Bakearen nahi eta ezina

  • Bake akordioen ondorenean bizi da Kolonbia, bake osora iritsi nahi eta ezinean. Herrialdeak normaltasun itxura eskaintzeko ahaleginean dihardu, baina indarkeria gorde du oraindik barrenean. Hitzarmenak betetzeko zailtasunei, negoziazioen aurkari nagusi izan den uribismoaren itzulera gehitu behar zaie orain, Ivan Duque presidente berriaren eskutik. Momentuz, agindu du ez duela bake akordioa “birrinduko”, baina aldaketak aurreikusi ditu.

Mende erdi batez luzatu den gerraren ehunka testigantza bildu ditu Medellingo Memoriaren Etxeak. Argazkia: Ander Perez
Mende erdi batez luzatu den gerraren ehunka testigantza bildu ditu Medellingo Memoriaren Etxeak. Argazkia: Ander Perez

Medellingo Memoriaren Etxeko paretan, eraikinera sartu eta berehala, bisitariarentzako ohartarazpen kutsuz mintzo da testu bat: “Ez dago egia bat. Ez dago historia osorik. Norberak kontatzen du, bere ikuspegitik, izandako rola. Eta elkar gurutzatzean eraldatzen dira kontakizunak, aberastuz eta korapilatuz”. Hitz gutxitan, izan liteke hori Kolonbia osoaren metafora. Gurutzatzen baitira bere geografian istorio eta historia ezberdinak, bertsio kontrajarriak, bandoak eta lubakiak, norbere ahots eta kontakizunez, elkar katramilatuz eta nahastuz, bake izan nahi duen egoera berri horretan. Sartu liteke Kolonbia osoa Medellingo lau paretetan.

Museoa da Memoriaren Etxea, baina dokumentazio gune bezala ere dihardu: ehunka testigantza eta ahots biltzen ditu, mende erdi luzeko gerraren lekuko gisara. Panel eta pantailetako zifrak, nonbait, “osatu gabeak” dira, eta horregatik, zenbakiak baino, biktimen hitzak eta irudiak mintzo dira ozenen museoan, eta hotzikara eragiten dute. Bisitaria, babesgabe, hilketek, bortxaketek, desagerpenek, torturek, mehatxuek eta beldurrak osatzen duten anabasaren erdian erortzen da. Horregatik dio han askotan izan den batek: “Sarri ikusi dut jendea negar malkotan, museotik ateratzean”.

Kontaketa bateraturik ez badago ere, oro har onartua dago zortzi milioi inguru direla 60 urtetako gatazkak utzitako biktimak. Horietatik, 250.000 inguru lirateke hildakoak, 50.000 desagertuak, eta zazpi milioi, gutxi gora behera, indarkeriaren ondorioz euren etxea utzi behar izan zutenak.

Errealitate horiek denek dute tokia Medellingo zentroan, eta agertzen dira biktimen kontakizun lazgarrietan, argazkietan, egunkari-zatietan. Aretoko bideo batean, ordea, bira eman du bat-batean sentsazio orokorrak: elkar besarkatuz ageri dira herritarrak, barre algaraz, pozarren negarrez baten bat, jauzi alaietan bestea. 2016ko irailaren 26koak dira irudiak, Cartagenan jasoak. Kameraren fokua herritarrengandik aldentzean agertzen dira pantailan Juan Manuel Santos presidentea eta Rodrigo Londoño Timochenko FARC-EP gerrillaren buruzagia, alkandora zuriz biak, bolaluma eskutan, bake akordioa sinatzen.

Medellingo Memoriaren Etxea. Argazkia: Ander Perez

Keinu horren ondorenean bizi da egungo Kolonbia. Urtetako negoziaketen ostean gobernuak eta Latinoamerika osoko gerrilla esanguratsuenak lortutako hitzarmenak esperantza eraman zuen herrialdera. Ilusioak astebete iraun zuen, Cartagenako sinaduratik egun gutxitara egindako erreferendumean, kolonbiarren %50,21ek baztertu baitzuen Habanako akordioa. Hamarreko gutxi batzuek eman zioten garaipena ezezkoari. Santosek, hala ere, aldaketa txiki batzuk egin, eta indarrean mantendu zituen akordioak. Galdeketak, edonola, argi erakutsi zuen herrialdearen zatiketa, eta bake akordioak, aurrera egitekotan, topatuko zituen oztopoen tamaina agerrarazi zuen.

Akordioak betetzeko zailtasunak
Bost puntu nagusik osatzen dute Habanako hitzarmena: nekazaritza erreforma, parte hartze politikoa, gatazka armatuaren amaiera, droga laborantzen ordezkapena eta biktimentzako erreparazioa eta justizia.

Lehenengoak, lurraren jabetzari dagokionak, Kolonbiako Gobernuak bake prozesuari esleitutako aurrekontuaren %85 pilatzen du, huraxe baita teknikoki zailtasun handienetakoak dakartzana. Kalkuluen arabera, estatuak 230.000 familiari itzuli beharko lizkioke lurrak, desplazatutako herritarrak etxera itzularaziz. Lurren jabetza argitzeak, ordea, anabasa juridiko eta burokratiko handia dakar, eta ikaragarri mantso doa prozesua. Eta okerrago dena: egoerak lurren inguruko gatazkak areagotu ditu; 2016 eta 2018 bitartean, berrehundik gora herri mugimenduko militante hil dituzte: gehienak, lur banaketa justuaren aldeko zein legez kanpoko meatzaritzaren aurkako aktibistak ziren.

"Hilko gaituen gerrarik ez, zapalduko gaituen bakerik ez" leloa Medellingo Memoriaren Etxean. Argazkia: Ander Perez

FARCen desmobilizazioak, gainera, botere lehia eragin du gerrillak orain arte kontrolatutako eremuetan. ELN gerrillak –gobernuarekin bake negoziaketa gorabeheratsuetan ari dena–, paramilitarrek eta droga trafikoarekin lotutako taldeek dihardute, nor baino nor, eremu horien jabe izateko talkan.

Egoerak, bide batez esanda, are gehiago zailtzen du bake akordioaren laugarren puntua, droga laborantzen ordezkapenari dagokiona. Kokainaren negozioa Kolonbiak bizi duen gatazkaren ardatzetako bat izan da historikoki. Bake hitzarmenaren bitartez, Estatuak koka-landareen ekoizpenean aritutako nekazariei laguntzak emateko konpromisoa hartu zuen, azken hauek laborantza ordezkatu eta bestelako laboreak landu zitzaten. Laguntzak, ordea, mantso iristen dira, edo ez dira iristen, eta ordezkapenaren alde aritzen diren nekazal buruzagiak narkotrafikatzaileen eta paramilitarren armak dituzte aurrez aurre.

Parte hartze politikoaren aldeko puntuak erakundeetara eraman du FARC gerrilla zena, armak utzita baina siglak mantenduta, alderdi politiko gisara. Lehen parte hartze legalak, halere, argi utzi du gizartean duen babes falta. Bake akordioaren ondorioz, gerrillari ohiek hamar eserleku dituzte zuzenean parlamentuan –bost ordezkarien ganberan, eta beste bost senatuan–. Pasa den martxoan egindako hauteskunde legegileetara, ordea, ordezkaritza hori zabaltzeko helburuz aurkeztu ziren FARCeko kideak. Alferrik: alderdiak botoen %0,34 baino ez zuen eskuratu. Hortik gutxira, presidentetzarako hauteskundeetan parte ez hartzea erabaki zuten, kanpainan jasotako erasoak eta Timochenko hautagaiaren osasun egoera makala arrazoituta.

Edonola, bake akordioen hirugarren eta bosgarren puntuek eragin dute erantzun biziena. Gatazkaren amaierari dagokion atalak bi aldeetako su etenari, desmobilizazioari eta armagabetzeari egiten die erreferentzia. Biktimen erreparazioaren puntuak, aldiz, justizia trantsizionala deitu denarekin eta egia guztia azaleratzeko sortutako batzordeekin du zerikusia. Bi horietan, estatuaren amore ematea eta gerrillarientzako inpunitatea ikusi dute Kolonbiako sektore kontserbadoreenek. Egiaren batzordeak, gainera, batzuk urduritu ditu, Estatuaren gehiegikeriak azaleratu ditzakeelakoan. Horregatik guztiagatik hartu zuen uribismoak bake akordioen aurkako lidergoa. Ordura arte ezezagun zen batek gidatu zuen oposizioa. Ivan Duque zuen izena.

Argazkia: Friends of Medellin.

Duque, uribismoaren itzulera
Ekainaren 17an egin berri da Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta, emaitzak eskuetan, Ivan Duque Centro Democratico alderdiko hautagaia izango da errepublikako presidentea. Eskuindarrak ez du ibilbide luzea, baina Alvaro Uribe presidente ohiak babestutako hautagaia izateak parez pare ireki dizkio aginterako ateak. Uribismoa buruzagi ohiaren inguruan sortutako mugimendu politiko indartsua da, eskuineko sektoreak eta elite ekonomikoak biltzen dituena. Bere agintaldian gerrillen aurka agindutako errepresio gogorrak sona eman zion Uriberi Kolonbiako gizartearen sektore zabaletan, baina politika horrek berak erabateko arbuioa ekarri zion beste batzuetan. Asko dira giza eskubideen urraketekin –tartean, gerrillari bezala aurkeztutako zibilen hilketak– eta narkotrafikoarekin lotzen duten ahotsak.

Uribismoak, ordea, sendo dagoela erakutsi du, bere hautagaia herrialdeko presidentetzan jarrita. Orain, bake akordioekin zer egingo duen ikusteke dago. Hitzarmenaren aurkako ahots sendotzat eman zuen Duquek bere burua ezagutzera, baina diskurtsoa leunduz joan da azkenaldian. Presidentetza eskuratuta, “moldaketak” agindu ditu, eta  “kolonbiar guztientzako bakea” eraikiko duela. Hala ere, argi utzi nahi izan du ez duela bake hitzarmena “birrinduko”, eta bada zerbait: bere gorabeherekin, bake nahia hain sendo errotu da kolonbiar gizartean, ezen sektorerik erreakzionarioenak ere ezin baitu haren aurka kokatu.

Edonola ere, ez dago dudarik: Duqueren garaipena, bultzada baino gehiago, beste oztopo bat izango da orain arte hauskor ibili den bake prozesuarentzat. Zailtasun teknikoei, borondate politiko mugatuari eta desagertzen ez den indarkeriari beste elementu bat gehituko zaio aurrerantzean: uribismoaren itzulera, zortzi urte eta gero.

Gustavo Petroren hitzartzea hauteskundeetako ekitaldi batean. Argazkia: Noticias de Bariloche

Ezkerra, inoiz baino sendoago
Hauteskunde eguna Santa Martan. Karibeko kostaldeko hirugarren hirian, hauteskundeetako lehen itzulian, botoa ematen ari dira herritarrak. Erdigunetik gertu, kanpainarako atondutako lokalean, bozkaketen jarraipenean ari dira Kolonbia Humanako kideak. Gustavo Petro ezkerreko hautagaiaren inguruan antolatutako koalizioan ilusioz bizi dute eguna. Tokiko kanpainako koordinatzaileak –nahiago du izena gorde, erasoen beldur– argi du apustua: “Petrorena da programarik onena, bai hezkuntzan, bai osasunean, baita ekonomian edota aldaketa klimatikoaren aurka ere. Bera da alternatiba. Bakearen bultzatzailea da, eta jendeak aukerak izan ditzala nahi du, jendeak aukerarik ez duen bitartean beti egonen baitira gerra eta indarkeria”.

Petrok ez du presidentetza eskuratu, baina ezkerreko hautagai batek inoiz izandako emaitzarik onenak lortu ditu. Estu pasa zen bigarren itzulira, baina buruz burukoan ia bikoiztu ditu botoak, zortzi milioiko langa gaindituz (%41,81). Emaitza historikoa da: konparaziorako, Santosek boto gutxiagorekin lortu zuen bere bigarren agintaldia. Eta, orain gutxira arte, inork ez luke ezkerrarengandik halakorik espero.

Kolonbiako ezkerrak, izan ere, ez du sekula erraz izan. Hainbat dira arrazoiak. Gerrillen jardunak, batetik, itzala egin dio beti ezker zibilari, eta talde armatuen estigma bizkarrean hartuta aritu dira politikan ezkerreko alderdiak. Venezuelako gertutasunak, gainera, etsai perfektua eraikitzeko aukera eman dio eskuinari, sistema bolibartarra gaitz guztien iturritzat aurkeztuz, eta Kolonbiako ezkerra, zuzenean, ondoko herrialdearekin lotuz. Gizarte kontserbadorea da gainera kolonbiarra, elizkoia eta tradizioari lotua, eta horrek zaildu du politika aurrerakoien defentsa. Eta, hala ere, oztopo guztiei aurre egin eta sendo agertu denean, estatuaren errepresioarekin eta paramilitarismoaren indarkeriarekin egin du topo ezkerrak. Hautagai aurrerakoien hilketak (Jorge Eliecer Gaitan, Luis Carlos Galan, Jaime Pardo Leal...) eta Union Patriotica alderdiaren aurkako sarraskia –ia 5.000 militante hil zituzten 1980 eta 1990eko hamarkadetan– dira ezkerraren aurkako jazarpen horren adibide gorenak.

Petro hautagaiaren aldeko hauteskunde ekitaldia Bogotan. Argazkia: Ander Perez

Gustavo Petrok oztopo horiei guztiei egin die aurre. M-19 gerrillako kide ohia izanda, etengabeak izan dira haren kontrako kritikak, ezkerra eta gerrilla lotu nahi izan dituztenen ahotik. Bestalde, Venezuelako eredua Kolonbiara eraman nahi izana leporatu diote arerioek, ondoko herrialdetik milaka venezuelar iristen diren garaian.

Eta, hala ere, hautagaitza sendoa osatzea lortu du Bogotako alkate izandakoak. Justizia soziala eta aberastasunaren banaketa oinarrian jarri ditu Petrok, desberdintasun sozial handienetakoak dituen herrialdean, eta bake akordioen defentsa aginduta, bere aldera ekarri du 2016ko plebiszituan bake prozesuaren alde bozkatu zutenetako asko. Gainera, ustelkeria gogor salatu eta sistema demokratikoaren berritzea aldarrikatu ditu, aldaketa desiraz bizi direnen hautagai bihurtuz. Azkenean, Duquek baino bi milioi boto gutxiago eskuratu ditu Petrok, baina ezkerra inoizko posiziorik onenean utzi du, sistema politikoan eragiteko eta datozen hauteskundeetan protagonista izateko aukera nabarmenekin. Momentuz, oposizio gogorra agindu du hautagaiak, bai erakundeetan, baita kalean ere. Eta mezu argia luzatu dio uribismoari: “Bozkatu gaituzten zortzi milioiek ez dute onartuko gerrara itzularaztea”.

Postalak gordetzen duena
Santa Martatik oso gertu, Sierra Nevadako aldapetan zintzilik, kostako berotik ihesi doazenak jasotzen ditu Mincak. Turismo gune garrantzitsua bilakatu da urte gutxitan. Ostatuak dira herriko etxe gehienak, eta bilatzen ez duenak ez du iraganarekiko arrastorik aurkituko. Orain urte gutxira arte, ordea, paramilitarrak ziren herrian jaun eta jabe. Nekazarien lurrak bereganatuz sartu ziren herrira, agintea ezarriz, eta aurre egiten zietenak akabatuz. Iluntzero, oihaneko behe-lainoa hedatzen denean, oihal zuri batek estalita ageri da Minca. Iraganetik ere babestuko balu bezala da.

Antzera gertatzen da Kolonbiako beste hainbat tokitan ere: gatazkaz ez da hitz egiten, agian ahazteko nahiagatik, agian oraindik ezin delako. Herrialdeak bake egoera erlatiboa baliatu du bisitari kopurua hazteko, eta turismo potentzia bihurtzeko bidean da. Ustezko normaltasun lainoak gertatu dena estaltzea, hori da arriskua. Egia galtzea postalaren atzean.

Akaso horregatik, metro luzetako esaldi bat da bisitariak, Medellingo Bakearen Etxetik atera aurretik, irakurtzen duen azkena: “Hilko gaituen gerrarik ez, ezta zapalduko gaituen bakerik ere”. Gogorarazi nahian, nolabait, bakea ez dela gerra eza, edo bakerik ez dela izango gerrara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitu bitartean. Memoria, behintzat, badago. Izen hori darama Medellingo eraikinak. Eta herrialde oso bat kabitzen da barruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbiako bake prozesua
2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-05-29 | Xuban Zubiria
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]


2021-05-19 | ARGIA
Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohia hil dute Kolonbian

Venezuelako mugan Kolonbiako Armadak egindako segada batean hil dutela adierazi du FARC-Segunda Marquetalia izeneko taldeak, FARC-EPk bultzatzen duen bake prozesutik aldendu eta gerrila borrokara itzuli den talde armatuak.


Eguneraketa berriak daude