11.000 litro sagar zuku Barrundiako udal lokaletik atereak

Argazkia: Barrundiako Ekonomatoa.

2018ko urtarrilaren 16an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hirugarren urtez, etxeko sagar zuku eta sagardo gozoa egin ahal izan dute Arabako Barrundia udalerriko herritarrek. 2016an berritu eta egokitu zuen Udalak Ozaetan jada martxan zen lokala, sagar zukua egiteko beharrezko material eta tresneria herritarrentzat eskuragarri jarriz. Asko dira geroztik transformazio gunetik pasa direnak. Urtetik urtera, gehiago.

Herritarrak zukugile

Barrundian sagarrarekiko lotura bazegoela eta askok sagarrondoak bazituztela ikusita, horri probetxua atera eta herritarrak beraiek etxeko zukua egitera animatu nahi izan ditu Udalak proiektuarekin. Udalerriko hainbat pertsonek lehenago Aramaion sagar zukua egiten izandako esperientziak ere lagundu zuen proiektuaren sorreran. Zukua egiteko birringailu edo matxakak, prentsak eta bi eltze pasteurizatzailek osatzen dute Ozaetako guneko makineria. Edonorentzako erabilterrazak dira eta herriko beharretara daude egokituak.

Argazkia: Barrundiako Ekonomatoa.

Aurtengo kanpainan, udal instalaziotik 20.000 kilo sagar inguru pasatu direla eta guztira 11.067 litro zuku egin dituztela azaldu dute Noticias de Álava egunkarian. Aurtengo uzta ez da onena izan udaberriko izotzen eraginez, eta horregatik, iaz bezala, ekoitzitako kantitatea gutxitu egin da. Pozik agertu da Udala, dena den, Barrundiako nahiz inguruko herrietako 70 taldek erabili baitute instalazioa, eta sagar zukuaren bueltan herritarren artean sortu den harreman eta giro ona azpimarratu dute.

Barrundiako Ekonomatoa ere laguntzaile

Tokiko kontsumoaren, nekazaritzaren eta elikadura burujabetzaren inguruan lanean diharduen proiektua da Barrundiako Ekonomatoa. Hurbileko eta kalitatezko produktuak saltzeaz gain bestelako ekimenak antolatzen dituzte, eta aurten beste behin transformazio gunearen antolakuntza eta koordinazio lanetan ere aritu dira. Ekonomatoko pertsona bat arduratu da Udal azpiegituren erabilpen eta mantenu egokia bermatzeaz, hurrengo urtean Ozaetako guneari zukua ateratzen jarrai dezaten…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude