Xentimoka pentsatzen dutenen omenaldia

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Inoiz baino nobedade gehiago aurkeztu eta Landakotik kanpora beste gune bi berri estreinatu diren Durangoko Azokan, 60. edizio honetan, aparteko bi-hiru datuk ere sortu dute arreta korridoreetan, nahiz boz goran askorik ez diren esan. Bagenekiena baieztatu du Siadeco etxearen txosten berriak: sektore prekarioa da kulturgileena. Standetan hamar orduz irribarrez egoten diren egileen %12 soilik bizi dira haien sorkuntza lanetatik, eta erdiarentzat, beraien diru sarreren %20 edo gutxiago dator horretatik. Xentimoak badira asko, baina ez dira franko. “Kalderilla hutsa”, Joxe Azurmendik Manifestu atzeratua-n zioen moduan; xentimoka pentsatzen duen herria gara pentsalari handiaren begietan.

Diru apurretatik ez, eta sinbolismoetatik ere ezin daiteke bizi sortzailea. Baina bere burua katigatuta ikusten du hor, urtero Durangora joateaz ezin baitaiteke libratu. Hamar sortzailetik bederatzik uste du “garrantzi handikoa” zaiola Durangoko Azokara etortzea, nahiz gero, akaso, etekinik apenas izan. Baina gehien-gehienek diote “ikusgarritasuna” ematen diela Landakon egoteak, eta azoka osteko salmentetan nabaritzen omen du bitik batek. Hortaz, erakusleihoan irribarretsu egotearen gatibu dira. Horiexek dira negozioaren fakturak. Azurmendi dixit: Baina libre izatea / gauza ikaragarri zaila da / Marx bat / edo 1789 bat izan ez duen / herri zorigaiztokoarentzat. / Zerekin pagatu behar du? / Ikaragarri zaila da. / Ze guk ez daukagu / pirata pare bat, langile on batzuk, / muga txar gehiago eta holako zerbait / besterik.

Durangoko Azoka.

Euskarazko kulturaren plaza da Durangokoa, urterokoa, eta mesanotxeari dagokionez urteko bakarra bisitari askorentzat, zoritxarrez. Izan ere, Landakora joaten diren hamar lagunetatik bederatzik erosten dute zerbait, batez beste 55 euro xahutzen dituzte, eta horietatik bik egun horietan soilik erosten du libururik. Hau da, urte osoko erosketa Durangoko Azokan egiten duela, edo beste era batera esanda, kulturzale kostunbrismoa urtean hitzordu bakarrera mugatzen duela. Hori liburuei dagokienez. Diskoen kasuan, zifra are handiagoa da: bikoitza. Landakon diskorik erosi duen erdiak ez du gehiagorik erosi urte osoan. Ematen du zer pentsa horrek, baita geure buruari zer galde ere. Auzia ez da, ez, Durangoko Azokarena eta Gerediaga elkarterena. Orokorragoa eta oinarrizkoagoa da.

Betiko kontuak dira, baina gauzak asko aldatu dira azken 60 urteetan. Horiek pasatzen ikusi ditu Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941 – Donostia, 2025) pentsalari eta filosofoak, eta behatu ditu, aztertu eta gogoetatu. Euskal Herriari eta euskal kulturari ekarpen handia egin dion pentsalari baldintzarik gabea da Azurmendi, kasu askotan ia ezkutuan igaro dena. Aurtengo Durangoko Azokan, azken egunean, omenaldia egin diote uztailean zendu zen gizonari. Gerediaga elkarteak eta Jakin-ek antolatu dute ekimena. Ordu erdiren bueltako hiru hitzaldiren ostean, Miren Narbaizaren musikaz eta Ainara Lasaren irudiz jantzita, Azurmendiren 1968ko Manifestu atzeratua zatika leitu dute ondoko poeta hauek: Iñigo Astiz, Castillo Suarez, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa, Josu Landa, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargas.

Miren Narbaiza musikaria, kantuan. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Pentsalari eta filosofo asko, pentsatzen eta pentsarazten jarri aurretik, poesian aritu izan dira. Horixe da Azurmendiren kasua; 30 urte betez geroztik, ez zuen gehiago horretan sakondu. 27 urte eskas zituen Manifestu atzeratua idatzi zuenean. Alemanian bizi zen, eta Suitzan ikasketak egiten zebilen adiskide bati bidali zion postaz, Ramon Saizarbitoria zelako bati. Gazte eroak ziren, eta mundu berri bila zebiltzan, frankismotik ihesi, kontinente zaharrean zehar. Askatasun gosea zuten. Azurmendi berriz: “Hauxe baita gure engainu azkenekoa: / libre izan nahia justifikatu behar dugula / pentsarazi digute / lehen kanpotik eta barrutik orain”.

Galderen gizona
Sarri esan ohi da Manifestu atzeratua-k laburbildu dezakeela Azurmendiren ibilbide literario grinatsua. Jakin-eko Lorea Agirrek “poema fundazional” gisa deskribatu du: “Hor agertzen dira gerora, 60 urtetan, landu dituen gaiak, auziak eta galderak, kritikak eta ironia”. Agirrek oroitu moduan, galderak egitea zuen gogoko Azurmendik: “Erantzunak beti zirela inportanteak, baina bazioen inportanteagoa zela jakitea zein den uneko galdera, besteak beste, zer egingo dugun libertate, gose, herri eta gizatasun honekin, eta nora eramango dugun”. Gazterik utzi zuen poesia argitaratzea, sentitzen zuelako egiten zuena ez zegoela oso modan. “Berak zioen poesia existentziala egiten zuela, eta ez zuen sentitzen bere poemek Gabriel Arestiren eta Xabier Leteren bezainbesteko indarrik zutenik”, adierazi du Agirrek.

Poesia argitaratzea utzita, isilperago igaro bazen ere, ekinean segitu zuen beti. Konfiantza agertu zuen gazteekiko, belaunaldi berriekiko, eta erroturiko ideiak zalantzan fundamentuz jartzen zituztenekiko. Hala oroitu du Jakin-eko Haritz Azurmendik: “Euskararen aldeko hautu fundamental handia zuen, militante euskaltzale nekaezina zen, eta gazteongan konfiantza zuen; Jakin-ek Joxe Azurmendiri eskainitako ale berezian, eztabaida kide berriak hurbiltzeko, askotariko ahotsak biltzeko eta zilegitasuna aitortzeko lana egin dugu, berak egingo zukeen bezala, eta Jakin-en 60 urteotan egin duen bezala”. Ia ehun lagun bildu ditu Jakin-ek, askotariko aurpegi eta iritziak, guztiei enkargu bera eginda: Azurmendiri buruzko testu labur bat idaztea. Batzuk hitz lauz, besteek poemez edo irudiz egin dute. Egile gazteen presentzia nabarmena da.

Atzera ere Manifestu atzeratua-ren oihartzunak: “Ta nork askatuko digu herria? / Zaharrak zahar dira / gazteak gazteegi. / Libertatea baino nahiago dute / ezkerra intelektualek. / Langileak eskolara ez baino / klasera hots egiten dituzte. / Artistak ederra sortzeko daude. Baina libertatea ez da eder, / ez dago sindikatzerik, / ez dago ezkerrean. / Etorkizunean dago”.

Lorea Agirre. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Omenaldi goxoa egin dio Jakin-ek 269-270 zenbaki berezian, ale bikoitzean. Baina Azurmendiri ez ezik, belaunaldi osoa nahi izan dute goraipatu, eta transmisio eta zubi-lana egin egungo gazteekin, orduko haiek nahiko luketen eta egin duten gisara. Halaxe esan du Lorea Agirrek: “Belaunaldi horrek beti esan ohi zuen gerraosteko basamortuan umezurtz jaiotako belaunaldia zela haiena, zubiak eraikitzeko obsesioa izan duena, hala nola gurekin, etorri diren eta garen kulturgintzako eragileokin; eta hori da guk Jakin-etik egin nahi izan duguna”.

Hitzaldien ostean, Durangoko Azokako talaiara igo dira banan-banan belaunaldi askotako idazleak, Josu Landatik hasi eta Leire Vargaseraino. Zatika egin dute Manifestu atzeratua-ren irakurketa, goxo bezain indartsu leituta, Miren Narbaziaren giro-soinu atsegin eta barnerakoiaren laguntzaz, atzealdea Ainara Lasaren irudiek ilustratzen zutela. Amaierako txalo zaparradak bazuen ekinaldian parte harturikoei eskerrak emateko asmoa, baina kontzienteki egin zaio txalo Joxe Azurmendiri, berak halako omenaldirik jasotzea gurako ez balu ere. 


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin