‘Euskararen berri onak’: dagoenean dale, ez dagoenean bale

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez bezala, erlijio-kontuak alde batera utzi –aber, XVIII. mendeko apaiz batek hori egin zezakeen neurrian, ez pentsa ez-dakit-zer ere–, eta euskaldunei gramatika eta erretorika irakaspen batzuk emateko aitzakian, txunpa-txunpa, txaranga baten atzetik bezala, zintzilikatzen da tipoa Kintilianoren eta Manuel Larramendiren sorbaldetatik, eta idazten dizu mende hartako euskal literaturak utzi duen libururik entretenigarrienetako bat.

Estilo bizi-bizian idatzia, irakaspenak, anekdotak eta iritzi polemikoak libreki nahasiz, irakurlearentzat festa da Kardaberazen testu hau, batez ere saiakera literarioa maite duen irakurle mota horrentzat; nahiz eta, euskarari buruzko kezkak motibatutako liburua izanik, pixka bat kopetilun ere agertzen den une batzuetan. Arrazoiak ez zaizkio falta: 100 urte baino gehiago pasa dira Axularrek Gero-ren irakurtzaileei egindako abisutik –“Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzesez edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere; eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak”–, baina berdin samar jarraitzen dugula dirudi. Hitz berdintsuekin seinalatu behar beraz: “Alere asko, egieki, euskera galdu da. Baña ori ezta euskararen, ezpada euskaldunen desonra”.

Ai, euskaldunak. Beren hizkuntzan idatzitako liburuak esku artean hartzeko sentitzen zuten –duten, joder, duten– alferkeria horrexen salaketan hasten da Kardaberazen idazkera entretenigarria izaten. Zuk ere gure utzikeria akulturizatzailearen kontra maldizioka hasteko premia sentitzen baduzu, hartu lasai haren hitzak maileguan, denentzako baitauka, analfabetoekin hasi –“zer lotsa gaizto itsusiagorik, euskaldun galtzadun edo gizon egin bat, lau errengloi euskeraz ezin irakurririk, ez atzera ta ez aurrera, lotuta ikustea baño?”–, euskañolez ari direnekin segi –“ez itz egiteko ta ez elkar aditzeko erdarazko ta euskarazko naspilla moldakaiz eta nazkagarri bat entzun oi da”–, eta madarikazio orokor samarrekin amaitu –“euskaldun alper ajolakabeai esan dakieke: astoaren aorako eztia eztala, baña bai belarra”–. Nori eman badagoenez, Kardaberazek dale.

Aldi berean, hernaniarrak optimista izan nahi du. Iruditzen zaio ez dela askorik egin behar jende pila bat euskal letretan trebatzeko. Gimnasio mentalean ordu batzuk, horixe: “Lau eguneko ejerzizio piska batekin seguru, erdaraz bezala edo aisago, euskeraz irakurtzera egingo zera”. Ideia hor dago aspalditik, askotan errepikatzen du gainera: “Uso ta kostunbreak guztia erakusten du”. Ez mamitzen, ordea. Frogarik argiena da, gaur goizeko kafearekin ere esan duela baten batek egunkari/astekari/liburu hori “zaila” dela, euskaraz dagoelako.

Inbertsio handiak egin dira iritzi orokortu hori fabrikatzeko. Horretaz ere jabetzen zara Euskararen berri onak irakurtzen, frankismoa baino bi mende lehenagokoa izanagatik, ordurako abian zen linguizidioaren lekukotasuna ere bai baitakar: “Emen guraso ta maisuak falta andi bat erremediatu bear dute, ta gure euskerari orañdaño baño mesede geiago egiñ: jendeen artean beste lenguajerik euskera baño ditxa gabeagorik ezta ikusi, ta, gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute”.

“Al datekean disparaterik bidegabeena” iruditzen zitzaion hori Kardaberazi. Eta bazuen alternatiba buruan. Bere garaiari asko aurreratu zitzaion, euskara irakasteaz gain, eleanitza izango zen eskola imajinatuz, metodo pedagogiko aurreratuak aplikatuko zituena: “[U]tsegitean, oiei soseguz ta grazia onean, nola ondo irakurri edo esan bear duten, adirazi bear zaie, eta ez bildur ta ikarakin. Oitu bear dira, ez emengo izkeran bakarrik, ezpada edozeñ dialektotan, eta Frantzia edo Nafarroako edo Bizkaiko libruetan ondo ta trebe irakurtera”.

Baina ez dagoenean, bale: XVIII. mendeko problema batzuek XXI.enean kanbiatu gabe jarraitzen dute eta, honezkero, ez dakit ba inoiz aldatuko diren. Euskal derbietako giroa, adibidez. Probintzianismo txatxua. Foralina eta zikina. Diferentzia bakarra, baloiaren atzetik korrika aritzea oraindik modan ez zegoenez, giputxi-bizkotxak posposizioei ostikoka aritzen zirela Kardaberazen garaian: “Eskola-mutil bi beñ batean, euskeraren gañean, beren eztabaidetan ikusi nituen. Bata Bizkaitarra, ta bestea Gipuzkoarra zan. Beren modura aserretu ziran, ta ezin besterik egin, ta deadarrari biak eman zioten: Bizkaitarrak deadar: Kin, kin, kin; ta Gipuzkoarrak: Gaz, gaz, gaz; eta ondo aspertu ziranean, bereala pakeak egin zituzten”.

Garbi dago, “gisa onetan edo bestean itzegitea, ferian edo dendan erosten dan gauza ezta”. Alegia, hemen bakoitzak bere dialektoan hitz egiten du. Eskribitzen hastean ere, horri jarraitu behar dio, Kardaberazen ustez betiere. Konturatzen da ordea, hizkuntzaren sakabanatze horrek dakartzan problemez –“nola Euskalerrietan era edo manera jakiñik ta guzientzat berdiñik orañ artean izan eztan, egokiro itzegitea erraz ezta”–. Liburuaren amaiera aldera, mingainaren puntan dauka euskara batuaren premia. Garai hartako idazle bati gehiegi eskatzea da, ordea.

Ez pentsa, hala ere; Kardaberazek bazekizkien gauzak, gaur egungo letra-juntatzaile askok inoiz ikasi ez dituztenak: “Usadio txarrai berneak ebaki, esan oi da: ta alferrikako letra asko utzi ta, itzez esaten edo aoz pronunziatzen dana garbiro eskribituaz, obeto ta errazago azertatuko da”. Euskara batua bezalako inbento zoragarria jai eta aste sustantzia gabeko prosa txosteneroan itotzen ari direnek asko lukete ikasteko hernaniarraren idazkeratik. Berak esana da, gainera: “Apaiz asko txit erraz eskribitzera nere konsejuz egin dira: zu gutxiago etzera, ta bearbada obligazio geiago dezu”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerotik gerora
Aleksandra Kollontai
‘Boltxebike maitemindua’: panfleto arrosa bat

Gutun bat iritsi da Ukrainako Oberih aldizkarira: “Erredakzio estimatua, interesa dakizuekeen zerbait dela-eta idazten dizuet”. Funtzionario bat da idazten duena, Antsyxkin I. V. delakoa, eta aurkikuntza handi bat egin duenaren poz eta urduritasunarekin idazten du... [+]


Arnaut Oihernart
‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Pedro Ignazio Barrutia
‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]


Natalia Ginzburg
‘Gure atzo guztiak’: ausardiaren posibilitatea

Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean,... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


Pedro Axular
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude