"Badirudi 36ko Iruñean pistola, alkohola eta barrabilak zirela nagusi"

  • Iruñeko Artxibo Militarra arakatu duen lehen historialaria da. Horren fruitu da Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra, 1936-1940 liburua (Altaffaylla-Txalaparta, 2017), Navarra 1936: de la Esperanza al terror liburu ezagunaren segida. Hark 3.000 hildakoren berri eman zuen. Honek auzitegi militarren ohiko jarduna, gizarte zibila militarren begietatik ikusia eta armadaren erabateko kontrola erakusten ditu.

Ricardo Urrizolak, aldamenean duen Iruñeko Artxibo Militarren egin du ikerketa. (Argazkia: Joseba Zabalza)
Ricardo Urrizolak, aldamenean duen Iruñeko Artxibo Militarren egin du ikerketa. (Argazkia: Joseba Zabalza)

Artxiboan aritzeko emandako laguntzagatik esker oneko hitzak izan dituzu militar batzuentzat. Gustatuko zaie liburua?
Ez dakit, joan nintzen esatera noiz aurkeztuko zen, baina ez ziren etorri. Badakite 36ko Gerran puntu beltza dutela. Bartzelonako militar emakume goi-kargudun batekin hitz egin dut honetaz, eta hark dio orduan ere hainbat militar molde zirela eta Francoren aldekoek irabazi zutela. Haiek ere denak ez dira berdinak. Nik lasai egin izan dut lan, inongo arazorik gabe.

Zazpi bat urte pasatu dituzu gaia ikertzen eta  militarrean sei hilabete. Nola egiten da lan han?
Nafarroako Artxibo Militarrean ez dago kamerarik, orduan soldadu bat egon behar zen nirekin denbora guztian. Esaten zidaten geldoegi nebilela, ezin zutela soldadua izan niretzat denbora guztian, baina nahi nituen argazki guztiak atera nitzakeela. Orduan, astean bi aldiz joanda, 10:00etatik 14:00etara, sei hilabete egin nituen dokumentuei argazkiak egin eta egin bi kamerekin. Gero azterketa osoa etxean egin nuen.

Mola jeneralaren idazkari Jose María Iribarren aritu zen defentsa lanetan gerra kontseiluetan eta zera esan zuen: “Altxamenduaren lehen egunetako desmasiak zuzentzeko beharra du defentsa militarrak”. Sinesgarria da?
Iribarrenek epaiketa asko bizi izan zituen eta astakeria asko ikusi, beraz, gerta liteke bestelako sentiberatasuna izatea, haien artean ere denak ez baitziren berdinak. Defentsarako eskaintzen zizkieten hiru militarren artean bat hautatu behar zuten auzipetuek eta ia beti Iribarren hautatzen zuten. Oker ez  banaiz, esaldia Agoizko gazte baten epaiketan bota zuen: 23 urteko espetxea eskatu zion fiskalak, Iribarrenek absoluzioa eta, azkenean, bi urteko kartzelarekin amaitu zuen.

36ko Gerran 3.000 bat pertsona hil zituzten frankistek Nafarroan, horietatik 40 auzitegi militarrek heriotz-zigorrera zigortu ondoren.
Militarren esku erorita bazuten bizirik ateratzeko esperantza bat, falangista edo erreketeen eskuetan erorita ez. Helburua ez hiltzea zen, beraz preso ateraz gero ongi. Gero hainbatetan Ezkabako presondegian libre uzten zituztenean, bigarren errebueltan hiltzen zituzten besteek. Jakina, informazioa militarrek pasatzen zieten.

Militarrek 40 hildako bakarrik? Hori ere pentsa dezake norbaitek.
Ni ere harrituta gelditu nintzen. “40 bakarrik? Hori esaten badut gizartean jango naute”. Eta Emilio Majuelok esan zidan: “Ricardo, zuk hori ikusi duzu, bada idatzi hori eta listo”.

Armada kolpistak, dena den, bazuen lan zikina nork egin.
Bai, noski. Militarrek gerra irabazi nahi zuten, hori zen lehen helburua, gero gainerako guztiak laguntzen bazien dena kontrolatua izaten, hobeto. Azken finean, dena zuten beren kontrolpean, eta karlisten eta erreketeen sarraskiak ere militarren erantzukizuna ziren. Gerra guztietan daude miliziak.

Liburuan etengabe aipatzen dira militarren, falangisten eta erreketeen arteko gatazkak eta auziak.
Francok falangistak eta erreketeak batu zituen¸ baina lehia handia zegoen haien artean. Nafarroan falangistak gutxi ziren erreketeekin konparatuta, baina boteretsuak. Erreketeek falangistak ia komunista bezala ikusten zituzten. Falangistek boterea nahi zuten batez ere, karlistek Jaungoikoa, Aberria eta Legea; beti aritzen ziren erregearen aldeko oihuekin, eta teorian, armadarentzat hori delitua zen, Francoren aurka jotzea zelako. Oriamendi karlisten himnoa abestea ere debekatua zegoen. Viva España! zen karlisten oihua eta Arriba España! falangistena.

Kontseilu militarretan ikusten da akusazio gehienak oinarritzen zirela bizilagunek emandako testigantzetan.
Bai, hala zen. Etorkizun hobea lortzeko eta erregimenaren aurrean puntuak irabazteko izaten zen. Oso giro gogorra bizi zen gizartean, bereziki diskurtso ofizialetik pixka bat ateraz gero.

Zure ikerketak zer ondorio izatea nahiko zenuke?
36ko Gerrari buruz zerbait gehiago jakitea. Nire lan honetan ez da gogorrena agertzen, hori Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuan agertu zen. Hemen azaltzen da Nafarroako bizitza zibila nolakoa zen eta nola kontrolatzen zuten dena militarrek. “Zer moduz aurkitzen ari zarenarekin?” galdetzen zidatenean –tartean hainbat militarrek– nik zera erantzuten nuen: “Badirudi Iruñean garai hartan hiru gauza zirela nagusi: pistola, alkohola eta barrabilak”.

Asko geratzen da 36ko Gerraz ikertzeko?
Militarren zigor auzitegiez gain bazen Erantzukizun Politikoen Auzitegia. Zigor aretoa gainditzen zutenak hara zihoazen eta han zigor ekonomikoa jartzen zieten. Cesar Layanak ikertu du gai hori eta zerbait argitaratzekotan izango da dagoeneko. Ferrolen ere izan nintzen lan honetan eta han 400 kutxa arakatu gabe utzi nituen, unibertsitate batekin egindako hitzarmen bidez ez bazen, esan zidaten ez zidatela utziko kutxa haiek ikusten. Ikerlari batentzat itzela da pentsatzea hori hor dagoela 1936tik ireki gabe.

Prentsa banatzaile

“Iruñeko Arrotxapea auzoan jaio nintzen 1968an eta lanbidez prentsa banatzailea naiz. Beti gustatu izan zait historia, baina ikerketa kontuetan duela 20 urte ekin nion. Lehenik genealogia eta Artzapezpikuko artxibategian, gero Tafalla aldean. La Voz de la Merindad –Eugenio Arbizu goitizenarekin– eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan idazten hasi nintzen. Jeronimo Ustariz Institutuko kide ere banaiz. Aurretik Amunarrizketa-Iriberriko Historia eta Puiuko Historia idatzi nituen. Hurrengo ikerketa folklorearen esparruan egingo dut”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Eguneraketa berriak daude