"Elipsirik gabe ez zen nire nobela izango"

  • Bergara, 1964. Nafarroako Euskarabidea institutuan irakaslea. Historialaria eta kazetari izana. Feriatzaileak (Susa) nobelarekin jalgi da literatura plazara. Sare sozialen bidez ikusi dugu koktelera eta maleta eskuetan. Osagai bi horiek, maletak eta koktelak, berebiziko lekua hartzen dute liburuan. Hitz  “berri”  zenbait ekarri ditu. Feriatzea, konparazionera. Nongoa den galdeturik, bere zorroko hitz bat eskaini digu Patxi Larrionek:  “Mugirokoa” naiz. Giro bizia dagoen tokikoa, alegia.

"Bergarakoa naiz, eta Etxabarrikoa sentitzen naiz, aita eta amaren herrikoa". (Argazkia: Dani Blanco).

Nobelagile bezala plazaratzea ustekabeko galanta izan dela erranen nuke, baita Bergaran sortu zinela ohartzea ere.

Bergarak zerikusia dauka liburuarekin. Gure gurasoak lanera joan ziren Bergarara gu jaio aurretik; Allin ibarreko Etxabarri herrixkakoak ziren, Urbasa aldekoak. Etxabarritik Bergarara joan-etorri asko eginak gara etxekook, trenez egin ere. Lizarratik atera eta Bergararaino joaten ginen –Zumarragan gaindi edota Gasteizetik buelta eginez–, tren horietako bat La Vasconavarra zen, 1968an desagertua. Zenbaitetan osabaren batek hurbiltzen gintuen Lizarrara trena hartzera, edo Etxabarrira eramaten itzultzean.
    Feriatzaileak girotua den garaian itxi zen La Vasconavarra. Gurasoek kotxe bat erostea erabaki zuten eta Urbasa sarri zeharkatzen genuen. Orduan laketu nintzen Urbasarekin. Etxebarri inguruaz ditudan lehenbiziko oroitzapenak Patton filma errodatzen ari zen urtekoak dira: aitatxi-amatxi, osaba, aita eta ama, Urbasan egiten ari ziren filmaz hizketan. Gerora, filmeko irudiak ikustean “toki hori eta bestea” zehazki non zeuden seinalatzen zizkiguten.

Beraz, txikitatik izan zenuen zinearen berri, eta ez pantailatik baitezpada.

Bai. Txikitatik lotu ditut Urbasa eta zinea. Etxabarrira bidean hauxe irakurtzea gogoratzen dut: Al rodaje. Patton filmaz beste, Hiru Mosketariak, Cromwel eta Robin and Marian filmen eszenak ere Urbasan errodatu zituzten. Gure lehengusuek eta haien lagunek estra moduan parte hartu zuten holakoetan.  

Hainbatek haurtzaroa jotzen dute euren aberritzat. Zure aberria Urbasan eta bere inguruan dago, antza.  

Iruñean ez behintzat. Ni Bergarakoa naiz, eta Etxabarrikoa sentitzen naiz, aita eta amaren herrikoa. Oraindik ere izeba eta osabak ditut Allin ibarrean. Senideak eta txikitako lagunak ditut bertan, baita Gipuzkoan ere. Allin ibarrean arnasa hartzen dut eta Bergaran ere bai. Badakizu zer poza eman zidan nobela Bergaran aurkeztu izanak! Dena den, bereziki ni “mugiro” dagoen tokikoa naiz. “Mugiro”-n laketzen naiz. Martin eta Luis protagonista nagusien nondik norakoak ezagutuz gero, antzematen da “mugiro” zer den.

“Hiru Mosketariak, Cromwel eta Robin and Marian filmen eszenak ere Urbasan errodatu zituzten. Gure lehengusuek eta haien lagunek estra moduan parte hartu zuten holakoetan”
 

Nobela hirian gauzatzen da, baina oso menditarra ere bada.  

Hala ere, mendia edo landa mundua beste gisa batez agertu nahi izan dut. Euskal Herrian eta munduan orobat, mendia leku isolatua balitz bezala transmititu zaigu. Literaturan ere mendia beti lotu da isolamenduarekin: toki mugakideak balira bezala. Aldiz, niretzat Allin ibarra edo Urbasa mendia justu kontrakoak dira, elkartzeko tokiak izan dira.

Nobelari izenburua deigarria ipini diozu: Feriatzaileak.

“Feriatu” hitza gaztelaniaz erabili izan da batez ere, eta aurrerantzean, espero dut euskaraz ere erabiltzea. “Feriatzea” Nafarroa erdialdean erabili izan da gehienbat, “agenciar” da, lortzea. Berez ez da ebatsi, baina izan daiteke, eta izan daiteke ere erostea. Editoreak eta enparauek hitza onartu zidaten. Familiaren inguruan entzundako hainbat feriatzeek lagundu didate nobela osatzen.
Martin eta Luis dira protagonistak, feriatzaileak alegia. Azaldu iezaguzu nobela.
Batzuek esan dutenaren kontra, nobela bi gazteen “feriatze” bat baino gehiago dela uste dut, abenturaz harago doana. Zentzu horretan, Patton filma nobelaren attrezzoa da. Nire ahalegina frankismoaren akaberako giroa agertzea izan da, karlismoaren inguruko gogoeta egitea barne. Aldi berean, nobela politiko eta ekonomikoa da. Trama diru-truke baten inguruan eraikia da. Ustez ahulak diren batzuek indartsuak –nagusiak– diren beste batzuei ebasten diete, feriatu egiten diete, baina horretarako bizkorrak izan behar dute, baita indartsuen laguntza izan ere.
    Oso garbi nuen, lehentasuna tramak edukiko zuela, Martinen begietatik kontatuta dago, bera eszena guztietan presente dago. Horren barnean, zineman ematen den modura kontatu nahi izan diot irakurleari tramaren amaiera. Gerran irabazle atera direnek ez jakitea ziria nork sartu dien. Lortu nahi nuen filmetan gakoa izaten dena. Horretan, puzzle osatze lana dago, Martinek batzen ditu piezak. Trama da inportanteena, baina den-dena ez da bere mesedetan, istorioan historiak ere pisua baitu.

Historiaren gaineko istorioa nobelatu duzu. Baztango (H)ilbeltza nobela beltzaren astean ere izan zara ordea. Genero horretako liburutzat duzu Feriatzaileak?

(H)ilbeltza ekitaldiaren inguruan Iruñeko hainbat lagun gaude, Jon Alonso eta biok, besteak beste. Antolatzaileak kidetzat dauzkat, bertan parte-hartzea proposatu zidatenean, “hau beltza al da?” esan nien. Izan ere, nik ez nuen hildakorik nobelan agertu, ez odolik nahi ere. (H)ilbeltzan, Miel Angel Elustondo izan zen, Gotzon Garateren nobelagintzaz jardun zuen. “Hildakorik gabeko nobela, beltza izan daiteke?“, galdetu nion. Hark “dudarik gabe” esateak lasaitu ninduen.

“Niretzat nobelan ez dago manikeismorik, nik feriatze batzuk kontatu ditut. Kontakizunean ez da pertsonaia bat goratzen eta beste bat apaltzen”
 

Odolik ez, baina ardoa eta janaria nasai daude.

Nobelako protagonistek oso ongi edaten eta jaten dute, baina pasa gabe. Edo ez irakurle gaixto batek esan didan hau pentsatzeko ere: “Hire nobela speedaren apologia duk”. Ez, inola ere ez. Martinek gasolina behar du, feriatzaileek adrenalina behar izaten dute. Martinek ez daki geldirik egoten. Grina, nola mantendu adrenalinarik gabe? Nobelako bi protagonistek lo gutxi egiten dute, guk Sanferminetan bezalaxe. Feriatzeko bizkor eta arin ibili behar da, baita Sanferminetako martxari eusteko ere.

Izeba Irenek: “Goiztiar ala heldu berri?” esan ohi dio Martin ilobari. Luis eta bera bai kuku-txori parea?

Martin eta Luis uztarri dira. Oso ezberdinak. Alferez-gai dira, aldi berean Kazetaritza fakultatean ari dira ikasten. Luis iruinsemea da eta Martin ameskoarra, ongi kokatutako familia batekoa hau ere. Iruñeko Luis bada nor, bere familia, bere aita, baina Martin ere bai. Martin Galdeanoren nortasuna ongi ezagutzen dudan Allin ibarrean dago, haren izaera bertakoa da. Amatxi, amaren ama, Aranaratxekoa genuen, Eulate ondokoa. Bailarak horiek aski endogamikoak dira, gehienak lur jabeak dira, txikiak badira ere; eta lur gutxi daukanak lur komunalak erabili izan ditu. 1950eko hamarkadan, industria indartu zen Gipuzkoa aldean, familia guztietako baten bat aritu da Gipuzkoan lanean.

Iruñerrian, Urbasan eta Ultzaman ere garatzen da trama. Euskara joria eta bizia ekarri duzu nobelan.

Euskara batua da, nafar batuan idatzi dut, nafarrerak amankomunean dituen hogeitaka ezaugarri erabili ditut. Jon Alonsok “Larrion hitzen kontrabandista da” esan ohi du. “Feriatzaileak” hitza horren adibidea da, besterik ez. Iruñea erdaldunean moldatu dut hizkuntza, baina ez dut ahalegin berezirik egin. Nik “trago” bakarrean, “klikol” bakarrean esaten dut. Hiztegian ez da sekula agertuko, baina nobelan onartu didate. Horiek nire maletan dauden hitzak dira, nire zorrotik atera ditut, hurbilen ditudanak erabili ditut. Ez dut ahalegin berezirik egin, ez dut inor ere harritu izan nahi. Eta leku izenekin berdin. Izen horiek ez diote trabarik egiten nobelari, alderantziz, nolabaiteko hurbiltasuna ematen diote kontakizunari.  

Pertsonaien elkarrizketei eman diezu lehentasuna.

Elkarrizketak film batekoak balira bezala ekarri nahi izan ditut, zineko eszenen modura. Elkarrizketei garrantzia eman diet edo horretan ahalegindu naiz. Lortu ote dudan? Hori irakurleek esan behar dute.
Maiz entzun dut “hasi eta buka egin dut”.  Ez da gutxi. Gari Garaialde foto-kazetariak txio batean “Feriatzaileak nobelako Martin eta Luis protagonistekin nabil, lortuko al dute?”. Badakizu, zer poza hartu nuen? Ez dakit gero akaberan gustatu zaion, artean zerbait sorrarazi izan badio, primeran.

Kritikak jaso ditu nobelak....

Egiari zor, nobela hau maskulinoa da, eta kontrasterako bi emakume indartsu sartu nituen, Irene eta Gisèle. Gisèle agertzen den unetik nobelak gora egiten du, Irene izebaren rola ere gakoa da.

Kritika gehienak emakume bi horien profila dela eta heldu zaizkit: “Ez al zegoen beste emakumerik 1969an? Denak neskame edo putak ziren?”. Ongi da. Ordea, nik adierazi nahi nuena kontatzeko bi emakume horien ezaugarriak behar nituen.

“Feriatu hitza gazteleraz erabili izan da batez ere, eta orain, aurrerantzean, espero dut euskaraz ere erabiltzea”

Kritika batean “pertsonaia onen eta gaiztoen arteko manikeismoa” irakurri dugu.

Martin eta Luis maitagarriak dira, baina Salbatore eta Pedrotxo ere bai, beste bandokoak izanda ere. Niretzat ez dago manikeismorik, nik feriatze batzuk kontatu ditut. Kontakizunean ez da pertsonaia bat goratzen eta beste bat apaltzen.

Zure lehen nobela izanda, non izan duzu traba gehien?

Editatzeko unean moztu behar izan dugu, pertsonaia batzuk sakrifikatu, batzuen rola egokitu... Bestalde, eztabaidatu genuen fikzioaren eta historiaren artean zeini eman leku gehien. Bada, niretzat garbi dago nobelan zein atera behar den garaile: fikzioa. Nobelaren oinarrian dokumentatze-lan handia dago, gero gezurrak kontatzeko bada ere.  

Istorioa elipsi-joerari uko egin gabe idatzi duzu.

Pello Lizarralde lankideak dioenez, “Patxi Larrionen jardueran elipsia da nagusi”. Ezagutzen nautenek badakite hori dela adierazteko nire moldea. Nik elipsia behar dut, eta nobelan ere ziur aski ezaugarri hori oso presente dago, berez doan estiloa da. Elipsiaren estiloa oso ongi menperatu behar da, noski, eta igual nik ez dut lortu, onartzen dut traba izan daitekeela, baina elipsirik gabe ez zen Patxi Larrionen nobela izango.

Maleta eta koktela

Patxi Larrionen ibileren berri izan dugu sare sozialen bidez. Bergara, Durango, Txantrea, Larrabetzu eta Arizkunen ibili da Feriatzaileak defendatzen. Xabier Letona ARGIAko kazetariak horrela idatzi du Twitterren:  “A ze lanak eta pozak ematen dituen maleta horrek Euskal Herrian barrena, aurkezpenetik aurkezpenera!”.

Horrek guztiak sormen prozesuarekin badu zer ikusirik. Gustura pasatu dut nobela idazten eta berau defendatzeko prest nago, deitzen didaten tokira joateko gogotsu. Liburuaren promozioan bi elementu nagusi izan dira: maleta eta koktela. Koktelaren historiak badu zerikusia idazte prozesuarekin. Trama jada nahiko aurreratua nuenean, lagun batek garai bateko notizia hau pasa zidan: “Patton koktela hirugarrena geratu da, Nafarroako Kokteleria txapelketan”. Miguel Lizarbe barmanak prestatu zuen koktelaz ari zen. Patton filmeko aktoreak nahiz teknikariak Maisonnave hotelean ostatu hartzen zuten garaikoa. “Hara, badut nobelaren hasiera!” pentsatu nuen. Koktelgile lagun batek berritu zuen koktela, eta esan nuen, sikiera, liburuaren aurkezpen egunean neronek ere prestatuko dut. Gero irakurle klubetan eskatu didate, eta aurrera. Bergaran eta Arizkunen eginez gero, bestetan ez dira gutxiago izango, ezta?  

Liburuaren azalean ageri den maletak ere badu bere historia, berriagoa izan arren.

Maletak eman du joko gehien. Maleta ez, maletak, bi baitira, badute leku berezia nobelan. Argitaletxeak maleta eskuratu zuenean, azala egin ondoren, “zergatik ez diot eskatzen, azala egin duen Xabiri?” pentsatu nuen. (H)ilbeltza taldeko partaidea da. Azalean agertzen den irudiaren afixa ere badago, film baterako modukoa. Kristoren lana egin dute Susako lagunek. Batzuetan erabiltzen dut, ezusteko politak izaten dira.

Irakurle izatetik idazle izatera pasa zara. Zer-nolako esperientzia izan da emandako jauzia? Zerbaitek harritu al zaitu?

Beste aldera pasatzea suertatu zait, baina nik mundu hau ezagutzen nuen. Harritu ez, poztu bai. Batetik, poztu naiz jende asko nobelarekin identifikatu delako. Badago bestela pentsatzen duenik ere, noski, adibidez, nobelan leku eta kale izen gehiegi azaltzen direla diotenak. “Horiek kontakizunari edota tramari traba egiten badiete, kentzeko prest naiz” esan nion editoreari. Ezetz esan zidan. Iruñea ezagutzen dutenei, eta ez bakarrik bertakoei, balio erantsi bat eman nahi nien, uneoro jakin zezaten nondik barna zebiltzan protagonistak. Beste batek esan dit, “nik ezagutu nuen garai horretaz beste ikuspegi bat emango nuke”.  Batzuetan ahalegintzen zara egoera bat transmititzen, pertsonaien harremana dela medio, eta argi dago ez duzula pertsonaia denekin lortzen, baina uste dut gehienetan  lortu dudala nahi nuena transmititzea. Ahalegindu naiz sikiera. Orain plazer handia hartzen ari naiz irakurleekin hori partekatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude