"Ama Lurraren askapena da gure borroka nagusia, konkistan kendu zizkiguten lurrak berreskuratzen ari gara"

  • Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako gonbidapena onartu eta Euskal Herrira etorri da bere erakundeak, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteak (ACIN), egiten duen lana azaltzera. “Hemen egonda, konturatu naiz nasa indigenok borroka partekatuak ditugula euskaldunokin. Denok gaude gure kultura eta ohiturak babestearen borrokan, irakatsi digutena desikasten saiatzen.”

ohana Acosta, bere erakundeak duen Emakumeen Programaren zapia erakusten. / Argazkia: Oihane Beñaran Muñoz.

2020ko martxoaren 24an - 09:24

1971 urtean, Kolonbiako afro-ondorengoek, baserritarrek eta indigenek euren borroka antolatzea erabaki zuten. Azken horiek Indigenen Eskualde-Kontseilua (CRIG). “Hori izan zen ACINen ama”. 1994an, deszentralizatzearen aldeko apustua egin zuten eta bederatzi taldetan banatu ziren. Horietako bat ACIN da, Caucako Iparraldean oinarritzen du bere lana. Hala ere, borroka lerroak berdinak dira talde guztientzat: batasuna, lurra, kultura eta autonomia.

Johana Acosta ACINek duen Emakumeen Programa koordinatzen du, eta sei urte daramatza horretan. Programa horrek herri indigenen ezagutzak berreskuratzen ditu, emakumeak ahaldundu eta jasan dituzten indarkeriak gainditu ditzaten: “Sendaketa prozesua deitzen diogu guk”.

Zein esango zenuke dela nasa herriaren erronka nagusia?

Zalantzarik gabe, Ama Lurraren askapena da gure borrokaren aldarrikapen nagusia. Ez bakarrik nasa indigenontzat, herri indigena guztiontzat baizik. Konkistan lur-jabeek okupatu zituten lurrak berreskuratzen ari gara pixkanaka. Aspalditik lur horietan egoteko dugun eskubidea aitortu dadin ari gara borrokan. Gure arbasoen lurrak ziren eta, beraz, gureak dira.

"Emakume bakoitzak du bere espiritualtasuna, horrela gure bizitzari zentzua ematen diogu

Emakume indigenen eskubideak aldarrikatzen dituzu bereziki.

ACINen sorrerarekin batera, Emakumeen Programa bat sortzearen aldeko apustua egin genuen. Emakumeok hainbat indarkeria jasaten ditugu emakume izateagatik, eta ez fisikoak soilik. Esaterako, oso partehartze urria dugu espazio politikoetan. Harrotasunez esan dezaket nire ama, Ana Tulia Zapata, programa horren koordinatzaile izan zela ere.

Oinordetzaz datorkizu, beraz.

(Barrez) Bai, hala da, nire gurasoengandik jaso zuen erresistentziarako dudan grina. Horrez gain, oso programa aberasgarria dela uste dut. Alde batetik, giza eskubideak eta emakume indigenen eskubideak lantzeko formazioak ditugu. Bertatik ateratzen ditugu geure artean antolatzeko behar dugun informazioa eta tresnak. Hari esker ditugu gaur egun Caucako Iparraldean gobernatzaile edota buruzagi diren emakumeak. Ereindako haziak jasotzen ari gara.

Eragin politikoa erakundearen baitan ere lantzen dugu. Izan ere, ACINeko gizonek jarrera matxistak dituzte askotan. Erakunde mistoa gara eta, beraz, asko dugu desikasteko. Indarrean irakatsi diguten matxismoa alde batera uzteko, ezinbestekoa da gizonekin ere lan egitea. Emakumeok formazioak egiten ditugu, baina, azken finean, gizonak dira erasotzaileak. Horregatik, eragin politikorako ikasi ditugun tresnak erakunde barruan erabiltzea ezinbestekoa da ere.

 

 

 

Besteak beste, Donostian egon da Acosta ACINen lanaren berri emateko. Argazkia: Oihane Beñaran Muñoz

 

 

 

Kolonbiako gatazka armatuan, emakumeek jasan dituzue ondorio latzenak.

Gatazka dena dela, emakume izateak beti eragiten du zapalkuntza handiagoa. Horregatik, Emakume Programa horretan gatazka armatu eta sozialeko biktima diren emakumeak laguntzen ditugu, gure arbasoen ezagutzak eta landareak erabiliz. Laguntza juridikoa ere ematen diegu emakume horiei. Sendatu daitezen lan egiten dugu.

Komunikazioa ere tresna garrantzitsu bilakatu da, gure lana ikusarazten duelako. Buruzagi askok esan ohi ziguten: “emakumeek ez duzue ezer egiten”. Badakizu, historian behin eta berriz errepikatu den madarikazioa: emakumeok asko egiten dugu, baina badirudi ez dugula ezer egiten. Horren adibide dira zaintza lanak. Komunikazioan formatzeari esker, munduari kontatu diezaiokegu hemen gaudela, existitzen garela eta erresistentzian gaudela.

“Emakumeok asko egiten dugu, baina badirudi ez dugula ezer egiten. Hori da gure madarikazioa.”

Arbasoen ezagutzak aipatu dituzu. Hori ote da zuen arrakastaren giltza?

Erabat. Espazio espirituala beti existitu da, baina emakumeoi kostatu zaigu geureganatzea. Beti esan izan digute te’wala (nasa mediku tradizionala) batek gidatu behar duela espazio hori eta ezin genuela geure kabuz gidatu. Orain badakigu hori ez dela hala, eta, gainera, geure kabuz egiteak eragin handiagoa du emakumeen sendaketa prozesuan, espazioa seguruagoa delako.

Bide berri asko ireki ditugu, emakume askok indigena kosmobisioari esker parte hartu dutelako. Nire ustez, emakume bakoitzak bere espiritualtasuna du eta, aurkitzen dugunean, gure bizitzari zentzua ematen diogu. Lurreko munduan dugun bizitzari, behintzat. Historikoki, espiritualtasun hori estaltzen saiatu dira. Ez bakarrik emakume indigenona, emakume guztiona, baizik. Emakumeok badugu ezagutza eta indar handia, eta askok hori isiltzea erabaki zuten, isilik nahiago gaituztelako. Espazio espiritual horretako saioetan, gure barnean dugun “emakume indioa” berpizten dugu.

 

 

 

Johana Acosta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Sailarekin eta Mundubat Fundazioarekin izandako bileran. Argazkia: Oihane Beñaran Muñoz

 

 

 

Zertan datzate saio horiek?

Espazio horietarako sarbidea oso mugatua da eta, beraz, ezin dizut kontatu. Azaletik zerbait azaltzearren, gida batek hasten du saioa eta erabili ditzakegun landareak azaltzen dizkigu. Bertatik hasten gara identifikatzen zerk lagundu dezaken norbera. Gure arbasoen ezagutzak dira eta ez zaigu horiek hedatzea gustatzen, gure babeserako estrategia baita. Izpirituek ez lukete onartuko, gainera.

Kolonbiako bake prozesua bide onean doala uste al duzu?

Askotan saiatu dira indigenon ahotsa isiltzen. Nire aitaren ahotsa isildu zuten, baita nire anai eta lehengusuena ere. Baina horrek erresistentziarako indarra eman digu, eta gure arbasoak lurreko munduan ez badaude ere, euren indarrak gurekin darrai.

Erresistentzia hori benetako bakearen bilaketan datza. Beharbada, Kolonbiako gatazka armatua amaitu da, baina ez jasaten dugun indarkeria. Benetako bakea nahi dugu, eta horren alde jarraituko dugu lanean, gu baino lehenago hasi zirenen omenez eta gure ondoren etorriko direnen mesedetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nasa Yuwe
María del Pilar Casamachin Yule eta Luis Evelio Velasco Nuskwe
Nasayuwe ekintzaileak Kolonbiako Caucan

Hizkuntzaren aldeko aktibistatzat aurkeztu dituzte bere buruak Casamachin Yulek eta Velasco Nuskwek, nasa herriko indigenak biak ere. Nasayuwea biziberritzeko taldean ari dira lanean, Kolonbian, Cauca eskualdeko Toribío udalerrian. 37.166 biztanle dira eta, horietan, %96... [+]


2022-03-28 | Garabide
Samina eta harrotasuna elkarri begira

Urduri esnatu gara martxoaren 14ko goizean. Garabidetarrak Kolonbiako nasa lurraldeko Toribio herrian gara, nasekin batera. Ekuadorreko kichwa herriko 30 kidez osatutako komitiba bat Toribio bidean dago esnatu garenerako. Autobusean 18 orduko ibilbidea dute kichwek Toribioraino... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Kolonbiako Miller Correa buruzagi indigenaren hilketa salatu du Garabidek

Miller Correa ACIN-ÇWK elkarte indigenako kontseilaria zen. Asteartean identifikatu dute indigena nasek haren gorpua. Pertsona bat atxilotu dute hilketaren harira.


2021-07-06 | ARGIA
STREAMING | Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoez nazioarteko jardunaldiak

Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]


Nasa yuwe, Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntza
Hizkuntza ikasteko lehen liburua eskura dute herritarrek

Arkaitz Zarraga UEUko Glotodidaktika sailburuak eta Ane Ortega Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak ondo ezagutzen dute Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntzaren berreskuratze prozesua, beraiek ere parte hartzen ari baitira bide horretan. Hizkuntza zertan den eta... [+]


Eguneraketa berriak daude