FARCeko buruzagi Jesus Santrich aske utzi dute

  • FARC alderdiko burua ostegunean utzi du libre Kolonbiako Epaitegi Gorenak. AEBetako epaile batek narkotrafikoa egotzita urtebete preso izan da. Bake Akordioak kinka larrian jarraitzen du, eta FARC barnean tentsioak handiak dira.

     


2019ko maiatzaren 31n - 10:08
Zeresana eman du Santrichen itzulera ospatzen ari direnetako pertsona batek ETAren elastikoa soinean eramateak. Argazkia: El Tiempo; @CesmelA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Libre da Jesus Santrich, FARC alderdiaren buru nagusietakoa eta Kolonbiako Legebiltzarreko parlamentaria. Epaitegi Gorenak agindu du aske uztea, fiskaltzaren irizpidearen aurka. Kargua formalki hartu ez badu ere –espetxeratua egonagatik– Santrich parlamentaria dela ebatzi du Gorenak. Foruduna dela, hortaz, eta Gorenak berak epaitu behar duela egozten zaizkion delituengatik.

Partida luze baten azken mugimendua da, oraingoz, Santrichen askatzea. 2018ko apirilaren 9an sartu zuten preso gerrillari ohia AEBetako epaile baten eskariz. Hamar tona kokainako bidalketa batekin zerikusia izatea leporatzen diote AEBek. Bake Akordioak sinatu ostean egindako delitua, ustez. Santrichek dena ukatu du hasieratik, eta espetxean gose greba luzea burutu zuen, bere bizitza arriskuan jarri zuena. Maiatzaren 15ean, Bake Akordioen ondorioz sortutako Bakerako Justizia Bereziak Santrich libre uztea agindu zuen. Bake Akordioetan adostutako puntuetako bat estraditatua ez izateko bermea da. Ivan Duque Kolobiako presidenteak erabakiarren aurka agertu zen, eta Justizia Ministroak dimisioa aurkeztu zuen protesta modura, besteak beste. Bi egun geroago, libre geratu berri eta espetxearen atarian bertan, fiskaltzaren agindu batekin berriz ere preso sartu zuten Santrich. Orain libre da, Epaitegi Gorenak aginduta.

FARC alderdiak hasieratik defendatu du Santrichen errugabetasuna, eta akusazioa Bake Akordioen aurkako erasoa dela salatu du. Egin dituen lehendabiziko adierazpenetan, errugabetasunean berretsi du Santrichek. Bake Akordioekin konpromiso osoa mantentzen duela adierazi du, eta Bakerako Justizia Bereziarekin kolaboratzen jarraitzeko prestutasuna agertu du. Leporatzen zaion droga trafikoa ukatu du, polemika piztu duen ondoko adierazpenekin: “Narkotrafikoa egozten didaten horien sudurretatik kokaina gehiago pasa da nire eskuetatik baino”.

Santrich: “Narkotrafikoa egozten didaten horien sudurretatik kokaina gehiago pasa da nire eskuetatik baino”.

Bake Akordioak kinkan, barne liskarrak FARCen

Santrichen ingurukoak ez dira gertaera isolatuak. FARCek eta Kolonbiako Estatuak Habanan sinatutako Bake Akordioak kinka larrian daude aspaldi. Akordioetako puntu ekonomiko, politiko edo sozial asko bete gabe jarraitzen du Estatuak. 2016ko azaroan sinatu zirenetik 129 gerrillari ohi eta hamarnaka ekintzaile sozial, sindikal eta indigena hil dituzte. New York Times aldizkariak salatu du Duqueren gobernupean hildako pertsona kopuruaren araberako ordainsariak ematen zaizkiela militarrei, eraginkortasun irudia sustatzeko. Uriberen garaiko "positibo faltsuen" antzera.

FARC barruan tentsioak eta jarrera kontrajarriak piztu ditu egoera politikoak. FARCeko arduradun nagusietako batzuk klandestinitatera pasa dira, bizitza arriskuan dutela salatuta. Tartean Ivan Marquez, Habanako negoziazio prozesuan FARCeko delegazioko burua izan zena. Maiatzaren 20an idatzi publikoa argitaratu dute, gerrilla garaiko zenbait komandanterekin batera. “Estatu iruzurti” baten aurrean armak bermerik gabe uztea “akats larria” izan zela adierazi dute, eta hori egiteagatik barkamenak eskatu diete gerrillari ohi guztiei. Akordioen ondorioz sortu zen FARC alderdiko presidente Timochenkok gogor kritikatu du Marquez gutun horrengatik, FARC barneko haustura publikoki irudikatuz.

Santrichek FARC alderdiaren egoitzara jo du libre geratu eta jarraian. Timochenko ez zen bertaratutakoen artean. Egoitzan egin dituen adierazpenetan, Marquez eta klandestinitatean dauden gainontzeko kideak Bake Akordioen barnean kokatu ditu. Marquezi “bakearen alde egiteko aukera izan dezan bermeak ematen” saiatuko dela adierazi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbiako bake prozesua
2022ko maiatzaren 24
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

2020ko martxoaren 24
Johana Acosta, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko (ACIN) kidea
"Ama Lurraren askapena da gure borroka nagusia, konkistan kendu zizkiguten lurrak berreskuratzen ari gara"

2019ko uztailaren 24
Lina Arregoces. Kolonbiako FARC alderdiko bozeramailea Venezuelan
"Habanako akordioak aldarrikatu behar dira, ez bakea"

2019ko urtarrilaren 9
Rodrigo Londoño Etxeberri 'Timochenko'
"Bagenekien armak utzi ostean ere borrokan jarraitu beharko genuela"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.