Arabako Errioxako mahats-bilketa festaren karietara, irailaren 15ean Bilarren egin zen bertso poteoaren kronika. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta.
“Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz”, bota zuen aspaldi Maialen Lujanbiok gobaradun amonen bertso antologikoan; ertz horietako bat Arabako Errioxa dugu. Periferia geografikoa izateaz gain, urtetan periferikoak sentitu izan gara hainbat arlotan, ardogintzaren salbuespenarekin.
Badira hogeita bost urte irailaren erdialdean ospatzen dela Arabako Errioxako mahats-bilketa festa. Aurten Sorginetxe trikuharria dagoen Bilar herriko biztanleei egokitu zaie antolatzea eta ardoaren inguruko jaiaren bueltan Maialen Lujanbio aukeratu dute pregoilari. Maridaje ona sorginak, bertsoa eta ardoa.
Egun handiaren bezperan Errioxa aldeko Txandrio bertso eskolak antolatutako eguerdiko bertso-poteoa izan zen. Maialen Lujanbiorekin batera, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta txandriotarrak izan ziren bertsokide.
Plazan, Harantz Honantz-Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko txoznan hirurogei bat lagun adi-adi trikiti doinuen ostean zetorrenari. Saio “intimoa” izan behar zena intimitate masiboa bihurtu zen. Eguzkiak ere ez zuen aukerarik galdu nahi izan laukoteak egindako zortziko nagusiko agurrak dastatzeko. Segidan etorriko ziren koplen erritmo biziak irriñoren bat marraztu zuen zalearen ahoan. Ardoa, sorginak, enologia masterrak eta euskara aireratu zituzten bertsolariek. Eta opariak heldu zitzaizkion bertsoen sorginari: abuztuan egindako bisitan botatako bertsoa larruzko pergaminoan tatuatu zuten herriko sorginek eta txandriotarrok ere zapi ederra eskaini genion, “eskerrik asko, Maialen”.
Motorrak bero-bero heldu zen kuadrilla handia jubilatuen tabernara. Bertan, zortziko txikian zaharren txoko kuttuna gaztetxe eta euskaldunen kluba bihurtu zen, baita txalo zaparraden artean, giro bero, gazte eta euskaldunean Lujanbiok egindako aitortza: “...hola bada banator / hona bizitzera”. Igerilekuko tabernan eman zitzaion saioari bukaera zortziko txikian eta puntuka aritu ziren, “erreak” “ege” bihurtuz eta zaleari merezitako agurra emanez.
Igandean, jai erraldoiaren egunean, inoiz bazter hauetan entzun den pregoirik ederrena entzun zen; bertsotan eta euskaraz. Ondo jositako metaforak, jota doinuak tartekatuta. Bihotzean iltzatzen diren bertsoak, erre ez zituzten sorginen ondorengoek zinez eskertutako emozio sorta. Bertoko zein bertaratutakoen artean bizipoza nagusi eta akelarrea zuzentzen ari zen dama beltzaren begietan ere distira.
Euskaraldia heltzear dagoen udazkenari begira, Arabako Errioxan belarri-prest eta aho-biziak mendiko onddoak lez agertuko direlakoan gaude, euskara plazara atera eta hitzekin jolastea bezalakorik ez dago. Ardoa, bertsoa eta sorginen herrian, gora kopak!
Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]
“Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.
Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.
Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.
Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.
Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]
Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.