Hedabideak izan dira Pascual Serranoren (Valentzia, 1964) lantoki eta aztergai. Rebelión agerkari digital aitzindariaren sortzaileetakoa izan zen 1996an eta Telesur telebistaren aholkulari aritu zen Latinoamerikako kanalaren hastapenetan. Sektorearen aztertzaile zorrotza, hedabide handien manipulazio tekniken eta interes ilunen salaketa egin du liburu ugaritan. Azkenaldion, baina, interesgarria deritzon enpresa eredu berrien sorrera aztertu du Serranok. Doako albiste interesatuak zabaltzen dituzten hedabide korporatiboena baino, kalitatea estimatzen duten irakurle engaiatuen harpidetzek sustengatuko duten hedabide kooperatibo eta baliodunen garaia dela uste du.
Desinformación liburuan hedabideek mundua nola ezkutatzen duten azaldu zenuen. Gehiago ote da kontatzen dutena baino?
Seguraski bai, gainera kontatzen dutena gero edo gezurra da edo ikuspuntu okerretik jorratu, testuingurutik kanpo atera, desitxuratu edo estandar bikoitzak aplikatzen dira. Mekanismo asko erabiltzen dira baina desinformazio panorama atsekabegarria dugu horien ondorioz.
Filtrazio kazetaritzarako garai ona dela dirudi, hala ere.
Filtrazioa ona da, gardena den heinean, baina ez da, berez, kazetaritza. Norbaitek, maiz arriskuak hartuta, gizarteratutako informazioa da, berea da meritu nagusia. Kazetaritzak nolabait landu, forma eman eta transmititu egiten du informazio hori. Hala ere, Wikileaks ospetsuaren kasuan (2010eko Cablegate afera), informazioa pasatu zitzaion hedabide sorta jakin horrek ez zuen zuzentasun handirik erakutsi informazio hori transmititzeko orduan, interesatzen zitzaiena zabaldu eta beste gauza ugari isildu zituztelako. Geroago, informazioa denen esku jarri zenean, hedabide horiek informazio guztia zabaltzea oztopatu zutela egiaztatu zen.
Hedabidea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta fidagaitzagoa?
Ez da neurri kontua, dirua norena den baizik. Hedabide handien kasuan dirua sektore makurragoena izan ohi da eta txikien kasuan dirua jende normalagoarena.
Zeren aurrean egon behar gara erne irakurle-hartzaile moduan?
Lehenengo, esan bezala, dirua norena den begiratu. Ondoren, zure autoaren mekanikoarekin edo kardiologoarekin bezala, baten batez fidatu behar zara. Autoak frenatuko duela eta medikuak ondo operatuko zaituela pentsatu behar duzu, ezin zara mekaniko edo mediku bihurtu, zuk zeuk egiteko. Era berean, ezin zara Siriara joan, han zer gertatzen den ikustera, norbaitez fidatu behar zara. Garrantzitsua da nork bere erreferentziazko hedabide eta kazetari berezitu sorta edukitzea. Saia zaitez Ekialde Hurbilaz, Kolonbiaz edo Afrikaz informatzen dutenetan zintzoenak eta sinesgarriak aurkitzen eta jarraitzen.
Espainian ba ote dago prentsa fidagarririk?
Espainiako prentsa idatzian, egun, badira kazetaritza parte-hartzailea egiten duten hedabide kooperatibo batzuk, ez dira tradizionalki alternatibotzat jo izan diren hedabide militanteak baina, duela 20 urte geneukanarekin alderatuta, informazio baliagarria egiten ari dira. Eldiario.es, Infolibre, La Marea, Alternativas económicas eta Mongolia, kasu, mozkina bilatzen duten merkataritza enpresak dira, ez GKEak, baina apurtu dute eskema maltzur batekin: enpresa handiak akziodun, iragarle handiak finantzatzaile eta banka handia hartzekodun. El País edo El Mundo baino osasuntsuago daude ekonomikoki eta, gainera, rol nabarmenagoa hartzen ari dira: black txartelen afera azaleratu zuen Eldiario.es-ek eta ustelkeriaren aurkako fiskalaren Panamako diruarena Infolibrek. Ikerketa kazetaritza egiten ari dira eta kazetariak eramaten dituzte Ukrainara edo Siriara, eta hori txalogarria da.
Público-k paperean ezin izan zuen iraun, hala ere.
Espainiako audientzien uste usteletako bat da pentsatzea informazioa jasotzeko eskubidea dutela baina nork ordaindu behar duen planteatu gabe. Hiru aukera daude hor: estatu sozial batek ordaintzea, osasuna eta hezkuntza bezala –eta ez dirudi gure estatuak horren alde daudenik– edo BBVAk eta El Corte Inglések ordaintzea –eta kasu horretan orain arteko informazio kaxkarra aterako da– edo guk geuk irakurleok ordaintzea. Pentsatzea aberats batek ezkerreko egunkaria mantenduko duela eta astebururo, euro erdi pagatuta, DVD bat oparituko digula, ez da bideragarria.
Beraz, ez dago kazetaritza onik edo zintzorik hedabide handietan?
Probestu beharreko koiunturak eta sinergiak daudela uste dut. Esaterako, La Sexta edo enpresa jakin batek egun izan dezake PPren ustelkeriarekiko lerro editorial kritikoa eta, ondorioz, han agertzeko deitzen badigute joateko prest egon behar dugu, jakitun egonik beraien akziodunen interesak kaltetuz gero –José Manuel Larari edo BBVAri buruz gaizki hitz eginez gero– horma baten kontra joko dugula. Niri oraintxe La Razónek astero zutabea idazteko deituko banindu, baietz esango nioke, nik printzipioz nahi dudana idazteko dela pentsatzen baitut.
Logika kapitalista ere egon daiteke hor: gizartearen ezkerreko sektorearentzat ere, kontsumitzailea den heinean, kate bat edo saio batzuk egitea.
Noski, batez ere sistema erortzen ez dela ikusten badute. Adibidez, Intereconomíak Pablo Iglesias bere tertuliara eramaten zuenean, hark egin zezakeen kaltea baino, audientzia %2tik %4ra igotzea hobesten zuen. Zer egin behar zuen Iglesiasek? Bada, hara joan, noski. Horrek ez zuen hedabidea ezkerreko bihurtzen.
“Lehenengo, dirua norena den begiratu. Ondoren, garrantzitsua da nork bere erreferentziazko hedabide eta kazetari berezitu sorta edukitzea”
Mezu eta ikuspegi alternatiboa duten hedabideak beti alternatiboak izatera kondenatuta daude? Bestela esanda, masarengana heltzea ala egia esatea aukeratu behar dute?
Egoera aldatu da. Adibidez, neuk sortzen esku hartu nuen Rebelión-en garaia iragan dela uste dut. Oso hedabide militanteak ziren, ez genuen kazetaritzarik egiten. Internet garatu gabe zegoen artean, eta iraultzailea zen hedabideen kontrol estua zuen orduko oligopolioaren aurrean gizarte mugimenduen ahotsa erakustea, isilarazita zeuden ezkerreko aztertzaile eta iritzi emaile batzuk ateratzea. Egun, aldiz, lehen aipatu ditudan hedabideek horixe egiten dute, baina eurek bai, kazetaritza egiten dute, kolaboratzaileei ordaintzen diete, berriemaileak bidaltzen dituzte... Guk ez genuen hori egiten. Hedabide militantearen garaia igaro da, egun bestelako funtzionamendua duten hedabide horiek babestu behar dira, irakurle-harpidedunen bidez. Badago merkaturik hedabide diferenteak egiteko.
Gainera entretenigarriak izan behar direla diozu.
Ezkerraren errakuntza historikoa izan da hedabideen aurkezpenari garrantzirik ez ematea, 40 urte kostatu zaigu konturatzea testuak ondo lerrokatu eta argazkia jarrita hobeto irakur zitekeela, umorea eduki politikoarekin erabil daitekeela. Kazetaritza engaiatua ere atsegina izan behar da, ezin diegu hedabide handiei erakargarri izatearen esklusiba eman. Noski, ezin ditugu zaborrak atera, eduki sexistak egin edo ikuskizun hutsean gelditu, baina ezin gara halaber aspergarriak izan.
Jibarizatuak esaten diezun formatu azaleko eta laburrek ez dute balio mezu kritikoa hedatzeko?
Horiek erabiltzera derrigortuta gaude, baina informazioaren azalean surf egiteko molde sinplifikatuak erabiltzean pentsamendu menderatzaileak abantaila du pentsamendu kritikoaren ondoan. Lehenak ez du sakondu edo argudiatu beharrik, eta bigarrenak espazio gehiago behar du. Ez diogu, esaterako, Twitterren 140 karaktereko eremua erabiltzeari utziko, beste erremediorik ez dugu, baina mundua aldatu nahi dugunok, diskurtso alternatiboa dugunok eta stablishment-aren pentsamoldeari argudioekin aurre egin nahi diogunok espazio gehiago behar dugu. Beraz, etsaiaren zelaian jokatzen ari gara mikroformatuetan.
Produktu batengatik pagatzen ez baduzu, produktua zeu zarelako dela esan ohi da.
Horixe, Ignacio Ramonetek dioenez, “arrain ustela doan izan ohi da eta arrain ona ordaindu behar da”, audientziak salduta lortzen dira iragarkiak. Zertarako ordaindu, informazio mordoa doan eskura badaukat? Pentsatu behar duzu tranpa duela doako informazio horrek, izan ere, nork ordaindu dio kazetariari? Interesa duen iturri batek beti. Are, itxuraz inork ordaindu ez badu, orduan seguruenik ezkutuko intentzioa izango du informazio horrek, zerbait lortzeko.
“Hedabide militantearen garaia igaro da, egun bestelako funtzionamendua duten hedabideak babestu behar dira, irakurle-harpidedunen bidez”
Ezkerreko irakurle kritikoa ere “dena doan” horretara ohiturik, ez ote da ordaintzeari uzkur?
Bai, noski, baina kazetaritza zintzoaren alde gaudenok pedagogia egin behar dugu. Pentsa, duela hamar urte hilean 30 euro ari ziren ordaintzen paperezko egunkariaren truke, eta orain 6 ordaintzeari gehiegi deritzote. Kostu ekonomikoa ez da hainbestekoa, gehiago da mentala, pantailan dena doan jasotzen ohituta zaudelako.
Kazetaririk gabeko kazetaritza posible da?
Inolaz ere ez, herritar kazetaritza esan zaion horren aurka nago. Herritarrari entzun behar zaio, informazioaren protagonista izan behar du, bere eskakizunek albiste izan behar dute, baina teknikari bat egon behar da informazioa aukeratzeko eta mezuari forma emateko. Ikusi beharko da zein irizpiderekin egiten duen, merkataritza balioekin ala gizarte engaiamendu balioekin.
La prensa ha muerto, viva la prensa liburuan (2014) zenioen krisiak hedabide askeagoak ekarri dituela. Hedabideen krisiaz ari zinen finantza krisiaren barruan?
Nik nioen lehengo eredu oligopolistikoaren krisia ez zela inolako tragedia, baliodun hedabide aurrerakoiak aspalditik zeudelako krisian. Publizitatea galdu dutela diote, eta bankak ez diela mailegurik ematen, eta nik diot hedabide zintzoek inoiz ez dutela horrelako publizitaterik edo dirurik jaso. Lehen, krisia besteentzat zen, ez zen handien arazo; orain, berriz, liga berean jokatzen dugu. Ongi etorri Internetera, non kostuak baxuagoak diren eta borroka harpidedun gutxi batzuk lortzea den. Hala ere, Internetek ez du guztiz demokratizatu informazioa, bai desinformazioa, edonork astakeriak esan ditzakeelako. Oro har, uste dut egoera hobea dela eta krisia osasungarria izan dela zentzu horretan.
Baina prentsak gehienbat korporazio handien esku jarraitzen du. Hain zuzen ere, zure azken liburuak hedabide demokratikoak “egin gabeko iraultza” direla diozu.
Irrati eta telebisten kasuan oso gutxi lortu da, diru asko behar delako, lizentzien kontrol estua dagoelako eta teknikoki zailagoa delako telebista ondo egitea. Une honetan hedabideen boterea itzela da, laugarren boterea jada ez da beste hiruak kontrolatzen zituena. Diruaren zerbitzura dagoen boterea da, demokrazia eta zilegitasun gutxien duena. Koiuntura politikoak aurka izan dituenean, Latinoamerikan kasu, manipulatzeko eta estatu kolpeak antolatzeko ahalmena erakutsi du.
Nolako neurriak hartu beharko lirateke?
Edukiak zintzoak izan daitezen mekanismoak ezarri behar dira, ez dezaten inpunitatez gezurrak esaten jarraitu. Denen ahotan dago hedabideen zintzotasun falta, post-egia, gezurra… Zubia jausten bada arkitektoa erantzule da, okerreko hanka operatuz gero medikua, gezurretan ari den kazetaria edo hedabideari erantzukizuna ez da planteatzen. Nire ustez neurriak hartu behar dira herritarren iritziak jasotzeko, kontzentrazioaren aurka, azken finean, informatzeko eta informatua izateko eskubidea bermatu behar da. Espainiako konstituzioaren 20. artikuluan dago egiazko informazioa jasotzeko eskubidea, baina inork ez du hori bermatzen, merkatuen esku uzten delako, eta merkatua ez dago eskubideak bermatzeko, negozioak egiteko baino.
Egiazkotasunaren zaintzarako erakunde bat eratu beharko litzateke orduan?
Venezuelan eta, batez ere, Ekuadorren egin dute, eta zerbait gezurra bada, zigor administratiboa ezartzen da. Nork zigortzen du? Adituek osatutako erakunde batek, ez gobernuak ez epaile batek. Gezurretan aritzea zilegi bada, herritarrak ezin du egia eta gezurra ezberdindu, diktadura batena bezalako zentsura da hori.
Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]
Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.