Martxelo Otamendiren biografia liburua argitaratu dute ‘Berria’-k, Elkarrek eta ‘Jakin’-ek

  • Elkarrizketa-liburua da. Garbiñe Ubeda kazetariak idatzi du: 'Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza'.

Martxelo Otamendi ARGIAri eskainitako elkarrizketan, 2023ko uztailean. Ibai Arrieta / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2025eko urriaren 14an - 11:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aleka bildumaren ale berria kaleratu dute Berria egunkariak, Elkar argitaletxeak eta Jakin aldizkariak. Bildumako bigarren biografia da, Karlos Garaikoetxea lehendakariari buruzkoaren ondorengoa: Martxelo Otamendiren ibilbidea jaso du Garbiñe Ubeda kazetariak. Otamendik kazetaritzaren munduan egindako ibilbidea ez ezik, "bere milaka aurpegiak" erakutsi dituzte. Izenburu hauxe ipini diote: Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza.

"Handiuste samarra iruditzen zitzaidan neuk biografia bat edukitzea", aitortu du Otamendik, biografia bat edukitzeak "pisua" suposatzen duelako. Proposamena jasotzean denbora hartu zuen pentsatzeko, eta behin baiezkoa emanda, gustura aritu dela esan du. Ubedaren lana goraipatu du: "Asko hitz egiten dut, eta hitz egindako guztia biltzea ez zen erraza; oso lan polita egin du".

2023an utzi zuen Otamendik Berria-ko zuzendaritza, eta une horretatik bildumaren editoreek argi izan dute berari buruzko liburua egingarria zela. Astearte honetan Berria-n Ubedak kontatzen duen moduan, "Otamendi 30 urtez izan da aktualitatearen lekuko Euskaldunon Egunkaria-ren eta Berria-ren zuzendaritzaren talaiatik". Hargatik, Berria-k liburua egiteko enkargua egin zion Ubedari, eta berak berehala eman zuen baiezkoa.

Urtebete pasa du liburua idazten. Liburuaren editoreetakoa izan den Martin Ansok azaldu duenez, "galdera pertinenteak" egin dizkio Ubedak Otamendiri, eta "pasadizoz eta ñabardurez betetako kontuak" kontatu dizkio. Elkarrizketa formatuan josi dute liburua. Baina bien arteko solasaldi luze horietan, galderak baino, "gaiak" ateratzen zizkion Ubedak: "Gai jartzailearena egin dut; gaia jarrita nahikoa zen". Blokeka joan dira. Besteak beste, Otamendiren nerabezaroko bizipenak bildu ditu Ubedak, euskaltzaletasuna nola ezagutu zuen eta abar, "gu bezalaxe gaztelaniaz aritzen baitzen Martxelo nerabetan, eta gerora euskaraz, hautuz". 

Amaiera partera, Ubedak azaldu duenez, bada atal bat "Otamendik sarri jorratzen dituen gaien ingurukoa": euskararen zapalkuntza batetik, eta Katalunia, bestetik. "Bere bigarren aberria da; horretaz ere hitz egiten du liburuan". Liburua amaitzeko, iritzi-artikulu batzuk eskatu dizkie hainbat norbanakori. Gertuko begiradak deitu diote atal horri. 


Kazetaritza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 6
Albistea

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...