ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Trump eta Kimek nola ekarri gaituzten gerra nuklearraren atariraino

  • Ez zaie jaramonik egin behar Ipar Koreako diktadura barregarri uzten duten irudiei: herrialde txikiaren eta munduko potentzia nagusiaren arteko tirabirak 2017ko udan mundua eraman dute krisi atomiko larri baten ateetaraino. 1962an Kubako misilen krisian AEBek eta Sobietar Batasunak gerra atomikoa ia piztu zutenetik ez omen da hain egora arriskutsua bizi izan. Udazkena iristear, ez da ikusten nola baretu Ekialde urruneko sute arriskutsua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko irailaren 03a
‘Chinland Today’ hedabideak zabaldutako irudian, Ipar Koreako militarrak aurtengo Eguzkiaren Egunean Piongiangen burutu desfilean bonba atomikoa eramateko gai diren misilak erakusten. Guam uhartea erasotzeko mehatxua egin dute, handik iparramerikarrek bid
‘Chinland Today’ hedabideak zabaldutako irudian, Ipar Koreako militarrak aurtengo Eguzkiaren Egunean Piongiangen burutu desfilean bonba atomikoa eramateko gai diren misilak erakusten. Guam uhartea erasotzeko mehatxua egin dute, handik iparramerikarrek bidalitako hegazkin bonbaketarien hegaldiak eteten ez badira. Askoz hurbilago, 40 km eskasera daukate Hego Korearen hiriburu Seul.

Donald Trumpek Hiroshima eta Nagasakiren bonbaketaren urteurren eguna hautatu du mehatxatzeko Ipar Korea  “sekula ikusi ez den bezalako suz eta haserrez” atakatzearekin, horrela erakutsiz, froga gehiagoren berririk baldin bazegoen, AEBetako lehendakariaren harrokeria eta buru arina. Beste aldetik, Kim Jong-un buruzagi ipar-korearraren handikeria eta inkontzientziak mundu guztia dauka zainetan. Okerrena gertatuko dela ezin da esan segurtasunez, baina hitzezko eskalada bilaka daiteke gatazka hilgarri edozein gertakizun txikiren poderioz. Mehatxuek eta propagandak ez dute sekula bakerik ekarri. Hobe litzateke errealitatetik abiaturik negoziatzea.

Martine Bulardek hitz horiekin laburbildu zuen uda hasieran AEBen eta Ipar Korearen arteko mehatxu nuklear beroa Le Monde Diplomatiquen. Bularden analisian, Ipar Koreak bonba atomikoan bilatu du bere bizi asegurua atzerritarren eta batez ere iparramerikarren esku hartzeen kontra. Iraki edo Libiari gertatu zaiena erabil dezake frogatzat. Piongiangek bere larruan Koreako Gerran (1950-1953) probatua du zenbaterainokoa den AEBen su ahalmena eta ziurtzat dauka Iran ez baldin badute orain artean Mendebaldeko tropek inbaditu hori lortu duela bere programa nuklearrari esker.

Kontua ez da, oraingo lehendakariaren aitonaren edo aitaren garaietan bezala, plangintza militarra negoziatzea janarien truke. Kim Jong-unek uste du Hego Korea den senide-etsaia Washingtonen morroiegi dela politika autonomorik edukitzeko, horregatik zuzenean negoziatu nahi du AEBekin aintzat hartu dezaten. Ez ahaztu gerra 1953an armistizio batez bukatu zen arren, oraindik bake itunik ez dela bien artean.

Begi guztiek Txinari begiratzen diote, Ipar Korearekiko auzo nagusia delako, baina tentuz jokatu beharra dauka. Nazio Batuen Erakundean zigor ekonomiko berriak bozkatu direnean berak ere baiezko botoa eman duen arren, gero neurriak halako malgutasun batekin aplikatzen ditu. Koreako penintsula nuklearizatzea ez zaio interesatzen, besteren artean AEBek misil eta tropa gehiago hurbiltzea dakarrelako –lehendik txinatarrei itogarria zaien hesi militarra gogorragotuz–. Piongiangi bizimodua zailtzerik ere ez zaio komeni, errefuxiatu korear mordoa ekarriko liokeelako mugako eskualdeetara, lehendik korearrez gainezka dauzkanetara.

Maiatzean gatazka beraz idatzi zuen Philippe Pons kazetariak, berrikitan Corée du Nord. Un État-guérilla en mutation liburua plazaratu duenak. Ponsen “Piongiangen arrazionalitatea” analisia irakurtzekoa da, hedabide nagusiek Ipar Koreaz ematen diguten irudi barregarria gaindituz hango agintarien logika ulertzen saiatzeko, diktadura haren laudorioetan erori barik.

1950-1953ko gerra hilkorraren ostean –milioi erditik gora militar eta 2,5 milioi zibil hilik, erdia baino gehiago iparraldekoak– Ipar Korea berriro erasotzeko aukerak behin baino gehiagotan aztertu dituzte yankiek. Azken aldiz 1994an, Koreako Herri Errepublika plutonioa ekoizten ari zela jakin zenean, Clinton lehendakariaren aginte aldian. Gerra azken unean saihestu zuen James Carter lehendakari ohiak Piongiangera egindako bisitak.

Piongiangen logika ulertu

Gaur Donald Trumpek aurpegiratzen dio Barack Obamari ezer lortu ez izana bere politika epelekin eta munduari agintzen dio korearrak sartuko dituela arrastoan jipoi eder bat emanik. Ponsen aburuz, AEBetako agintariek ezikusia egin diete Piongiangek arma nuklearra eskuratzeko zeukan logika ulertzeari.

Ipar Koreako agintariek, dio Ponsek, ulertu zuten beren burua bakar-bakarrik babestu beharko zutela eta horretarako 80ko hamarkadan abiatu zuten Sobietar Batasunaren laguntzarekin programa nuklear zibil bat, gero erabilera militarrera bideratu zutena, sekretuki. Sobiet Batasuna hondoratzeak eta Txinaren eboluzioarekin are mehatxatuagoa sentituz, Piongiangek plan nuklearra sendotu zuen, oraingoan Pakistanen laguntzarekin. “Amerikarrek Afganistanen, Iraken eta, geroago, Sirian eraso zutenean, horrek are gehiago konbentzitu ditu ipar korearrak: arma nuklearraren jabe izatea dutela patu bera ez nozitzeko berme bakarra”.

1994an bi aldeek lortu zuten akordioa, korearren plutonio ekoizpena abandonaturik zigor ekonomikoak kendu eta Mendebaldeak nuklear zibilentzako zenbait hornidura ematearen truke. Baina yankiek ez zuten beren hitza bete, korearrek hain gutxi. 2002rako ituna haizeak eramana zuen, eta George W. Bushek espero baldin bazuen korearrak itotzea, alderantzizkoa gertatu zitzaion: 2006an burutu zuten lehenbiziko leherketa atomikoa, eta ondoren beste lau edo bost gehiago.

Gauden lekura iritsita, “erregimenarentzako suizidioa litzateke arma atomikoari uko egitea: ezingo luke justifikatu defentsako gastuei lehentasuna emateko urteotan herritarrei beren bizimoduaren kaltetan jasanarazitako sakrifizio guztia, baina gainera kanpoko eraso baten aurrean zaurgarri geratuko litzateke, Irak bezala”. Piongiango erregimenak, dio Ponsek, zoro eta irrazionaltzat jotzen den arren, lerro politiko jakin bati jarraitzen dio aspalditik eta eten gabe: ahalegintzen da potentzia burujabetzat onartu dezaten, arma atomikoa eskuratzen, nazioarteko ezagutza –baita Washingtonena ere– lortzen, hondamendi ekonomikotik ateratzen sakoneko erreformekin, planifikazioa eta ekimen pribatua uztartzen dituzten sektoreak antolatuz, Piongiang etxe horratzez eta merkatal gunez hornituz… eta bide batez barne oposiziorik ñimiñoena ere –honetan ez da erreformarik Ipar Korean– suntsituz.

Txinak asmatuko ote du bitartekari lanetan? Pekingo agintariei ez die graziarik egiten Ipar Koreak bonba atomikoa edukitzeak, baina buruko min larria lukete AEBek bertan gerra piztuko balute: lehendik handia den yankien presentzia areagotu, milaka edo milioika errefuxiatu berri ate joka… eta –logika ororen arabera ipar korearrak liratekeenez galtzaile– Korea osoa Seulen mende geratzea, hau da, Ipar Korea den isolatzailea galtzea AEBko militarren aurren aurrean.

The Global Times hedabide txinatarrak honela zehaztu du Pekingo gobernuaren jarrera: “Korea baldin bada lehena misilak jaurtitzen AEBen lurraldearen kontra eta AEBek erantzuten baldin badute, Txinak neutraltasunari eutsiko dio gerran. Alabaina, AEB eta Hego Korea hasten baldin badira prebentziozko erasoekin eta Ipar Koreako erregimena eraisten penintsula korearreko eredu politikoa aldatzeko, Txinak ez die utziko”. Ez egin barre korearrei, benetan ari dira eta.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Arma nuklearrak  |  Nuklearra

Arma nuklearrak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko irailaren 03a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude