“Uste dena baino askoz hobeto bizi zaitezke gurpildun aulkian”

  • Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu batean, eta hanketako paralisia du geroztik. Ezbeharrak, ordea, ez du geldiarazi, eta orain handbike modalitatearen bidez jasotzen du horren beharrezko duen abiadura dosia. Eskuekin mugiarazten diren bizikletak dira handbike­-ak, eta horietako baten gainean balentria handia egin du aurten Mujikak: Titan Desert lasterketa ospetsua bukatu du. Jendeak errukiz begiratzen omen du oraindik, baina berak argi du: "Gauza ugari egin daiteke gurpildun aulkian egon arren".

Mujika, Altsasun duen tailerrean. Elkarrizketa egin baino apur bat lehenago konpontzera eraman behar izan zuen bizitza aldatu dion bizikleta, lasterketetan erabiltzen duen 'handbike'-a.
Mujika, Altsasun duen tailerrean. Elkarrizketa egin baino apur bat lehenago konpontzera eraman behar izan zuen bizitza aldatu dion bizikleta, lasterketetan erabiltzen duen 'handbike'-a.Eñaut Agirrebengoa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Batetik bestera zabiltza handbike gainean. Benetako pasioa, ordea, tailer honen barruan duzu; motor-zale amorratua zara.

Zainetan gasolina daramat, kar-kar. Etxean zaletasun handia dute, eta ni oso umetan igo nintzen motorrera. Lau urte inguru nituela, bateria bidez zebilen moto bat erosi zidaten, eta horrekin herrian bueltaka ibiltzen nintzen. Bederatzirekin Mobylette bat eskuratu nuen, eta ondoren lehiatzeari ekin nion; ikastola bukatzean hasi nintzen lasterketetan. Batik bat moto-kros modalitatean aritu nintzen. Juniorretan hirugarren postua lortu nuen Euskal Herriko txapelketan. Ez da aparteko ezer: bospasei pilotu lehiatu ginen. 

Urrunago iritsi zinen mekanikari. 2021ean Dakar Rallyan egin zenuen lan, Aventura Touareg klubarekin. 

Sekulakoa izan zen. Mekanikari gisa, noizbait Dakarrera joatea zen nire helburua. Behin han egonda, ikaragarri gozatu nuen. Hori bai, esperientzia gogorra da: gauez ez duzu lorik egiten, egun guztia bueltaka zabiltza… Baina oso giro berezia sortzen da partaide eta langileen artean. Pilotuek egunez egiten zuten lan; mekanikariok, ordea, egunean zehar material guztia helmugaraino eraman behar genuen, eta ibilgailuen konponketa lanak gauez bukatzen genituen. Erronka handia izan zen. 

Bizitzaren gorabeherak zer diren: moto istripu larria izan zenuen Dakarretik itzuli eta hiru hilabetera, eta gurpildun aulkian zaude geroztik. 

Kontrastea oso bortitza izan zen. Bata nire bizitzako esperientziarik onena izan zen, eta bestea, txarrena. Motorrarekin airean nintzela, banekien muturreko handia hartuko nuela. Eta behin lurrean nengoela, garbi ikusi nuen larria zela. Lasterketa baten aurreko entrenamenduan gertatu zen; hirugarren biran, zehazki. Ez nintzen arriskurik hartzen ari, baina zirkuitua oso azkarra zen eta harriak zituen bazterretan. Uste dut bizkarrarekin harri horietako baten kontra egin nuela talka, salto baten ondoren. 

“Lehen garbi nuen noizbait errepidean hilko nintzela, motoarekin. Istripua gogorra izan zen, baina ez ninduen ezustean harrapatu”

Bizkar-muina zanpatu egin zitzaizun, orno bat lehertzearen ondorioz. Horrek hanketako paralisia eragin zizun, betirako. 

Hala da. ZIUan hiruzpalau egun egin nituen, eta gero Bartzelonako Guttman Institutuaren neuro-errehabilitazio ospitalera eraman ninduten. 21 egun pasata sendatu zen birika, eta orduan finkatu zidaten bizkarra. Gogorrena zirkuitutik ateratzea izan zen: euria hasi zen, baita haizea ere, zulo batean nengoen… Nik den-dena oroitzen dut. Konortea pare bat minutuz galdu nuen bakarrik.  

Nolakoa izan zen errehabilitazio prozesua, mentalki nola egin zenion aurre?

Nik banekien halako zerbait gerta zekidakeela, eta istripuak ez ninduen ezustean harrapatu. 'Bukatu da jolasa', esan nuen nire artean. Motorrean ibilita, arriskua beti dago hor. Lehen, garbi nuen noizbait errepidean hilko nintzela, motorrarekin. Lasterketak baino arriskutsuagoak dira errepideak. Gogorra izan zen istripua, baita ondorena ere. Baina bizirik nago behintzat. 

Bizitza goitik behera aldatu zitzaizun. Alabaina, ez zenion kirola egiteari utzi. 

Guttmanekoek ez zidaten beste aukerarik eman! Etxera iritsi orduko, gustuko kirol bat topatzeko esan zidaten. Hasieran saskibaloian eta padelean egin nuen proba, baina ez nintzen eroso sentitu. Nik kirola bakarka egin izan dut betidanik, eta talde batean jardutea oso ezberdina da. Handbike-ak, ordea, nik behar dudan guztia eskaintzen zidan. Igo orduko, garbi ikusi nuen: "Hau da nire kirola". Sentsazio aldetik motorraren antzekoa da. Azkar zoaz, eta arriskua ere hor dago.

Argazkia: IÑAKI MUJIKAK UTZIA

Zer zentzutan da arriskutsua?

Ni etzanda noa bizikletan: ez naute ikusten, eta nik ere ez dut askorik ikusten. Segurtasun neurriak badira, noski. Adibidez, bandera bat daramat atzean, eta argiak eta ispiluak ere baditut. Baina oso adi ibili behar duzu. Zorionez, Sakana toki zoragarria da bizikletan ibiltzeko. Errepideak oso lasaiak dira, eta txirrindulari asko dabilenez, auto-gidariak jada ohituta daude. Bizikidetza beste toki batzuetan baino askoz ere errazagoa da. 

Errepideko bizikleta bazenuen lehendik, baina mendikoari esker motoan ibili ohi zinen tokietara itzuli zara. 

Askatasun handia ematen dit. Bidexka tenteetan barrena ibili naiteke, inongo laguntzarik gabe. Trakzioa atzean du, errepidekoak ez bezala, eta motor elektrikoa duenez, 50 kilo inguru pisatzen ditu. Motorra lagungarria da, baina besoetan indar handia behar duzu, noski. Hanbike-an hasi nintzenean, sasoi gogor bat egin eta hiruzpalau egun ohean igarotzen nituen. Aurten jo eta ke ibili naiz bizikletan, Titan Desert prestatzeko.  

Basamortuaren deia jaso zenuen berriro. Ezinezkoa zirudien inork Titan Desert lasterketa handbike bizikletan bukatzea, baina zu gai izan zara, Pablo Montoia atarrabiarrarekin batera. 

Nire kirol ibilbideko lorpenik handiena izan da, ezbairik gabe. Helmugara iriste soila garaipen itzela izan da guretzat. Beste batzuk saiatuak ziren handbike-arekin proba bukatzen, baina gu izan gara hori lortzen lehenak. Ezinezkoa zela esaten zigun mundu guztiak, eta zailtasunaz jakitun izanda, oso gogor entrenatu ginen. Uste dut gogorragoa izan zela prestaketa, lasterketa bera baino. 

“Titan Desertera joateko, sasoi ona, mendiko bizikleta eta buru gutxi izan behar duzu. Baldintza guztiak betetzen nituen nik”

Zeharka, Guttman Institutuaren bidez lortu zenuen mendiko bizikleta. Eta Titan Desertera joateko proposamena ere haiek egin zizuten. Paziente guztiei ez diete gomendatuko desertuan sei egunez lehiatzea, ala?

Ez, noski! Titanera joateko, sasoi ona, mendiko bizikleta eta buru gutxi izan behar duzu. Haiek bazekiten nire kasuan baldintza guztiak betetzen direla, kar-kar. Iazko udan aipatu zidaten aurrenekoz aukera hori. Zalantzak zituzten: ez zekiten nola moldatuko ginen handbike bizikletekin desertuko hondarrean. Egun batean hondarretan egin nuen entrenamendua, posible ote zen ikusteko. "Ezta pentsatu ere", erantzun nien. Hor gelditu zen gauza. Baina hilabete batzuk pasata, xaxatu egin gintuzten berriro. Eta orduan bai, amua irentsi genuen. Esperantza handirik gabe, hori bai: konbentzituta nengoen lehen etapa ere ez genuela bukatuko. 

Osotara 500 kilometro egin zenituzten Saharako desertuan barrena, sei etapatan banatuta. Lehen egunean, 50 kiloko bizikleta batekin dunak igo beharra izan zenuten. 

Bosgarren kilometroan hasten ziren dunak. Berotzeko tarterik ere ez genuen eduki. Edonola ere, bezperan gogotik egin zuen euria. Hau da, harea nahiko trinkotuta zegoen. Eta, horrez gain, nahiko eguraldi freskoa izan genuen etapa egiteko. Dunetan taldekideen laguntza behar izan genuen, ezinbestean. Denetarako bederatzi ginen taldean: bi paraplegiko, beste bi garuneko lesioekin, eta laguntzaile joan ziren Guttmaneko bost langile. Soilik dunetan behar izan genuen haien laguntza. Eta kanpamenduan ere bai. 

Zer sentsazio eragiten du basamortuan, ezerezaren erdian egoteak?

Oso berezia eta hunkigarria izan zen. Xarma berezia du basamortuak. Ozeano handi bat dirudi. Partaideen arteko harremana ere nabarmendu nahiko nuke. Inoiz ez zaude bakarrik; egunero, abiadura berean gindoazen pertsonak elkartzen ginen, eta oso giro polita izaten genuen. Basamortuko biztanleekin, aldiz, ez genuen harremanik izan. Hainbat herrixka zeharkatu genuen, baina oso jende gutxi ikusi. Lasterketak kanpamendu nomada dauka, eta bertan igarotzen genituen gauak. Bizikidetza atsegina izan zen orokorrean, baina gurpildun aulkian egonik, oso nekeza izan zen batetik bestera mugitzea. Hori garbi utzi ziguten joan aurretik: "Etor zaitezkete, baina ezer ez da egokituta egongo". 

Eguneroko bizitzan ere oztopo handiak dituzula sentitzen duzu?

Ez, egunerokoan ez dut aparteko oztoporik bizimodu normala edukitzeko. Etxea egokitua dut, eta nire trikimailuak ditut herrian batetik bestera mugitzeko.

Gauza ugari egin daiteke gurpildun aulkian egon arren. Ez duzu zertan Titan Desertera joan. Baina bizimodu normala neurri handi batean berreskura daiteke. Horretarako, ordea, zeure burua normaltzat jo behar duzu. Eta ez da erraza. Gurpildun aulkian geratzean, uste duzu ez zarela ezertarako gai. Hori sartzen digute buruan. Nik neuk ere hori pentsatzen nuen hasieran. Baina gero, saiatu ahala, ikusten duzu uste dena baino askoz hobe bizi zaitezkela. 

Ezgaitasunik ez duen jende askok baino bizi kalitate hobea duzula esango zenuke?

Ba, begira, tristea da esatea, baina bada jendea hobe bizi dena istripu bat izan eta gurpildun aulkian geratu ostean. Lehenago agian ez zuen bere burua batere zaintzen, baina gero, bai ala bai, kirola egin beharra dago. Eta mugimenduak ongizatea dakar. 

Baita burujabetza handiagoa ere, eta hori funtsezkoa da zuretzat. Beharrik izan ezean, ez duzu jendeak ezertan laguntzerik nahi.

Zailtasunak aurkitu bezain pronto laguntza eskatuta, abilezia asko garatzeko aukera galtzen duzu. Jendeak halako bulkada bat izaten du gurpildun aulkian gaudenoi laguntzeko. Adibidez, autotik irteten edo malda bat igotzen ari garenean. Bestalde, jendeak oraindik ere errukiz begiratzen nauela sentitzen dut. "Mutil gizajoa…". Normalizatu egin dut.

Kemena berezkoa duzu? Edo landu egin duzu urteen joanean?

Uste dut beti izan naizela horrelakoa. Istripuak ere eragina izango zuen, noski, adore handia behar baita aurrera egiteko. Badakit kasu berezia naizela, beti bainago saltsaren batean sartuta. Orain, kart lasterketak ditut begiz jota. Eta handbike-ari dagokionez, Oñatiko Bizi Hadi talde inklusiboarekin ari naiz lehiatzen; iaz sortu zuten, kirol egokitua sustatzeko intentzioarekin. Eskoletan oso lan polita egiten dute: umeei erakusten diete gurpildun aulkian geratzea ez dela munduaren bukaera. Txikitatik landu behar da jendearen begirada. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
Donostiako Klasikoa eta Israel-Premier Tech taldea

BDZ Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduko (BDS nazioartean) ordezkaritza bat bildu berri da Donostiako Klasikoa antolatzen duen Oceta erakundeko arduradun batekin. Jakinarazi digu aurten, iaz ez bezala, lasterketara ez dela talde israeldarrik etorriko... [+]


Gorputz hotsak
“Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik”

Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko

Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


Mila ertzain inguru manifestatu dira Gasteizen, eta esan dute ez dutela Tourra saboteatuko

Jaurlaritzaren arabera, jarrera "estu", "irrealista" eta "arduragabea" dute protestan ari diren ertzainek. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien ostiralean sailaren arduradun Josu Erkorekak, sindikatuak mahaitik altxatu eta gobernuari... [+]


2023-06-23 | Jon Torner Zabala
“Euskara ezinbestekoa Itzuli Handian”, Tourra Baionara heltzean euskarari leku egiteko hitzarmena

Bilbo, Gasteiz eta Donostia zeharkatu ostean, uztailaren 3an Baionara helduko da Frantziako Tourra. Lasterketak duen oihartzunaren jakitun, hitzarmena sinatu dute Baionako eta Tourraren antolatzaile Amaury Sport enpresako ordezkariek, "euskara balioan ezarri, hedatu eta... [+]


Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak

Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.


Eguneraketa berriak daude