“Txikitan amamak azken judizioari buruz asko hitz egiten zigun, kaleak dendaz eta errepidez beteko zirela, antikristoa etorri eta mundua bukatuko zela esaten zuen. Baserriaren bukaeraz ari zela uste dut. Baserria arriskuan zegoela esateko bere modua zen”. Asier Altunaren Amama pelikulan kontatzen da: baserriaren transmisioari eutsiko bazaio, hitz egiten hasteko ordua da.
Baserri mundu tradizionalak gaurko gizartean sortzen duen gatazka du ardatz Amamak. Honela zabaltzen du filma protagonistaren ahotsak: “Baserria ez da sekula banatuko. Inondik inora ez. Hori da baserriko legerik sakratuena. Baserria seme bakar baten esku geratuko da oso-osorik. Besteek baserritik alde egin beharko dute. Aspaldi seme zaharrena izaten zen etxean geratzeko erantzukizuna jasotzen zuena. Gaur egun oinordekoa aukeratu egiten da”.
Hor dago koska, eta hori da kezka. Tradizioz, baserriaren transmisioa ziurtatzeko etxeko seme-alaba zaharrena geratu izan da bertan, lurrak landu eta gurasoak zaintzeko ardurarekin. Gaur egun, bertako lanari segida emango dion pertsona bakarra hautatu ordez, hainbat oinordekoren artean banatzea ohiko bihurtu da. Hala baieztatu digu Andres Urrutia notario eta Deustuko unibertsitateko irakasleak. Notaritzatik antzeman dutenez, unitate ekonomiko osoa zen baserria lehen, eta bizpahiru senideren etxebizitza da gero eta gehiago orain. Eta hori, gaur arte izan duen funtzioari dagokionez, baserria desagertzea dela dio. “Esan daiteke garai batean familia baserrirako zela eta egun, esanahi kolektibo hori galtzean, baserria dela titularrarentzat”.
Maite Aristegi, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Sindikatuko idazkari nagusi ohia, Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartean dabil lanean egun, baserriaren transmisioaren ardurak mugituta. Asier Altuna bezala bergararra da, eta zera dio pelikulaz: “Amamak baserriko lana gogortasunarekin lotzen du eta lana egin behar da, baina gaur beste forma batzuk, eredu berriak, topatu behar ditugu baserriko lanari eusteko”. Aristegik baserria eta nekazaritza-etxea elkarbanatzen du anaiarekin. Bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko askok hartu duten aukera dela dio, bere arriskuak dituena: “Nekazaritza-turismoa baserriaren osagarri moduan sortu zen, baina askotan gain hartu dio. Ez badugu turismoarekin batera nekazaritza lantzen, paisaia eta kultura galduko dira”.
Baserriaren transmisioa, baliabide juridikoen aldetik ondo antolatuta dagoela uste du Urrutiak, arazoa besterik dela: “Kolokan dagoena baserriaren ekonomia eta kultur eredua da, etxebizitza soil eta abereak eta lurrak kudeatzeko modu berri eta mekanizatuetara igaro gara”. Urrutiaren hitzetan, batik bat legea aldatu delako dago transmisioa juridikoki bermaturik; 2015ean oinordekotzen gaineko araudia berritu baitzen EAEn, Euskal Zuzenbide Zibilaren Legea onartuta.
Testamentua egiteko orduan oztopoak arindu ditu lege berriak. Alderik onena da aukerak zabaldu eta baserriaren jabeari eskuak “libreago” uzten dizkiola, Aristegiren iritziz. Lehen, ezinbestez lau bosten edo bi heren utzi behar zitzaizkien ondorengoei. Orain, senipartea (gurasoek seme-alabei utzitako ondasun multzotik senide bakoitzari dagokion partea) heren batera murriztu da, eta kopuru handiagoa utzi du askatasunez banatzeko. Halaber, ondorengoei eman beharreko kopurua nahieran banatu daiteke orain; bakar bati utzi diezaioke dena, eta besteei ezer ere ez. “Inork pentsa dezake dena bati uztea ez dela justua, baina ulertu behar da, baserria hartzen duenak, baserria eta lurra lantzeko ardurarekin hartzen duela. Ez da dena modu espekulatiboan begiratu behar”, azpimarratu du.
Euskal Herrian aspaldiko kezka da baserria bere osotasunean mantentzea. Aristegik azaldu digunez, ez zatitzeko ahalegin horretan sistema ezberdinak izan dira lurralde bakoitzean: Bizkaian tronkaletasuna –ezinbestean herentzian jasotako ondasunak ondorengoei utzi beharra– oso garrantzitsua izan da osorik mantentzeko. Gipuzkoan ez da egon foru hori, Espainiako Zuzenbide Zibila baizik, eta legearen zirrikituak erabili dira ez zatitzeko, maiorazkoaren figura kasu”. Urrutiak gehitu du Nafarroan betidanik aitortu dela legez etxearen garrantzia, eta araudi berriak Hegoaldeko lurraldeen arteko banaketa gainditu duela. Iparraldean, Kode Zibil frantsesak ezarritako banaketarako joeraren gainetik, baserritarrek nola notarioek, urte luzez etxaldea bere osotasunean mantendu dutela azaldu du, ezkontza kontratuen bidez batik bat. Baina bertan ere “kontrako joera” dagoela ohartarazi du.
Inkomunikazioa da Amama pelikulako zehar-gaietako bat eta, hain justu, hori da Aristegirentzat baserriaren etorkizuna auzitan jartzerakoan dagoen arazo nagusietakoa: ez dela hitz egiten familia-baserriaren biharamunaz, ez behintzat onuraduna hil eta herentziaren auzia mahai-gainera iristen den arte. Jabea hil aurretik hitz egitea ahalbidetzen duten tresnak dira oinordetza-itunak, lege berriak barnebiltzen dituenak. Baserriaren jabeak bizirik direla berba egiteko modua ematea aurrerapausotzat du Aristegik.
“Geratzen diren baserri guztietatik ahalik eta gehien bizirik mantentzea nahi baldin badugu, kanpoko jendeari zabaldu beharra dago”, dio Aristegik. Berriki herrikide batzuek baserria saldu eta berriz martxan ikustean sentitu duten poza kontatu du: “Karga bat zen haientzat; kalean bizi ziren, eta tarteka baserria garbitzera eta lurrak ondo mantentzera joan behar zuten. Orain, pozten dira berriz ere martxan ikusita Funtsean, hori da kontua, izan salduta, errentan edo akordio batera iritsita, balioa ematea martxan segitzeari”.Izan ere, kasu batzuetan baserriari jarraipena emateko prest dagoen seniderik ez dagoen modu berean, badira baserrira gerturatu nahi duten gazteak, baina lurrera sarbiderik ez dutenak. Familiakoa ez dena etxean sartzeko, ordea, konfiantza falta eta erresistentzia handia igartzen du Aristegik: “Baserrian segi behar ez duenak, kalean egin duelako bizimodua edo dena delakoagatik, nahiko balu txoko bat izatea familiarekin elkartzeko, posible da, aukerak mila daude; baina lur-sailak landu nahi ez baditu, horiek baliatzeko aukera eman beharko lioke hirugarren bati”.
Ipar Euskal Herrian ‘Zurkaitza’ transmisio-sarea sortu zuten duela bi urte, etxaldea uzteko prest dauden laborarien eta bertara joan nahi duten gazteen arteko harremanak sendotzeko
Jende berria erakartzeko eredua birformulatu beharra ikusten du Aristegik. Beste esperientzia bat jarri du adibidetzat: “Herrian bertan ezagun batzuk komuna gisa antolatu dira. Gure baserriak oso handiak dira eta batera lantzea aukera bat izan daiteke, baita lan baldintzak hobetu eta opor egunak hartzeko ere, adibidez”. Aukera berriei bidea erraztu ezean, denbora gutxian aldaketa handia etorriko dela ohartarazi du.
“Iparraldean hiru etxalde uzten direlarik, bi berri jartzen dira. Frantziako Estatuan, hiru uzten direlarik, bakarra eusten da. Kulturalki, indar handia dauka etxaldearen segidak hemen. Hala ere, egoera ezkorra da etxalde kopuruaren apaltzea: azken 12 urteetan 1.100 etxalde inguru galdu ditugu”. Daniel Barberarena Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) kidearen ahotan, datuek argi erakusten dute egoera zein den.
“50 urtetik gorako laborarien %60ak ez daki zer egingo duen bere etxaldearekin, hori da arrangura”, dio. Fenomeno berri bat ere bada: baserrietara hurbiltzen direnak gero eta gehiago dira familiaz kanpokoak; oro har, auzokideak, ondoko herrietakoak nola Frantziatik etorriak. 2007an baserrietan jartzen zirenen %7 ziren hauek eta gaur % 20 inguru dira. “Laborantzara lotu nahi dira baina ez dute lurrik ez etxalderik”, dio EHLGko kideak.
Aristegik aipatutakoaren ildotik, Barberarenak dio transmisioaz mintzatzean dagoen zailtasunik handiena tabua izatea dela. “Gai minbera da, zeren etxaldearen segida zure arbasoen segida da; baina, zure aurriek ez badute hartu nahi? Amama filma ikusten baduzu, transmisio-sokaren apurtzea agertzen da, eta hauste horrek aunitz sufrikario ekartzen du”.
Dinamika bat sortu beharraz ohartuta, EHLGk transmisioaren hamabostaldia antolatzen du udazkenean, gazteen formaziorako eta laborariak “etxaldearen bilakaeraz gogoeta berritu beharraz sentsibilizatzeko”. Halaber, duela bi urte laborantza eremuko hainbat eragilek Zurkaitza transmisio sarea sortu zuten, etxaldea uzteko prest daudenen eta hara joan nahi duten gazteen artean harremanak bultzatzeko. Barnealdean egiten dute lan oro har, kostaldean lurraren espekulazioak gazteentzat ezinezko prezioak eragin baititu.
Laborantza ikasi nahi duten gazteak bildu, formatu eta erretiroa hartzera doazenekin “gurutzatu” behar direla azaldu du EHLGko kideak. “Baditugu etxaldeak non transmisioa biziki ongi bideratu den. Senperen, esaterako, laborari batek bi alaba ditu, baina ez dute etxekoen bidea heldu nahi eta kanpoko hiru gazte sartu dira”.
Esperientzia zailak ere baditu gogoan, kanpotik datozenak ez dira beti begi onez ikusiak eta bakoitzak proiektua ulertzeko bere modua izan dezake. “Hasten ari den gazteak senti dezake etxekoa kontrolatzen ari zaiola beti; baditugu saiakera frakasatu batzuk alde horretatik. Diruak ere sortzen ditu eztabaidak; zuk nire etxaldea nahi duzu errentan hartu, baina ze preziotan?”. Irizpideak markatzeko ere egiten du lan sindikatuak.
Harremanetan sakontzea funtsezkoa da Barberarenaren ustetan, eta berandu baino lehen gaia gizarteratzeko bideak jartzea: “Ulertu behar dugu auziari heltzea ezinbestekoa dela biharko Euskal Herria pentsatzeko. Ez ditugu jubilatu guztiak ordezkatuko, baina etxalde bat salbatzen dugunean, jada garaipen bat da”.
Oihana San Sebastian Etxegarai lezoarra Oiartzunen bizi da egun. Bera eta bikotekidea oinordekorik gabeko baserritarren bila aritu dira, haiekin ofizioa ikasi eta kezkatzen dituen transmisioaren arazoari heltzeko. Oraingoz, euren saiakerek porrot egin dute.
Familiatik baduzue baserrirako sarbiderik?
Nire aiton-amonak, baita nire bikotekidearenak ere, baserrian hazitakoak dira, baina, bi baserriak hiriak jan ditu. Nire amonarena, Irunen, asfaltoak inguratzen du osorik; baserritik eraikina baino ez da geratzen.
Nondik hasi duzue baserrira salto egiteko saiakera?
Nik beti izan dut amonak kontatzen zuen horretara jotzeko nahia; baita beharra ere, eurek ereindako guztia galtzera doala ikustean. Interneten eta higiezinen agentzietan bila hasi eta ezinezkoa zela ohartu ginen, prezioak izugarri handiak baitira. Herentzian jasotako seme-alaba askok salgai jarriak dira, oso egoera txarrean gainera. Udaletxera joan ginen egoera zein zen galdetzera, ea norbait ezagutzen zuten interesa izan zezakeenik gu baserrian hartzeko, baina informazio pribatua zela-eta, ezin izan ziguten ezer esan. Baserri bat okupatzea ere pentsatu genuen. Egia esan, ez genekien nora jo.
Zer bilatzen zenuten?
Hipoteka eta baserri bila hasi ginen buru-belarri. Otu zitzaigun baserriren batean egon zitekeela jende heldua, oinordekorik gabea, akaso laguntza beharrean dagoena, gu hartu eta euren jakintza transmititzeko prest egon zitekeena. Alokairua ordainduta ere, haiekin bizi eta zainduko genituzke. Ilusioz beteta hartuko genuke, formazio baxua izan arren. Nik turismo arloan egiten dut lan, beraz, nekazal-turismo eredu iraunkorra lantzea zen gure asmoa. Kasu asko ezagutu ditugu Katalunian, turismo eskaintzaz gain, nekazaritza landu eta bestelako proiektuekin uztartzen dituztenak, artisautzarekin kasu.
Zein izan da irakaspena?
Ez dugu lortu; jendea itxia da eta ez da fidatzen. Beldurra diote materiala, ekonomikoa, galtzeari. Kosta egiten da harago ikustea. Gure ondare kulturalaren parte da; Oiartzunen barrena baserri asko erortzen ikusten ditugu eta tristea da. Herentziarekin, bakoitzak bere pastelaren zatia eraman nahi du, bestelako ondorioez arduratu gabe. Nik ere maite dut nire amonaren etxea, baina gureak ez diren etxeak ere maite ditugu. Gure kulturaren parte dira, eta bakardadean ari dira galtzen.
Eta orain zer?
Kreditu txiki batean sartu gara eta erortzen ari zen pisu txiki bat erosi dugu Hondarribian. Gure kasa ondo jarri eta proiektu txiki bat dugu buruan. Azkenean ikusi dugu bide bakarra lan eta lan aritzea dela, baserri bat erosteko nahikoa diru egin arte.
Koro Artola aresoarra da, baina Berastegin ditu baserria eta familia. Baserriko lanetik ateratzen du bizimodua –artaldea eta lurra landuta–, eta nahiko ziur dauka etxekoek –bi seme-alaba ditu– ez diotela jarraipenik emango baserriko lanari. Egiaz, ez daki seme-alabek bere lekukoa hartzea nahi duen ala ez, lana “oso gustuko” ez badute ez behintzat. Horrek ez du esan nahi baserriaren geroak kezkatzen ez duenik: “Denborarekin nekatzen joaten zara eta pentsatzen: ‘Zer pasako da gero?’. Baserritarrak zahartzen ari dira eta inguruko belaze guztiak uzten dizkigute erabiltzeko, baina norberak ere uzten duenean, zer pasako da? Hutsik geratzen ari dira".
Jende falta baserrietan, eta aldi berean, gazte dezente nabari ditu Artolak bertako lanera hurbiltzeko prestutasunarekin. Eta interesa izanez gero baserriko lanari heltzeko, jende horri sarbidea ematea da berarentzat auziari heltzeko alternatiba erreala. “Gazteak gogoz badira, alokairuan lurrak ematea edo dena delakoa adostu beharko da”. EHLGren dinamika begi onez ikusten du; are, bera ere horretan pentsatzen hasita dagoela aipatu digu. “Ez dago beste modurik”, dio. “Kanpoko norbait hartzerakoan ezin duzu jakin nola joango diren gauzak, baina datorrena ezezaguna izanik ere, tarte batean lagunduta eta apurka ikusita nola moldatzen den, urratsak eman daitezke, honek guztiak jarraipena izan dezan”.
Gogoa eta indarra duen gaztea, halere, ez da libre izango baserritarren ofizioak bizi duen estualditik: “Lan asko dago eta jende gutxi, beraz, makina asko sartu behar dira, eta inbertsioa errentagarria izan dadin nonbaitetik etekina atera behar da ezibenbestean”.
Zazpi lagun auzipetu dituzte Hazparneko Puyo agentziaren okupazioagatik. Aiherrako Etxexuriaren salmenta salatzeko ekintzaren harira epaituko dituzte irailaren 30ean. Elkartasunez, mobilizazio eguna muntatu da irailaren 27an.
Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen, baina kanpora saltzen genuen, eta gauzak beste modu batean egiteko gogoz, bide... [+]
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]
Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile auzipetuko dituztelako.
Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]
Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]
Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]