan jokatzea ahalbidetu izanak demostratuko lukeena neurri batean), baina ematen duen itxura da ez dela nahikoa egiten.

Jon Redondok, Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, urte hasieran Diario Vascok plazaratutako elkarrizketan zioen Gabonetako partidek ez dutela zentzurik, eta administrazioak ez duela horretara bueltatzeko asmorik. Bost nazioen balizko txapelketaz mintzo zen, eta adierazi zuen nazioartearen aitortza lortzeko “herrialde serioa garela eta talde indartsua dugula” erakustea ezinbestekoa dela, eta Euskal Federazioari dagokiola nazioartekoari eskatzea barnean hartzeko.

Ez da bide samurra, ertz ugari baititu auziak, Mendizorrotzara joan ziren Nafarroako zaleek Arabara sartzean ikusi zuten “Euskadi” ongietorri kartelak azaleratzen duen moduan, baina, partida irabazteko ez da nahikoa jokalariek golak sartzearekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Espainiako selekzioetan parte hartu ala ez erabaki ahal izango dute kirolariek

Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


2022-11-03 | ARGIA
Espainiako selekzioaren deialdiei uko egiten dieten kirolari eta klubak zigortuko ditu Kirol Lege berriak

Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]


Eguneraketa berriak daude