"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

  • Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen duen biografia da. Hauteskunde presidentzialen atarian (maiatzaren 29an lehen itzulia eta ekainaren 19an bigarrena), liburuaren egile Alexander Ugalderekin (EHU) eta protagonista Albertorekin bildu gara liburuaz eta herrialdearen gaurkotasunaz hausnartzeko.

Alberto Pinzón. / Argazkia: Freytter elkartea.

Kolonbia joan eta etorri egiten da titularretatik, baina herrialdeak bizi duen salbuespen egoerak bere horretan dirau. Hori izan da liburua egitearen arrazoia?
Alexander Ugalde: Kolonbia sakon aztertzea baino, gure asmoa zen Albertoren izatea balioan jarriko zuen lan biografikoa egitea, eta hein batean lortu dugu. 1945ean Kolonbian jaio zenetik 2002an Alemaniara ihes egin zuen arte herrialdean gertatu zenak zipriztintzen du liburua. Deskribatutako egoera pertsonal bakoitzean, Kolonbian eta batzuetan Amerikan gertatzen ari zena testuinguruan kokatu behar izan dugu. Emaitza testu misto bat da, Albertoren biografia eta haren ingurunea deskribatzeko saiakera uztartzen dituena.

Alberto, zu Bogotan jaio zinen, 1945. urtean. “Indarkeriaren garaia” gisa ezagutzen dira urte haiek. Baina indarkeria ez da inoiz desagertu.
Alberto Pinzón:
Indarkeria politikoak maldizio garciamarquianoa zirudien orduan, eta hala dirudi oraindik ere. XIX. mendean Kolonbiak bederatzi gerra zibil biparditista sufritu zituen. XX. mendea bide beretik hasi zen, eta milaka hildako utzi zituzten liberalen eta kontserbadoreen arteko gudek. Boterea hartzen zuen alderdiak galtzailea zapaltzen zuen sistematikoki. Horregatik deitu zitzaien urte haiei “indarkeriaren garaia”. 1957an aldatu zen hori, bi aldeek Fronte Nazionala eratu zutenean.

Errepresioak eta miseriak jarraitu zuten, ordea. Hamarkada bat geroago gatazka kolorez aldatu zen. Jada ez zen liberalen eta kontserbadoreen arteko guda fratrizida, baizik eta, miseriari eta lur-jabe handien errepresioari aurre egiteko, ikuspegi marxista iraultzailea zuten hiru gerrillak estatuari deklaratu zioten gerra.

Antropologia ikasketak egin zenituen Bogotako unibertsitatean. Gazte murgildu zinen Kolonbiako alderdi komunistaren gazterietan. Orduan ezagutu zenuen Guillermo León Sáenz. Militantzia laguna, geroago FARC-EP gerrillaren komandantea bilakatuko zena.
A. Pinzón:
Gazteak ginen eta eferbeszentzia politikoa bizi zuen herrialdeak. Unibertsitatean denetik zegoen: sozialismoaren aldeko kristauak, troskistak, maoistak, anarkistak... Ni, baina, mugimendu komunistan murgildu nintzen. Helburuak lortzeko borroka armatua erabiltzeari buruzkoa zen orduko eztabaida nagusia.

Atmosfera hartan ezagutu nuen Guillermo. Hasieratik laguntasun pertsonal, militante eta akademiko handia garatu genuen. Hala sortu genuen unibertsitate mailako Rojo aldizkaria. Ezkerreko gure aurkari ideologikoek berehala erosten zuten, gure tesiei aurka egiteko. Hainbat eztabaida eta hausnarketa plazaratzeko balio izan zigun. Baina bide desberdinak hartu genituen ostean. Ni politikatik urrundu nintzen, medikuntzako ikasketak amaituta gaztetako bokazioari ekiteko. Bistan da Guillermok beste bide bat hartu zuela.

Alberto Pinzón: "Botere Blokeak ez dit inoiz barkatu soluziobide politikoaren alde egindako lana"

1986an Bogotan mediku lanetan ari zinela Guillermoren mezu bat jaso zenuen. Sumapazeko mendietan elkartu zinen berarekin, FARC-EP gerrillak Belisario Betancurtek zuzentzen zuen gobernuarekin zituen bake elkarrizketen baitan.
A. Pinzón:
Eskaerari baiezkoa ematea nire lagun eta burkidearekiko konpromisoa hartzea izan zen. Sumapaz inguruetan zegoen Casa Verde gerrillaren gotorlekuan topatu genuen elkar, eta bi aste gelditu nintzen bertan. Egun haietan aitortu zidan ezkerreko sektore askok bizkarra emana ziotela gerrillari. Soluzio politiko bat bilatzeko aukeren gainean hausnartu genuen. Baina gauzak ez ziren nahi bezala gertatu: 1990. urtean Cesar Gabiria presidente aukeratu berriak Kolonbia Operazioa jarri zuen martxan Casa Verde eta FARC-EPren komandantzia suntsitzeko. Halere, bake saiakera hark baldintzak sortu zituen Unión Patriotica mugimendua indartzeko.

Estatu aparatuek berehala egin zuten Unión Patrioticaren aurka. Giro nahasi hartan Andres Pastranaren gobernuaren eta FARC-EPren arteko Caguaneko Bake negoziazioetan parte hartu zenuen (1998-2002), Pertsonalitateen Batzordeko kide gisa.
A. Pinzón:
Sumapazeko konpromisoa hartzeaz gain, batzordeko aukeraketan eragina izan zuen nire ibilbide akademikoak ere, liburuan laburbiltzen denak. Ordurako argitaratuak nituen antropologia arloan Kolonbiako jatorrizko herriei buruzko zenbait lan, baita medikuntza arloan ere. Uste dut nire lan intelektual horrek eta Alfonsorekin nuen laguntasunak bultzatu zutela FARC-EPren komandantzia nire izena proposatzera.

Caguanekoak ere porrot egin zuen. Bidean atentatu bat sufritu zenuen eta Alemanian errefuxiatuta bizi zara ordutik.
A. Pinzón:
Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea. Batez ere pentsamolde gerrazale nagusi bat gailentzen denean. AEBak bezalako potentzia inperialista baten laguntza zorrotza duenak, era guztietako baliabideekin, gerra erabili ohi du interes ekonomiko, politiko eta ideologikoak inposatzeko; Kolonbia ez da salbuespena. Egoera iraultzen saiatu diren milaka kolonbiar hil dituzte, eta beste askok herrialdea utzi behar izan dugu. Gaur, 2022an, oraindik mehatxuak jasotzen ditut mugikorrean. Argi dago Bloque de Poder Contrainsurgente deritzonak (Botere Blokea) ez didala inoiz barkatu soluziobide politikoaren alde egindako lana.

Botere Blokea aipatu duzu. Liburuan luze hitz egiten da horren inguruan, eta “doktrina militarra” deritzana aipatzen da hainbatetan.
A. Pinzón:
Kolonbiako langileriak eta klase subordinatuek egunerokotasunean pairatzen duten fenomenoa da. Kolonbiako botereek Bigarren Mundu Gerratik hona AEBetan egituratutako doktrina militarra ezarri dute. Doktrina militarra Hego Amerikako zenbait herrialdetan aplikatu dute Gerra Hotzetik hona, eta arrakasta izan dute. Errepresioa soluziobide, Kolonbian ideologia politiko bilakatu da doktrina militar hori. Horren bidez kolonbiar gizartea interes jakin batzuen arabera menperatzen dute. Jakina, erasotuen eta biktimizatuen erantzuna ere sortzen du.

Alexander Ugalde: "Gauza bat da parlamentua eta gobernua bereganatzea eta beste bat estatuaren egiturak aldatzea"

Momentu honetan posible da gizarteko esparru progresistetatik bloke eta ideologia politiko horri aurre egitea? Pasa den urteko eztanda soziala izan liteke adibide bat?
A. Ugalde:
Pasa den urteko mobilizazioen ostean ikasle eta mugimendu sozialek jasandako errepresioak agerian utzi zuen hori guztia. Frontea osatu da, borroka heroikoa egin da, orain eta lehen, baina emaitza, aitortu beharra dago, erabat desberdina da. 2016an sinatutako bake akordioa apenas bete da. Sei urte geroago, balantzea etsigarria da. Azken urteetako bilakaera hori aztertu nahi duen liburu bat ari gara prestatzen, hainbat herrialdetako adituekin, eta datozen hilabeteetan argitaratuko dugu.

Alexander, azken argitalpenak Freytter elkartearen helburu eta balioekin bat egiten al du?
A. Ugalde:
Elkartearen helburu argi bat da Kolonbiako gatazka politiko, sozial eta armatuaren zenbait alderdiren memoria historikoa berreskuratzea, eta hainbat ekimen egin ditugu 2012an Bilbon sortu genuenetik. Confieso que he cumplido con la amistad lanaren argitalpena da egin dugun ekimenik anbiziosotsuenetako bat. Elkartearen sustatzaile Jorge Freytterren ezinbesteko laguntzarekin osatu dugu.

Zergatik Alberto?
A. Ugalde:
Albertok hogei urte daramatza erbestean, eta Freytter elkartea sortu genuenetik maiz gonbidatu dugu ekitaldi eta hitzaldietara. EHUko ekitaldi baten ondoren kontatu zigun Caguaneko elkarrizketa prozesuan 2002an jasan zuen atentatua. Horren ostean Alemaniako enbaxadorearen laguntzaz Kolonbiatik ihes egitea lortu zuen, eta ordutik Alemanian bizi da.

Elkartean beharra sentitu genuen atentatuaz gain bere bizitzan izandako hainbat esperientzia biltzeko. Dokumentatutako narrazio historikoari Albertoren ahozko eta hitzezko lanak gehitu dizkiogu, pasarte bakoitzaren bidez irakurlea Albertoren ibileretan murgiltzeko. Kolonbiako gatazka kontatzeko beste modu bat ere bada liburua.

Gainean ditugu hauteskunde presidentzialak. Gustavo Petrok zuzentzen duen fronte progresista lehena ageri da inkestetan. Aldaketa etorriko da Kolonbiara? Aldaketak izango du behar bezainbesteko indarra egoera iraultzeko?
A. Ugalde:
Gauza bat da parlamentua eta gobernua bereganatzea eta beste bat estatuaren oinarrizko egiturak aldatzeko indar nahikoa izatea. Batzuetan ezkerreko indarrak –pluralean hitz egingo dut, anitzak baitira– iristen dira gobernuetara baina aldaketak ez dira sakonak edo iraunkorrak: Lula Da Silva edo Dilma Rouself Brasilen, Rafael Correa Ekuadorren… Perun ere kudeaketa nahiko eskasa izaten ari da. Kolonbian gauza bera: nahiz eta Itun Historikoa koalizioak irabazi, zalantza asko dut gertatu daitekeenaren gainean. Koalizioa indar nahaspila bat da, eta ez dakit nola konponduko dituzten kontraesanak politika erabakigarriak aplikatzerakoan. Gustavo Petro ez da lepoa jokatzen duen politikari bat. Albertok kamaleoitzat du Petro, eta, jakina, Botere Blokeak oposizio gupidagabea hedatuko du haren eta aldaketaren aurka.

Ezkerretik hasita, Alberto Pinzón, Alexander Ugalde eta Freytter elkarteko kideak. / Argazkia: Freytter elkartea.

 


ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude