ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Amazoniako Ashaninkak kolonoei oldartu zaizkie, 1742ko guduak gogoan

  • Irail hasieran Biodiversidad en América Latina y el Caribe hedabideak titulatu zuen: “Ashaninka jendeak beren buruzagien kontrako heriotza mehatxuak salatu ditu”. Amazoniako indigenek oihanak eraistera doazkien konpainia eta kolonoekin dauzkaten liskarretako beste bat gehiago litzateke… ez balitz XXI. mendean erresistentzian diharduten ashaninkak direla duela 270 urte inbasore espainiarrei aurre egin eta geldiarazi zituzten haien odolekoak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko urriaren 01a
Franklin Brice˝ok egindako argazkian, ashaninken autodefentsa talde batek 2011n egindako ekintza bat, Ene ibai ertzeko Nuevo Amanecer Hawai herrian burutua: egur konpainiek kontratatutako kolonoak bortxaz sartuak zirenez herrian, ashaninkek bortxaz atera
Franklin Brice˝ok egindako argazkian, ashaninken autodefentsa talde batek 2011n egindako ekintza bat, Ene ibai ertzeko Nuevo Amanecer Hawai herrian burutua: egur konpainiek kontratatutako kolonoak bortxaz sartuak zirenez herrian, ashaninkek bortxaz atera zituzten bertatik zeramatzaten armetako batzuk kenduta. XIX. mendean kautxuaren sukarrak ekarri zituen lekuotara kolonoak, XXI. mendean oihan tropikaleko zura preziatuak.

Albisteak aipatzen zuen Amazoniako eta oro har oihan tropikaletako herritar gehienek sufritzen dituzten erasoetako bat, legez kontra –inoiz inolako legerik izan baldin bada oihanean– zuhaitzak eraitsi eta eramatera sartutako konpainietako langileak ibili zirela berriz ere beren herrietan beldurra sartzen.

Amazonia sakonean, milaka batzuk Brasilgo alderdian eta gainerakoak Perurenak diren lurretan, Ashaninka herria zenbat pertsonak osatzen duten ere ez dago garbi, 88.000 diote gaztelaniazko Wikipedian, 25.000-45.000 artean ingelesezkoan. Arawak taldekoa da beren hizkuntza eta sarritan indios campa deitu dituzte Perun bezala munduan.

Amerikako jatorrizko herri honi espainolek ez diete lekurik egin beren historian, misiolari eta militar erasotzaileen artean zeuden euskaldunen ondorengook ere ez. Baina haien erresistentzia gabe ezin da ulertu ez Amazoniako kolonizazioaren atzerapena, ez beren buruak jende zuriengandik isolatu zituzten indioen jokabidea.

2017ko apirilean Ashaninken Autodefentsa Komiteko boluntarioek Meantari herrixkatik kanporatu zituzten egur konpainiek bertara bidalitako 50 gizon armatu. Ekintzaz dauden argazki bakanetan ageri dira oihaneko herritarrak makila, uztai eta geziz armatuak, nahiz eta banaka batzuek badaramatzaten antigoaleko fusilen batzuk. 2017an Asociación Señor de Productores Agroforestales y Ganaderos los Reubicados Nuevo Luren- Somaveni elkarteko egurzaleek lekuon jabe egiteko bigarren saioa zuten, eta bigarrenez egin behar izan zuten atzera 100 lagunez osatutako autodefentsa ashaninkaren aurrean.

CARE Central Ashaninka del Rio Ene elkarteak biltzen ditu ibai horren bazterrean bizi diren 10.000 inguru jendeen informazioak. Zehazki Meantarin 160 lagun bizi dira 21 familiatakoak, tartean Ruth Buendia CAREko lehendakaria, 2014an Goldman nazioarteko nobel alternatiboa irabazia: “Kolonoak iritsi zirenean asko beldurtu ginen, gogora ekarri zizkigun Sendero Luminosoko terroristak etortzen zitzaizkiguneko garaiak. Min egin ez ziezaguten ihes egitea baizik ez zitzaigun bururatu”.

Patuak edo naturaren oparotasunak nahi izan zuten Sendero Luminoso gerrillak Peruko militarren erasotik ihesi gordelekuetako bat ashaninken basoetan aurkitzea 1980ko hamarkadan. Marxismo maoistaren irakurketa bitxia egiten zuen gerrillaren eta Limako gobernuaren arteko gerrak 60.000 hildako (erdiak gerrillarienak, beste erdiak kontra-intsurgentziak eragindakoak) ekarri bazituen, Amazonasko ashaninka jendeak larrutik pagatu zuen: milaka hil eta desagertu (zenbait iturriren arabera hamar biztanletik bat), familia osoak urte luzez gerrillarien esklabutzan, gazteak bortxaz gudari aritu beharra… Gobernuak gerrilla suntsituta etxera itzulitakoan ashaninka askok kolono berriak aurkitu zituzten beren betiko oihanetan kokaturik: milaka urtez bizileku izandako lur eta zuhaitz haiek berenak zirela nola demostratu?

Egia esan, Sendero Luminosokoek ashanikekin egin zutena edo kolono egurzaleek polizia ustelekin elkar hartuta egin nahi dietena ez dira oso ezberdinak XVIII. mendean espainiarrek jasanarazten zizkietenetatik. Orduan lortu zuten libre atxikitzea bizirauteko adinako lurralde.

Zerura igo zen Juan Santos Atahualpa

Hego Amerikako indigenen antropologian erreferentzia den Stefano Varese perutarrak kontatua du ashaninken XVIII.eko historia La sal de los cerros (Mendietako gatza) liburu klasikoan.Vareseri egokitu zitzaion aukera beste antropologo batzuekin batera Juan Velasco Alvarado presidente militarraren gobernu aurrerazaleari laguntzeko Peruko aborigenen eskubideak lege bihurtzeko lehen ahaleginean.

Varesek kontatua du XVIII. mendean Peruko Amazonian Juan Santos Atahualpa izeneko buruzagi inkak indigenekin baina batik bat ashaninka jendearekin kolono espainolen aurrean lortutako erresistentzia arrakastatsua, hein batean iradokitzen diguna bi mende eta erdi beranduago Mexikon Marcos komandanteak Chiapaseko maia jendearekin antolatutako gerrilla zapatistaren erresistentzia eredua.

Juan Santos Atahualpa (1710-1756?)zen espainolek menderatutako aristokrazia inka familia bateko semea, gaztetan jesuitek apaizetarako hautatu eta Espainiaraino eramanda, seminarioan ondo hezia. Ameriketara itzulita, bi mende lehenago suntsitutako inken eremu geopolitikoan bizi ziren herriek  espainolen kontra zeuzkaten ezinegonak josi zituen. 1742rako kolonoak hasita zeuden lehen erasoak jasaten.

Ashaninka jendearekin berehala lortu zuen konexioa Atahualpak. Etnia hark posizio berezia zeukan Amazonian Cerro de la Sal mendiko –gaur Peruko Oxapampa probintzian– gatzaren komertzioa zela eta. Garaiko lingua franca zen kitxua bazekiten askok. Eta, batez ere, bi mendetako esperientziak irakatsia zien atzerritar zuriek ez zekarkietela kalamitatea besterik: Europatik eramandako gaixotasunek suntsitu zituzten hango populazio osoak, misiolariek opari eta hitz gozoz bezala zigor latzez aldarazten zieten munduaren ikuskera eta apaizekin batera etortzen ziren militarrak jendeak hil, herri osoak lekualdatu eta kontzentrazio eremuetan pilatu eta, azkenik, haurrak bezala helduak jabe berrien zerbitzuko esklabo bihurtzera.

Inbaditzaile espainiarren kronikek diote indioen matxinada lehertu zela Domingo Garcia izeneko frantziskotarrak haietako bat –ez zen lehenbizikoa izango– zigorrez egurtu zuenean. Handik laster hasi ziren indigenak ihes egiten fraideek kudeatutako herrietatik, misioei erasotzen, soldaduak bezala apaizak hil edo preso harrapatzen... Santos Atahualpak libre utzitako presoen bidez bidaltzen zizkien mezuak espainiarrei, treguak eskainiz. Inperioak, baina, ez zuen treguarik onartzen bereak zituen salbaiekin.

Militar espainiarrek oihan beltz haietan mila soldadutaraino sartu zuten, ashaninkek aurre egingo zietelakoan. Alferrik. Hauek inbasoreei bidea libre uzten zieten gero ezustean atzetik erasotzeko, tropa gutxirekin lagatako misioak kixkaltzeko... Atahualpak bazekien espainolei ezin ziela irabazi, baina kolpe bat hemen eta kolpe bat hor, inbasoreei erakutsi zien ezingo zutela beren presentzia egonkortu bazter haietan.

1752rako ashaninken lurraldean ez zen ez misio eta ez herri espainiarrik geratzen. 120 urtetan ez zen gizon zuririk gehiago arriskatuko paraje haietan. 1756an galtzen da Juan Santos Atahualparen arrastoa. Haren heriotzaren dokumentu zehatzik ez da. Ashaninka zaharrek diote buruzagia ortzian barrena joan zela su batek eramanik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herri indigenak  |  Peru  |  Kolonialismoa

Herri indigenak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko urriaren 01a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude