Erakusleiho-hirian, distira propioari eusten

  • Apirilaren 26an Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuen bere burua Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformak. Hilabeteko tartearekin hitzartu garenerako, ostera, plataformak eragile izaera bereganatu duenez, aurrerakoan bere dinamika propioa eramango duela nabarmendu du bertako kide den Peio Ibañezek. Kolektibo ugaritako errepresentazioa duen taldea izanik, esan daiteke helburu berberarekin elkarlanean aritzeari neurria hartu diotela.

Bilbao BBK Live musika jaialdia, Bilboko Udalak Kutxabanken laguntzarekin urtero egiten duen jaialdia.

Kezka berberak bildu ditu Bilboko herri mugimenduko sektore ezberdinak Piztu Bilbo, Itzali MTV eragilearen baitan: EAEko erakundeek herritarron bizi esparrua eskaparate gisa erabiltzeko daukaten joera, eta horrek hirian eragiten duen aldaketa bortitza. ‘Basque Country-Euskadi’ markarekin Euskal Herriari enpresa izaera ematen ari direla azpimarratu dute eragileko partaideek, eta salatu dute “merkataritza-jarduera kultur ekintzen gainetik” jartzen dela. Horren adierazle bezala identifikatu dituzte turismoaren gorakada eta honekin hertsiki lotuta, instituzioek erakarritako makro-jaialdi eta ikuskizunak: BBK Live, Red Bull Cliff Diving jauzi lehiaketa, Europako Errugbi finalak, UEFAren 2020ko Eurokopa edo MTV European Music Awards bera. Azken jaialdi honek kultura globalizatu eta kontsumistaren adierazgarri gisa daukan karga sinboliko nabarmena kontutan hartuta, berau aprobetxatzea erabaki dute “herri identitatea ezabatzera bideratutako hiri eredua salatzeko”. Salaketa hutsa egitetik harago, ordea, bestelako hiri eredu bati balioa eman nahi diote.

Musikariak saritzean datzan MTV EMA 2018 jaialdia azaroaren 4an egingo da Barakaldoko BECen, eta pribatua denez gero, gonbidapena dutenak besterik ezingo dira bertan egon. Aurreko egunean, azaroaren 3an, jaialdiarekin batera antolatu ohi den kontzertua egingo da San Mames futbol zelaian. Honako jaialdi hau ez da pribatua izango, baina sarrera ordaindu beharko du zelaira sartu nahi duenak. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikotik 3 milioi euro bideratu dituztela azpimarratu du Ibañezek, pribatua den ekitaldi bat ordaintzeko, “elitista” eta “baztertzailea” deritzon diru publikoaren erabilera desegokia bistaratuz. Gainera, “kantitate hori ekitaldiaren publizitate gastuei soilik” dagokiela salatu du. Azaldu duenaren arabera, 3 milioi euro horien baitan ez dira sartzen aurrekontua nabarmen igoko duten beste hainbat gastu: BEC eta San Mames alokatzeak, edota bilduko den jendetzaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren anbulantzia eta suhiltzaileak lanean edukitzeak, aurrekontua puztu egingo dutela azaldu digu. “Udalak 44 milioiko diru itzulera eragingo duela dio, baina hori ikusteko dago” dio mesfidati, agintariek diru-iturria ikusten duten tokian zuloa ikusten duenaren eran.

Jolas-parkea hiri eredu neoliberalaren metafora gisa

Nabari zaio Ibañezi, azalpenak ematerakoan, iaioa dela bere irakasle ogibidean. Instituzioetatik bultzatzen ari diren hiri-eredua azaltzeko, jolas-parke bat jarri du adibide gisa: parkeak jendea erakartzen duen atrakzio nagusi bat izaten du beti, baina urteekin modaz pasatzen joan ohi da; eta jendeak parkera joateari utzi ez diezaion, atrakzio berri eta liluragarriago bat eraikitzera behartuta ikusten dute beren burua parkearen jabeek. Atrakzio berria martxan jartzean jende uholdeak berriz parkera joateari ekiten dio, eta horrek inguruetan hotel gehiago eraikitzera eta trafiko-arazoak saihesteko azpiegituretan inbertitzera eramaten ditu arduradunak. Eta horrela etengabe, ondoko hirian bezeroek gustukoagoa duten jolas-parke erakargarriago bat eraiki arte.

Jolas-parkearen metafora erabilita, “modelo ekonomiko batekiko dependentzia sortzen duen” hiri-ereduaren dinamika argi azaldu du Ibañezek. Hiria bera jolas-parke moduan ulertuta, erraz kokatu dezakegu MTV EMA edo beste edozein makroekitaldi atrakzio nagusiaren tokian, baita honen eraginak argiago identifikatu ere. Jolas-parkeak modan egoteari utzi ez diezaion, atrakzioak eta azpiegitura bera eguneratzera derrigortuta dagoen parkeko nagusia bezalaxe, hiri-eredu neoliberala bultzatzen dutenak ere behartuta daude kaleak, azpiegiturak eta espazioak atonduta edukitzera, horrek dakarren hiriaren eraldaketa bortitzarekin. Hori gutxi ez balitz, eragileak adierazi duen moduan, eredu hau kontsumoan, prekarietatean eta herritarren zenbait sektoreren bazterketan oinarritzen da.

Piztu Bilbok balantzan jarri ditu apustu honek eragiten dituen kalteak, eta onurak baino askoz gehiago direla uste du. Hori bai, “kalteak oso geldo ematen direnez, denboraren igaroarekin bilakatzen dira agerikoagoak” azaldu du Ibañezek. Gentrifikazio prozesuak, pisu turistikoen areagotzea, alokairuen garestitzea edota lan prekarioak zerrendatu ditu, besteak beste, inpaktu negatibo horren ondorio bezala.

Bestelako Bilbo posible da

Bilbotarren bizia Udaleko politiken oinarrian ez dela jartzen iruditzen zaio Piztu Bilbori, eta sendo uste dute eskaintza kulturala diseinatzean herritarrak kontutan hartu beharko liratekela. Hiriko auzo gehienetan eragile kultural mordoa egonik, Ibañezek deritzo eskaintza kulturalak hauek kontutan izan beharko lituzkeela , eta horretarako moduak badaudela ziurtatu du, adibidez galdeketak egitea edo prozesu parte-hartzaileak martxan jartzea. Momentuz, baina, herritarren bizitza Udaleko oinarrian egotetik oso urruti dago bere ustez, datu honek adierazten duenez: auzoetako jaiei 1.500 euro besterik ez dizkie ematen, MTVren ekitaldian milioiak gastatzen dituen bitartean. Bilbo mailan eragitea asmo dutenez, baina, eraldaketa ematea posiblea dela deritzo eta positibo agertu da Ibañez.

Piztu Bilbo, Itzali MTVko kideen helburu nagusia Bilbo jakin baten kontra egitea baino gehiago, beste Bilbo baten alde egitea da. Martxoaren 8ko Greba Feministak edo pentsiodunen aldarriek hirian izandako oihartzuna kontutan hartu ezkero, baikorrak izateko arrazoiak badaudela uste du Ibañezek: “Nahiz eta ez izan era oso zuzenean”, iruditzen zaio agerian geratu dela bestelako Bilbo baten alde dagoen jendea egon badagoela .

Eragileak ziurtatu du hirian bertan existitzen direla errealak eta potenteak diren alternatibak , eta balioa eman nahi diote horiek kontutan hartzen dituen Bilbo anitzari. Makroekitaldietako foku itsugarrietatik ihesi, distira propioa duen Bilbo. “Itzali dezagun saldu nahi diguten hiri-erakustoki honen argia. Dirdira propioa duen hiri biziarekin distira egin nahi dugu, hiri bat non argazkietan agertzeko manikiak ordez, geure egunerokotasunaren protagonistak izan gaitezkeen. Piztu dezagun Bilbo auzoetatik, feminismotik, gazteetatik, zaharrenak ahaztu gabe; piztu dezagun Bilbo euskaratik eta espazio autogestionatuetatik. Piztu dezagun Bilbo!”, aldarri egin dute hiriko txoko ezberdinetan aurkitu daitezkeen eskuorrien bidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude