Euskalgintzaren begirada, apirilean Euskal Elkargoak aurkeztuko duen hizkuntza politikari

  • Euskal Elkargoak hizkuntza politika bere gain hartzearen alde agertu ziren  gehiengo handian egitura berri honetako hautetsiak, iazko otsailean. Apirilaren 14an aurkeztuko dute hizkuntza politika proiektua. Horrez gain, jakina da instituzioak euskarari ezagupen bat emanen dion adierazpen bat ere aurkeztuko duela. Zein motatako aitortza izango den ez bada zehazturik, adierazpen garrantzitsua izango dela erran daiteke. Guzti horretaz xeheki hitz egin digu Sebastien Castet Ipar Euskal Herriko euskalgintzan dabiltzan egiturak biltzen dituen Euskal Konfederazioko kideak.

Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin.
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin.

Euskal Elkargoak landu hizkuntza politikaren berri ukanen dugu apirilaren 14an. Zer espero du Euskal Konfederazioak?

Euskal Elkargoa sortu zenean jakin zen EEP Euskararen Erakunde Publikoaz gain, beste eragile bat izanen zela Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika publikoa garatzeko. Ipar Euskal Herriko herri guztiak biltzen ditu Euskal Elkargoak eta guk argi dugu EEPren gidaritza hartu behar duela, justuki Ipar Euskal Herri mailako hizkuntza politika eramateko. Hizkuntza politika ausarta eraman beharko du. Batetik, instituzioaren baitan, eskaintzen dituen zerbitzuetan, eta bestetik, elkargoak euskararen alde hartu neurrien alde egitera bultzatuz herriko etxeak. Bestetik, oroitarazi behar da EEPren baitan herrien arteko sindikatua eta Hautetsien Kontseilua ordezkatu dituela Euskal Elkargoak. Hor ere, pentsatzen dugu motor lan bat eraman behar duela eta hizkuntza politika ausartak hartzera bultzatu behar dituela Estatua, Akitania eta Departamendua. Ez da ahantzi behar Euskal Elkargoak duela EEPko lehendakaritza. Hizkuntza politika mailan gidaritza lana hartzea nahi dugu.

Zertan da hizkuntza politikaren idazketa?

Ari dira. Euskalgintzako eragileoi lehen txosten bat aurkeztu digute eta hilabete bat dugu ekarpenen egiteko. Ez dakigu kontuan hartuak izanen diren, hori hautetsiek erabakiko dute. Dena finkatzen ari da eta proiektuan sartu gabe erran dezakedana da guk espero duguna eta gure ustez eginen dena: Batetik, orain arte hamar herri eta hiri elkargoetan egiten zena Ipar Euskal Herri osora orokortuko dela, hizkuntza politika gorantz tiratzeko. Bestetik, nahi genuke koska bat gorago kokatzea hizkuntza politika. Arloz arlo badira hainbat oztopo eta guk uste dugu Euskal Elkargoa baliatu behar dugula horien gainditzeko.

Nola egin daiteke?

Esperimentazio eskubidea aipatzen dute Frantziako Legedian ematen ari diren erreforman. Eskubide horren bidez aplikatzen ahal zaio zonalde bati Frantzia osoan aplikatzen ez dena, baimen berezi batzuen bidez.

“Esperimentazio eskubideak baditu mugak eta agian ezberdintze eskubidearekin urrunago joan gaitezke; hori definitzen ari gara”

Eskubide hau nola erabiltzea nahi duzue?

Arloz arlo, eskubide honen bidez hizkuntza politikari zer gehiago ekar dakiokeen zerrendatzea galdetzen diogu elkargoari. Bi esperimentazio eskubide mota badira. Edo, instituzio batek eskumen gehiago hartzen ditu, edo eskumen berak atxikiz, hainbat gauza egiteko baimen bereziak lortzen ditu. Adibidez, ikastolen finantzamenduari doakionez, badakigu Falloux legeagatik, tokiko kolektibitateek ezin dituztela ikastolak zuzenki diruztatu. Esperimentazio eskubide horrekin nahi dutenei Seaskari sosa emateko ahala bideratu behar lieke. Hala ere, eskubide horrek desabantaila bat du: denboran mugatua da eta bukaeran edo Frantzia osora orokortzen da, edo bertan behera uzten da. Hori da arazoa. Bestalde, ezberdintze eskubidea ere hor da. Momentuz, aukera guztiak lantzen ari gara, ez da oraindik erabakia.

Eskubide bat izan arren, Parisen baimena beharko da.

Bai. Uste dut Parisek dekretu bat egiten duela, zehaztuz eskualde honetan esperimentazio bidez hau edo hura egitea proposatzen dela. Esperimentazio eskubideak baditu mugak eta agian ezberdintze eskubidearekin urrunago joan gaitezke. Hori definitzen ari gara.

Xedea da Euskal Elkargoak dituen eskumen guztietan gauzatzea hizkuntza politika. Konkretuki, zer beharko da hizkuntza politika honen balorapen baikorra egiteko?

Egia da elkargoak eta beste instituzio guztiek gaur egun indarrean den lege koadroaren baitan egin behar dutela haiena. Badakigu hau biziki hertsia dela. Ez dezagun ahantz eskualdeko hizkuntzak aipatzen dituen Kontituzioko 75-1 artikuluak ez duela deus ekartzen, ez duela ondorio juridikorik. Badakigu zer nolakoa den euskararen egoera Ipar Euskal Herrian. Hori horrela, dituen muga guztiekin egiten du elkargoak. Beraz, nahi duguna da orain arte egindakoa orokortzea eta ahal bada esperimentazio edo ezberdintze eskubidearen bidez urrunago joatea. Baina badakigu ere, euskara salbatzeko eta euskara normaltasun osoz garatzeko pauso horiek eskasak izanen direla; hain zuzen, euskarak ez duelako estatus egokirik Ipar Euskal Herrian.

Beste pauso inportante bat emanen du Euskal Elkargoak, euskarari ezagupen bat emateko gisan. Ezagupen forma desberdinak ikertzen ari dira.

Jagon Jardunaldien ondotik, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak testu amankomun bat plazaratu genuen, euskarari nolazpaiteko ofizialtasuna ematea galdatuz. Horren ondotik, ikerketa juridiko bat manatu zuen elkargoak, jadanik harturiko kasu konkretu batzuk aztertuz. Adibidez, Bretainian, eskualdeak ofizialki ezagutzen ditu bretoiera eta galesa, “Bretainian existitzen” direla erranez; Ekialdeko Pirineoetako departamenduak hartu deliberoak dio “frantsesaren ondoan, katalana dela departamenduko hizkuntza” eta Korsikan, bozkaturiko hizkuntza politika proiektuan “ko-ofizialtasuna” dute. Azken adierazpen honen kontrako errekurtsorik ez zuten jarri, Korsikako Asanbladak ez zuelako erran Korsikan ko-ofizialtasuna izanen zela, baizik eta, galdetu ziolako Frantziako Gobernuari ko-ofizialtasuna bideratzeko baldintza juridikoak sortzea. Beraz, hiru bide horiek dira ikerturik.

“Zergatik ez hartu Korsikaren gisako deliberoa? Zergatik ez galdetu Frantziako Gobernuari euskararen ko-ofizialtasuna ahalbidetzeko baldintza juridikoak sortzea?”

Zer diozue hiru aukera horiei buruz?

Ez dakigu elkargoak zein formulazio hartuko duen, baina apalena hartuz gero ere, hots, frantsesaren ondoan euskara Ipar Euskal Herriko hizkuntza dela adieraziz, ondorio juridikorik ekarriko ez duela jakinik ere, horrek keinu sinboliko eta politiko azkarra luke. Baina zergatik ez hartu Korsikaren gisako deliberoa? Zergatik ez galdetu Frantziako Gobernuari euskararen ko-ofizialtasuna ahalbidetzeko baldintza juridikoak sortzea? Keinu biziki azkarra litzateke, erran nahi lukeelako hautetsiak kontziente direla euskarak behar bezala garatzeko frantsesak duen estatusa behar duela. Guk ko-ofizialtasuna aipatzen dugularik diogu euskarak frantsesaren heinean behar duela erabilia eta garatua izan, eta bistan dena, euskarak balio juridikoa ukan behar duela. Balio juridikoa ukateak erran nahiko lukeelako herritarrek nahi duten hizkuntza erabili dezaketela. Gaur egun ez da posible. Badakigu herriko etxe batek dena euskaraz egiten baldin badu, dokumentuak frantsesez idatzi behar dituela, frantsesak duelako ofizialtasuna. Ko-ofizialtasunarekin errespetatuko lirateke hiztunok ditugun hizkuntza eskubideak, hots, nahi dugun hizkuntza hautatzeko askatasuna.

Korrikaren 20. edizioa, 2017ko apirilaren 2an, Lapurdin. Argazkia: Korrika.

Frantzia ezagutzen dugu, frantses hizkuntzari sutsuki loturik dugu. Imajina al daiteke euskara ezagutzeko baldintza juridikoak aldatuko dituela?

Zaila dugu eta Emmanuel Macronek Korsikan errandako hitzak berriz hartzen baditugu, erran dezakegu zinez urrun garela. Baina guk badakigu, eta agian hautetsi batzuk ere ari dira kontzientzia hartzen, zinez euskara salbatu nahi badugu ko-ofizialtasuna dugula Ipar Euskal Herrian behar. Edozein lege ttikirentzat zaila da, kasu hoberenean eztabaidatu eta atzera botatzen dira, okerrenean ez dira eztabaidatzen ere. Bai, eskualde hizkuntzen ko-ofizialtasunaz biziki urrun gara, baina hori aitzina eramatea da gure rola. Tokiko hautetsiek Frantziako Gobernuari hori ohartaraztea nahi genuke. Erran dudan bezala, zergatik ez korsikarren antzeko delibero bat hartuz?

Frantziako Parlamentuan ditugun bertako parlamentarien sostengua duzue?

Egia erran, horri buruz ez dugu harremanik ukan haiekin. Euskararen alde direla ikusi dugu azken urteetan, baina ko-ofizialtasunaren aldarria eramateko prest al dira?

Hizkuntza politika marrazteko orduan euskalgintzako eragileekin harremanetan da elkargoa.

Euskal Elkargoa sortu denetik, hizkuntza politika euskalgintzako eragileekin lantzen eta kontrastatzen dabiltza eta hori biziki positibotzat daukagu. Egunero terrenoan direnekin aritzea baikorra da, zinez hauek direlako gai errateko arloz arlo erronkak non diren eta gainditu beharreko trabak zein diren. Espero dugu bozkatu ondoren ere elkarlanak segitzea, justuki hizkuntza politikaren jarraipena egiteko. Hori galdetzen diogu elkargoari. Momentuz biziki mamitsua iduritzen zaigu egiten dutena. Ondotik egin beharko dutena da urtez urte helburuak finkatu, helburu zifratuak eta bistan dena, arloz arlo ebaluaketak egin, ikusteko zer egin den, zer ez den egin eta zergatik. Segipen eta ebaluaketa hauek beharrezkotzat ditugu eta espero dugu urrats hauetan ere kontsultatuak izatea.

2050 urteko populazioaren %30 euskal hiztuna izateko helburua eta bide orria planteatu zenuten duela urte pare bat. Gaur egungo berritasunekin, segurragoa ikusten duzue helburu hau betetzeko bidea?

Dokumentu hau egiterakoan UNESCOren datuak landu genituen, zeinak dioten hizkuntza bat ez galtzeko populazioaren %30ak mintzatu behar duela. Prospekzio bat egin genuen baina bakarrik irakaskuntzan zentratuz. Jakin behar da irakaskuntza ez dela Euskal Elkargoaren esku, Hezkunde Nazionala da eta EEPn ordezkatua da. Diogularik, elkargoak motor lan bat eraman behar duela, horrentzat ere bada: Estatuari, Departamenduari eta Eskualdeari presioa eta akuilu lana egiteko. Estatua aipatzerakoan, xantierrik inportanteena hezkuntza dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Elgarretaratzea deitu du EHEk Gorka Torreren sustenguz

“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.


2024-09-03 | Euskal Irratiak
Iparraldeko eskola publikoen %60 elebiduna izanen da ikasturte honetan

Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


2024-07-24 | Euskal Irratiak
Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


2024-07-16 | Euskal Irratiak
Sébastien Castet
“Euskaldun gehiago bada, baina euskaldunak gero eta giro frantsesdunago batean bizi dira”

Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


2024-06-25 | Euskal Irratiak
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


2024-06-06 | Euskal Irratiak
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasteko aukera ezbaian Parisen

Laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailen sortzea eztabaidatua izan da frantses legebiltzarrean. Legearen zuzenketa proposatu du Iñaki Etxaniz legebiltzarkideak.


Eguneraketa berriak daude