BBCko Tim Davie zuzendari nagusiak eta Deborah Turness albistegien ataleko kontseilari delegatuak dimititu dute. Donald Trump AEBetako presidenteari buruzko dokumental batean, haren esanak manipulatzea egotzi diete. Dokumentalean, Trumpek 2021ean haren jarraitzaileak Kapitolioa hartzera hauspotzen zituela zirudien.
Dokumentala AEBetako hauteskundeak (2024ko azaroaren 5ean) baino zortzi egun lehenago emititu zuen BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak. Trumpek egiazko hitzaldian zioen jarraitzaileei “modu baketsuan eta patriotikoki” lagunduko ziela, haien ahotsak entzun zitezen. Emititu zuten bertsioan, aldiz, “deabruak bezala borrokatzera” dei egiten zien. Bigarren esan horiek hitzaldi berean lehenago esandakoak ziren. Bi zatiak elkartu zituzten.
Azaroaren 3an, The Telegraph egunkariak BBCren barne agiri bat argitaratu zuen eta hor Michael Prescott BBCren aholkulari independentearen zalantzak agertzen dira, Trumpen dokumentalari buruz. Etxe Zuria haserretu egin zen telebista saioaren berri izan zuenean eta BBCri leporatu zion albiste “erabat faltsua” emititu izana.
Astelehenez, azaroak 10, BBCko lehendakariak dokumentalagatik barkamena eskatzea espero zen. Azkenean, presioaren ondorioz, zuzendari nagusiak eta albistegietako kontseilari delegatuak dimititu egin dute. Turness albistegietako kontseilari delegatuak onartu du akatsak egin direla, eta era berean adierazi du “argi eta garbi” utzi nahi duela BBC News-ek “partzialtasun instituzionala gauzatzen duen salaketak faltsuak” direla. Dimisioen arrazoi bakarra ez da izan Trumpen dokumentala, azken hilabeteotan, besteak beste, kateari leporatu zaio Gazaz informatzeko modua eta Israelen aurkako jarrera. Davie zuzendari nagusiak azpimarratu du dimisioa ez duela eragin arrazoi bakarrak: “Arrazoi bakarra ez bada izan ere, BBC News-en inguruko azken eztabaida honek, jakina, nire erabakian eragin du. Oro har, BBC lan ona ari da egiten, baina akats batzuk egin dira, eta zuzendari nagusi naizenez, azken erantzukizuna niregan hartu behar dut”.
Aurkari politikoen presioak?
The Guardian egunkari britainiarrak egin duen gogoetaren arabera, BBCko hainbat langilek adierazi dute hedabide publikoa politizatzeko presioak daudela, eta Trumpen dokumentalari egindako kritika horren adibide bat baino ez dela. BBC politizatzeko ahaleginak Boris Johnson lehen ministroaren garaikoak dira. The Guardian-ek egindako ikerketaren arabera, Trumpen bideoaren salaketa egin duen aholkularia Robbie Gibbek izendatu zuen eta Gibb Theresa May lehen ministroaren komunikazio arduraduna izan zen eta GB News hedabide eskuindarra sortzen lagundu zuen.
Johnson lehen ministro ohiak The Guardian hedabideari adierazi dio BBC ahuldu nahi dela iradokitzea “ ergelkeria galanta” da. Prescott aholkulari eta salatzaileak azaldu du ez diola inolako agenda politikori erantzuten.