Bizitza, justizia eta bakearen alde errepideak moztu dituzte 15 egunez Kolonbiako hego-mendebaldeko indigenek

  • Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizatu eta errepideak moztu dituzte, hainbat nekazari elkarte eta mugimendu sozial eta zibilekin batera. Poliziarekin izandako istiluetan 10 lagun hil eta dozenaka zauritu izan dira. Andoni Barreña eta Julen Larrañaga Garabideko kideak han dira eta gertatutakoaren berri eman dute.

Argazki guztiak: Berta Camprubi

Ez da lehen aldia indigenek herrialdeko errepideak mozten dituztela. Azkena 2016an Juan Manuel Santos presidente zela 13 egunez izan zituzten Kolonbiako hego-mendebaldeko errepide nagusiak itxita. Ordukoan Santosekin hainbat akordio sinatzea lortu zuten, gerora baina akordio horiek ez dira bete eta ezer ezean geratu dira.

Aurreko gobernuekin sinatutako 1.200 akordio inguru eta bake prozesuan hitz emandakoak errealitate bihur daitezen ari dira borrokan martxoaren 10etik Cauca eskualdean. Ivan Duque presidentearekin hainbat aldiz saiatu da negoziatzen mugimendu indigena, baina emaitzarik lortu gabe. Hauteskunde kanpainan bake prozesuaren aurka lerrokatu zen Duque eta aurreko gobernuak hartutako konpromisoak ez zituela errespetatuko adierazi zuen. Diskurtso eskuindarrarekin, eta Uriberen besoetakoa izanik, lortu zuen Kolonbiako estatuaren presidentetza 2018ko ekainean. Bere agintaldiaren lehen 100 egunetan 118 lider sozial eta agintari indigena hil dituzte.

Ivan Duquerekin izandako negoziazio saiakerek porrot egin ondoren eman zion ultimatuma mugimendu indigenak gobernuari: Duquek berak gidatu beharreko ordezkaritza batekin negoziazioak hasi ala mingarako deia. Negoziatzen hasteko nahitaezko baldintza zen, eta izaten jarraitzen du, Duque presidentearen presentzia. Azken momentuan Caldonon bildutako milaka indigenen aurrean eman zuen berria Nancy Patricia Gutierrez Kolonbiako Barne Ministroak: “Agenda arazoak direla eta, ezinezkoa da (Duque) etortzea”. Minutu batzuk geroago ekin zioten errepideak harri sendoz eta botatako zuhaitzez betetzeari.

Geroztik Kolonbiako hego-mendebaldeko korridorea itxita dago. Panamerikana errepidearen 15 kilometro inguru dauzkate blokeatuta matxinatuek eta hainbat kanpaleku antolatu dute errepideen inguruetan. Ekuadorrekin lotzen duen komunikazioa moztuta dago eta hainbat hiri hasi dira blokeoaren ondorioak pairatzen: erregai eza, espekulazioak gora egin du neurri gabe, eta elikagaiak ere falta dira.

Kamioi ilara amaigabeen irudiekin batera gerra irudiak datoz. SMAD istiluen aurkako Poliziarekin enfrentamendu gogorrak ari dira izaten indigenak. Poliziak, gas negar eragilea eta ur tankeak erabiltzeaz gain, balak ere erabiltzen ari direla salatu du CRIC mugimendu indigenaren federazioak eta hainbat direla balez zauritutako kideak. Guardia Indigenako zortzi kide eta ikasle bat hil dituzte eta beste hiru larri zauritu leherketa batean martxoaren 21ean. Ozeano Barean dagoen Buenaventura portura (Kolonbiako garrantzitsuenetakoa) bidea mozteko prestaketa lanetan ari ziren, oraindik argitzeke dagoen gertakari horretan.

Animoak hala ere goian jarraitzen du mingan eta Duque lehen baino lehen azalduko dela ziur daude indigenak. Lasaitasun momentuak futbol partida inprobisatuak eta musika saioak antolatuz pasatzen dituzte, besteak beste. Hainbeste egunetako borrokarekin nekatuta daudenak etxera doaz indarrak berreskuratzera eta bitartean errelebo sendoek hartzen dute lekukoa. Behin eta berriro errepikatzen dute haien borrokak herrialde osoari eragiten dion borroka dela. Ama lurraren defentsa, bizitza, demokrazia, justizia eta bakea bezalako eskubideek denei zuzenean eragiten baitiete.

Kolonbiako etorkizun hurbilaz haratago asko dago jokoan bi indarren arteko borroka honetan. Indigenek negoziatzea lortu eta haienak diren eskubideak bermatzea lortuko balute, Kolonbiako eskuinaren oinarri itxuraz sendoetan arrakalak agertuko lirateke, baina mingak porrot egingo balu erresistentziarako eta mobilizaziorako gaitasun handiena duen agentearen mugak azaleratuko lirateke.

Bitartean, Barne Ministroarekin negoziatzen jarraitzen dute presidentearen etorrera. Venezuelara begira dagoen presidenteari etxera ere begiratzeko exijitzen diote indigenek. Atzerrira “giza laguntza” bidaltzen duenak errepresioaren aurpegirik gordinena eskaintzen die etxekoei.

Kilometro gutxitara dagoen Venezuelan balitz minga hau, zenbat albistegi ez ote zituen zabalduko?

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude