Lucrecia Masson, gorputz disidenteen aldarrikatzailea

"Nolatan neurtzen dira gorputzak XIX. mendeko langile frantziar baten pisuaren arabera?"

  • “Gorputz-eredu normatiboetatik kanpo dauden gorputzen aurkako gorrotoa”; halaxe laburtu zuen lodifobiaren esanahia Constanza Álvarez Castillok. Magdalena Pyñeirok, berriz, halaxe: “Lodiok lodi izateagatik pairatzen dugun bazterketa”. Lucrecia Massonek erantsi du “gorputz lodiak arbuiatzeko eta gaixotzat jotzeko modu bat” ere badela. Izan ere, bizi-bizi dabiltza lodi-aktibismoak, Emma Goldmanek aldarrikatu zuena azalberrituz: nire pisua neurtu behar badut, ez da nire iraultza.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2017ko urriaren 29a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lucrecia Masson (Ombucta, Argentina, 1981)

Zientzia politikoak ikasia, aktibista da Lucrecia Masson. Hainbat artikulu kaleratu ditu hainbat argitalpen kolektibotan, gehienetan gorputz disidentzia landuz. Aise lortzekoa, bilduma honetakoa: Transfeminismos: epistemes, fricciones y flujos (Txalaparta, 2013).

Ohar biografiko batean, hauxe zenioen zure buruaz: “Aktibista transfeminista, eta deskolonizazio bidean dagoen sudaka eta lodia” zarela. Hortixe abiatu nahi nuke elkarrizketa: nolatan iritsi zinen transfeminismora?

Argentinatik nator, hegoaldetik; gero, Buenos Airesen egin nituen zenbait urte, eta han hasi nintzen apur bat feminismoan aktibatzen; azkenik, putzua zeharkatzean topatu nituen feminismo autonomoago batzuk, eta emakume lesbiana eta transen komunitate bat. Garai horretan hasi zen transfeminismoa bera indartzen. 2009an, Granadako jardunaldietan idatzi zen iraultza transfeministaren aldeko manifestua,eta gero eta kide gehiago hasi ginen horrekin bat egiten eta edukiz betetzen. Zeharkako erantzunak bilatu nahi genituen feminismoaren barruan, beste ardatz batzuk ere kontuan hartu: soilik emakume subjektua lantzen zuen feminismoa ez baizik subjektu hori zabalduko zuen korrontea nahi genuen.

Zuretzat, zer da?

Nik marko gisa erabili dut, eta hortik abiatuta, zenbait unetan, mundua eta nire burua pentsatu ditut, eta ekin, jakina. Markoak aldatu egiten dira, hala ere. Nik transfeminismoaren aldeko apustua egiten dut oraindik ere, baina zenbait gairen falta sumatzen dut, adibidez arrazarena.

Eginkizun dago hori?

Uste dut zalantzan jarri behar dela eta toki gehiago eman behar zaiola, bai. Edonola ere, niri transfeminismoak balio izan dit, eta balio dit gaur egun ere, adibidez, gorputzaz pentsatzeko; oso tresna ona iruditzen zait. Egia da orain dela urte batzuk gorputzaz gehiago jardutea sumatzen nuela faltan, eta gaur egun, diskurtso berriak agertu direla, beraz uste dut ardatz berriak txertatu daitezkeela apurka. Era berean, uste dut ikuspegi berriak agertzen eta eraldatzen joango direla, hain zuzen ere, beste emakume horiek egon badaudenean; ez zait iruditzen sektore txiki batek, inoiz abangoardia deitu izan zaionak, ezer ekarriko duenik ildo horretan.

Abangoardia deritzonaren bidez ez, nola eralda daitezke mugimenduak, eta ikuspegi berriak sartu?

Topo egitea, horixe da gakoa. Transfeminismoaren bitartez iritsi naiz ondorio honetara: sinesten dut topo egin behar dugula, eta hor hasiko direla gauzak mugitzen eta gertatzen. Ez dut uste gorputzik gabe pentsa daitekeenik, beraz, gure artean ez badago harremanik, nik ezin dut jakin zer ari ote zaizun zuri gertatzen. Elkartzearen eta egotearen potentzian sinesten dut: helburu handiusterik ezarri gabe ere, hortxe gertatzen dira gauzak.

Irain gisa erabili ohi diren bi hitz ere egin dituzu zure. Lehena: sudaka.

Jakina, putzua zeharkatu eta Schengen espazioan [Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugako kontrolak kendu dira; kontrolak espazio horren kanpoko mugetan baino ez dira egiten] sartu ostekoa da hori. Bidaia prestatzen ari nintzela, laño-laño ibili nintzen: entzuna nuen zer edo zer, baina ez nuen benetan pentsatzen halakorik egon zitekeenik, atzerritarrak barneratzeko zentroak eta abarrak. Gero ikusi nuen Schengen espazioa muga benetan gordin eta bortitza zela, heriotza-muga bat, eta kasu honetan, kolonia ohietatik gentozenok ez ginela ondo etorriak. Eta ikusi nuen, hain zuzen ere, bazeudela atzerritarrak barneratzeko zentroak, deportazioak… Iritsi arte ez nion neurria hartu, eta luzaroan erabili nuen buruan ea nolatan harritu nintzen mugaren bortiztasunarekin. Izan ere, banuen Schengen espazioaren berri, baina nolabait ere, Europar Batasuneko politikaren antolaketari lotuta zegoen aldetik ezagutzen nuen. Datu bat zen, ez nuen zuzenean lotzen migratzaileekin. Ez nuen gordinkeriaren benetako neurririk.

Zure egin duzun bigarren iraina: lodia. Edonola ere, deskolonizazio bidean zaudela ere badiozu.

Gorputzaren deskolonizazioari jarri nahi diot azpimarra. Deskolonizazio bideetako bat jaioterriarekin eta migrazio-prozesuarekin dago lotua, baina, aldi berean, iruditzen zait deskolonizazioa gauza askoz zabalagoa dela, bizi osoa har dezakeena. Beraz, uste dut gorputza bera deskolonizatu behar dugula. Dena dela, hau guztia prozesu bat da niretzat, ez helburu bat edo noizbait iritsi beharreko leku bat. Horretan nabil, norbere gorputzari eta gorputz kolektiboari buruzko zenbait auzi berriro planteatzen.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer nolako auziak dira horiek?

Orain dela gutxi, Emma Chirix soziologo guatemalarra aditu nuen hizketan. Maia-kaqchikel herrikoa da bera, eta gorputzaren deskolonizazioa lantzen du. Chirixek zioen binomioei heldu behar diegula, ez ordea emakume-gizon binomioari, ezpada bestelako binomioei, nahiz eta emakume-gizonena izan feminismoetan ari garenoi bururatzen zaigun lehena. Baina oso pentsamolde mendebaldarra da hori: modernitatean, XV. mendean hasi ziren bi generoak errotik ezberdintzen, orduantxe hasi zen emakume eta gizonez hitz egiten eta hori egia zalantza ezintzat jotzen. Chirixen ikuspegitik, berriz, gorputzaren deskolonizazioari heltzeko beste binomio hauek jarri behar dira zalantzan: gorena-beherena, modernoa-zaharkitua, zibilizatua-basatia, ederra-zatarra…

Deskolonizazio bidean dagoen lodia naizela esaten dut, hartara, gorputzen eraikuntza-molde jakin baten berri emateko: binomio-logika horietatik abiatuta eraiki da gorputzei buruzko ikuspegi bat, eta binomio horien denen sorburuan zer dago, bada pentsamendu zuri, moderno eta mendebaldarra.

Gorputz-masaren indizea eta horren historia aipatu zenituen hitzaldi batean, argi erakusten baitute estu lotuta daudela kolonialismoa eta gaur egungo gorputzen gaineko araua.

Loditasunari eta obesitatea deritzon termino medikuari buruz ikertzen ari nintzela, ikusi nuen gisa horretako gorputzak eraikitzen dituzten mekanismo guztiek Europan zutela iturburua nola edo hala. Esate baterako, gorputz-masaren indizearekin egin nuen topo: Adolphe Queteletek asmatu zuen, bioestatistikaren aitak. Frantziako Gobernuak eskatu zion indize hori sortzeko: aritmetika-ariketa zen, ez besterik, baina horri esker kalkulatu zitekeen ea langileek zer pisu izan behar zuten, gutxienez, egunero-egunero lantegira itzuli ahal izateko, eta lan-indarra ekoizten eta erreproduzitzen jarraitu ahal izateko.

Indize hori, gero, mundu osora zabaldu da.

Indizea nondik zetorren jakin nuenean, nire buruari galdetu nion: Frantzian sortu zen indizea, Industria Iraultzaren abaroan, xede zehatz batzuk lortzeko Zer zerikusi dauka horrek denak bestelako ekoizpen modu batzuekin, lurrari lotuago dauden bestelako eredu eta elikadura batzuekin? Hemeretzigarren mendeko langile frantziar baten pisua nolatan bilakatu da gainerako gorputz guztiak neurtzeko balio duen gorputz unibertsal?

Gauza jakina da unibertsalizatzea dela kolonialismoaren eragiketa tipikoetako bat, are gehiago, unibertsalizazioan oinarritzen da kolonialismoa, beraz, ikusirik indize horren arabera neurtzen direla gorputz denak, gutxien-gutxienez, susmagarria iruditu beharko litzaiguke. Ikusi behar dugu proiektu koloniala noraino daramagun gorputzean, eta zer egin dezakegun hori desikasteko.

Gainera, gorputzen osasuna neurtzen da indize horren arabera.

Gorroto-adierazpen bat da lodifobia, eta osasuna izaten da gorroto hori sostengatzeko argudio nagusietako bat. Hasteko eta behin, diskurtso medikua estamentu zalantza ezina da gaur egun, uste dugu ez dakigula ezertxo ere gure gorputzaren osasunaz, eta sendagileak, bata zuria jantzirik, hark bakarrik esan diezaguke zer den ona eta zer txarra. Erdi Aroko herritarrek nolako harremana apaizarekin, halakoxea guk gaur egun sendagileekin. Autonomo eta independente izan nahi dugu, baina osasunarekin harreman guztiz hierarkikoa daukagu, jakintza hori guztiz ezezaguna balitzaigu bezala.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer gertatzen da pertsona lodi bat medikutara doanean?

Esan moduan, botere-egoera guztiz bertikala da, eta lodiok medikuaren kontsultara sartzen garenean, sendagileak ikusi bezain pronto ondorioztatuko du diabetesa eta hipertentsioa dauzkazula eta seguru asko urte gutxiren buruan hilko zarela, bihotzekoak jota. Sendagileak hori jakitea zu ikusi bezain pronto igartze-lana da, ezta? Beraz, egoera horretan, zenbat da zientzia eta zenbat lodifobia? Zera, sendagile horrek oraindik ez ditu zure analisiak ez beste ezer begiratu, ikusi egin zaitu, ez besterik, baina aurreiritzi lodifoboak dauzkanez, zuzenean lotzen ditu gorputz lodiak eta gaitz jakin batzuk, gorputz hori berori akats gisa ikusten baitu, oker dagoen gorputz gisa, zeina desagertu egin behar baita, eta argal bihurtu, orduantxe izango baita zoriontsu, azkenik.

Hauxe ere esan duzu: gorputz “normalak” eraikitzen dituen dispositiboa jarri behar dela zalantzan.

Lodifobia lantzeko garaian, potenteagoa iruditzen zait beste hori aztertzea, ea zerk eraikitzen duen gorputz normal bat, eta hortik abiatuta ikustea ea zergatik nagoen ni arautik kanpo. Jakina, lodifobiak eratzen duen bortizkeria guztia ezagutu behar da, eta aurre egin behar zaio modu aktiboan, baina uste dut argi nabarmendu behar dela gorputz lodia ez dela akats bat, ez dela arazo bat bere horretan. Garrantzitsua iruditzen zait abiapuntu hauxe: gure gorputzak posible dira. Zeren, zergatik da ba beste gorputz hori gorputz normala? Normaltasuna nola eraikitzen den aztertuz, eta gero zalantzan jarriz beste gorputz hori zuzena dela eta gurea ez, eraikitzen den unean bertan desaktibatzen da araua.

Orain dela gutxi, Epistemología rumiante (Epistemologia hausnarkaria) izeneko fanzinea argitaratu zenuen. Kontatuko zenidake nondik datozen hausnarkariekin lotutako ideia horiek?

Hasteko, harreman historikoa dut behiekin. Argentina hegoaldeko landa-eremu batekoa naiz, landa-eremu oso zabal batekoa: gure etxearen inguruan, hainbat eta hainbat kilometrotan, ez zegoen beste etxerik. Beraz haurra eta nerabea nintzela, harreman handiagoa izan nuen behiekin gizakiekin baino.

Izan ere, behiek lau urdail dauzkate, eta lauetan barrena erabiltzen dituzte elikagaiak: horregatik esaten zaie hausnarkari.

Hausnarkarien ideiak balio zidan mantsotasuna pentsatzeko; asko interesatzen zait botata egoteko keinu hori, bestelako denboratasun bat da. Zalantzan jarri nahi nuke zalutasuna, bizkortasuna eta eraginkortasuna ote diren gauzak egiteko modu egokia eta bakarra. Bestela egoteko modu bat sortu nahi nuen, poetikoki, zeina gutxienez baliagarria baitzait munduarekin daukadan harremana eraikitzeko. Pentsatu nahi dut geldotasuna posible dela, bestelako denboratasunetan bizi gaitezkeela, eta hortik abiaturik proposatu dut beste metodo hau, apur bat mantsoa, apur bat huts egindakoa, bai behintzat emankortasunaren ikuspegitik.

Pasadizo polit bat kontatzen duzu behien taldetasunaz: nola, txingorra botatzen duenean, lehenik korrika hasten diren larrean dauden behi guztiei abisu emateko, eta gero guztiak elkarren babesean biltzen diren, buruak beherantz jarrita, harriek ez diezaieten jo larru gogorrean baino.

Behia ez dago sekula bere bakardadean, eta niretzat ideia hori funtsezkoa da. Aliatuak funtsezkoak dira. Bestalde, fanzinean badago beste ideia bat: “Ez dakizu nola esan, baina hausnarrean zabiltza”. Hauxe adierazi nahi dut: ez dago zertan segurtasun eta argitasun erabatekorik agertu beti, sentitu ditzakezu gauzak, lau urdailetatik pasatu, eta ikusi ea gero zer ateratzen den. Metodo hausnarkariak nahiago ditu intuizioak, ez hainbeste asmoak. Hausnarkaria, gainera, totela izan daiteke: horixe da kontua, totelka hitz egin daiteke, hitz egin daiteke munduko segurtasun guztiaren jabe izan gabe, baina garrantzitsua da ahots horiek egotea. Bestelako ahotsak behar ditugu, eta aukera eduki behar dugu bestelako kontakizunak eratzeko, kontakizun berriak sortzeko.

Reggaetoiari deabrua kendu

Elkarrizketan aipatu ditugunez bestelako gairik ekarri nahi lukeen galdetu diot Massoni. Berehalaxe erantzun dit: “Reggaetoiak asko eman dit pentsamenduaren aldetik. Garrantzi handia ematen die gorputzari eta sexualitateari, eta uste dut gorputza apur bat desartikulatzeko aukera ematen digula, zurrun-zurrun egoteari uzteko aukera. Feminista txintxoen begiak hor daude reggaetoia epaitzen, munduko gauzarik matxistena balitz bezala, baina aztertu behar genuke zergatik ez diren beste musika-generoak berdin epaitzen, horiek ere matxismoz josirik baitaude, mundua bezalaxe. Uste dut reggaetoiaren aurkako arbuioa, batez ere, arrazista dela”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gorputza  |  Osasuna  |  Argentina  |  Arrazakeria

Gorputza kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-21 | Nahia Ibarzabal
60 emakumeri genitalak mutilatu dizkiete

Bost eta zazpi urte bitarteko haurrei genitalak moztu dizkiete Burkina Fason eta 30 guraso eta emagin atxilotu dituzte zerikusia dutelakoan.


Higienea
Gehiegi garbitzearen paradoxa

Gorputza garbitzea ez da beti osasun kontua, ezta osasungarria ere. Egunean behin edo sarriago egitea da gaur egun normalena. Ohitura kultural hau, baina, batzuetan kaltegarria gerta liteke azalarentzat.


5 urteetatik hasita, sexu heziketa derrigorrezko ikasgaia izango da Quebeceko eskoletan

Hastear den ikasturte honetan, derrigorrezko ikasgai berria emango dute Quebeceko ikastetxe publiko nahiz pribatu guztiek: sexu heziketa. Lore eta erleen metaforarik gabe, ugalketa prozesuaz zintzo hitz egingo diete 5 urteko haurrei, baita familia eredu anitzez edota bulba eta eskroto hitzen esanahiaz ere. Ikasgaiak jarraipena izango du derrigorrezko hezkuntzan, 16 urtera arte.


2018-09-07 | Nahia Ibarzabal
Emakume lodiek argalek baino lan eskaintza nabarmen gutxiago dituzte gizartea lodifoboa denean

Frantzian izugarrizko lodifobia existitzen delako, obesitatearen eta prekarietatearen arteko lotura esanguratsua dela salatu dute, zenbait kazetari, ekintzaile eta politikarik.


2018-09-02 | Ane Labaka Mayoz
María Jesús Balbás
"Menopausia okerren bizi dugunak europarrak gara"

María Jesús Balbás Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da, esperientzia handiko homeopata eta ginekologoa. 2008an Bueno chicas, esto se acabó: Una guía para desdramatizar la menopausia (Neskak, hau bukatu da: Menopausia desdramatizatzeko gida) eta 2009an Guía para una menopausia (casi) perfecta (Menopausia -ia- biribila izateko gida) liburuak idatziak ditu. Zarautzen dauka kontsulta. Elkarrizketan menopausia duen emakume ahul, triste, antzu eta... [+]


"5 urteko alabari ez diot bikiniaren goiko zatia erosi nahi"

5 urteko alabentzat bainujantzia erostera joan da Laura Pinyol, baina apenas aurkitu duen azpiko galtza bakarrik duen jantzirik, ia denak doaz bularretakoaz lagunduta. "Neskatoei bikinia erostea da onartuta daukagun hipersexualizaziorik inuzente eta ohikoena".


Kiropraktika
Garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea

Bizkarrezurra da nerbio sistema babesten duena, garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea. Jakitun ez garen arren, edozein osasun arazoren iturburua izan daiteke. Hala kontatu digu Xabier Mendiaraz kiropraktikoak.


Gaixotasun zeliakoa
Zer jan eta zer ez, hori da kontua

Hesteetako arazoa da zeliakia. Glutena digeritzeko zailtasunak dituenak pairatzen du. Gaixotasun kronikoa da eta sendagai bakarra betierekoa izango den elikadura zaintzea da. 


2018-04-22 | Ane Labaka Mayoz
Hilekoari beha
Bizitza ez baita lineala, biribila baizik

Emakume gorputz ezezagunak, estu hartuak, minduak, aurreiritziz estaliak. Ione F. Zabaleta eta Enara I. Dominguez irundarrak kritikoak dira ginekologia molde hegemonikoarekin. Norbere gorputzak ezagutu, behatu, eta jakintza elkarren artean trukatzea lehenesten dute. Helburua errealitate samurragoa eraikitzea da. Hilekoaren nondik norakoak azalduz autoginekologian pausoak emateko bidea erakutsi digute.


One Orti printzesa baskoia
Dinastiak batzeko tresna

Iruñea, c. 848. Oneka Orti jaio zen, Iruñeko Orti I.a Gartzez Begibakarra erregearen eta Auria erreginaren alaba, Aritza leinukoa. Haren berri Rodako Kodexak eta Al-Andaluseko historialarien kronikek jaso zuten, bain a ezer gutxi adierazten dute bere izaeraz eta, hala, Oneka bere ezkontzek izan zuten eragin politikoarengatik da nagusiki ezaguna.

 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude