AEBak Somalian ari dira probatzen ezkutuko gerra inperial berria

  • Barack Obamaren administrazioak azken hilabeteetan biziagotu du gerra klandestinoa Somalian, Afrikako kostalde idor hartako etsai islamistaren aurkako erasoan erabiliz eliteko tropa bereziak, airezko erasoak, kontrata pribatuak eta Afrikako aliatuak. Obamaren herentzia eraisten ahaleginduko den Donald Trumpek bere eginen du AEBetako armadak sustatu eta Hillary Clintonek finkatutako gerra modu berria.

Hamabi milioi biztanletik milioi erdik bizia galdu eta milioi bat gehiagok herrialdetik ihes egin behar izan ostean, itzali gabe jarraitzen du Somaliako gatazka kasik ahaztuak, nahiz eta Muqdisho hiriburuko gudu txiki batek lortu zuen best seller izatea B
Joe Penneyren argazkian, militar iparramerikar bat lekuko soldaduak trebatzen Somalian. Gerra kasik ahantzi hau darabilte AEBek bere gerra inperialak burutzeko estrategia berrien laborategitzat. XXI. mendeko gerretan amerikarrek urrundik gidatzen dituzte erasoak, lekuko lan handiena azpikontratetako mertzenarioek eta inguruetako herrialdeetako tropek burutzen dute eta komunikazio enpresa handiekin hitzartzen dute herritarrenganaino zein informazio helarazi.

Hamabi milioi biztanletik milioi erdik bizia galdu eta milioi bat gehiagok herrialdetik ihes egin behar izan ostean, itzali gabe jarraitzen du Somaliako gatazka kasik ahaztuak, nahiz eta Muqdisho hiriburuko gudu txiki batek lortu zuen best seller izatea Black Hawk Down izeneko liburu, film eta bideo-jokoekin. Ahaztua edo ezkutatua bai albistegietatik, baina inperioko militarrek  oso hurbiletik zaindua beren estrategia berrien laborategi bihurtu dutelako.

Huts egindako estatuen eredutzat aipatu izan da Somalia, azalpen handiegirik eman gabe zerk eta nola eraman duen hondoa jotzera. Mohamed Siad Barre jeneralak 1990ean agintea galdu zuenetik ez du herrialdeak gutxieneko egonkortasunik aurkitu, alde batetik militar iparramerikarrak eta inguruko herrialdeetakoak –Kenya, Etiopia...– lehenik trantsizioko gobernua eta orain gobernu federala sostengatu nahian, bestetik lekuko leinuetako armada txikiak eta Al-Qaedari edo Estatu Islamiarrari lotutako gerrillariak.

Joan den urrian New York Timesek argitu du urrutiko gerra galdu haren garrantzia, Mark Mazzeti, Jeffrey Gettleman eta Eric Schmittek sinatutako “Somalian AEBak ari dira indartzen itzalpeko gerra” kronikan: “Somaliako kanpaina da gerra eredu bat Obama lehendakariak bere egin duena eta ondorengoari pasatuko diona. Horixe da AEBek gaur darabilten eredua Ekialde Hurbilean bezala Afrikako iparrean –Siriatik Libiara– gaindituz Obamak munduko gerra eremuetan amerikarrek oinak jartzeari dion higuina. Aurten bertan AEBek aireko erasoak burutu dituzte zazpi herrialdetan eta operazio bereziko misioak askoz gehiagotan”.

Muqdisho hiriburuan 1993an amerikarrek galdu zutenetik ebakuazio ahaleginean ari zen helikoptero bat gerrillarien misilek jota –barruan zeramatzan 18 soldaduekin–, urruneko guduetan gizonik ez hiltzea izan da luzaz AEBetako armadaren lehentasuna, baina urteak ez dira alferrik pasatu eta Somalian erakutsi dute ostera arrisku berrietan sartzeko prest daudela.

Obamaren aroan lehendakari iparramerikarrak aginte zabalagoa eskuratu du Somalian bortxa erabiltzeko, ofizialki Al Shabab gerrilla islamistaren erasoetatik babesteko AEBetako eta Afrikako tropak. “Pentagonoak –dio New York Timesek– gerrako albisteak ematerakoan operaziook lausotzen ditu ‘auto-defentsazko eraso’ izenpean, baina zenbait analistak uste du hitz egiteko modu hori ez dela denborarekin egia bihur dakin esandako profezia baino”.

Bere 9.000 gudari ingururekin, Al-Qaedari obeditzen dion Al Shabab taldea izango da Somalian arrakasta handienez aurre egiten diena amerikarrei eta AMISOM Afrikako Batasunaren Somaliarako Misioak ezarritako gobernuari. Urteotan hainbat porrot militar jasan, hiruburuaren kontrola galdu eta drone yanki batek berrikitan Moktar Ali Zubeyr buruzagia hil arren, ahalmen militarra ez du galdu. 2013an Al-Shabab iritsi zen Kenyako hiribururaino, bertako erasoan 60 lagun hilaz.

Al Shababen kontra aritzeko AEBek operazio berezietako 300 militar dauzkate, Somalian AMISOMen babesean ari diren Kenya, Uganda eta bestetako soldaduekin elkarlanean. Hilero dozena erdi erasotik gora antolatzen dituzte, lurreko operazioak airetik dronez osatuz. Operazio horietan parte hartzen du AEBen Itsas Armadako SEAL Team 6 unitate bereziak, zeinari buruzko informazioak sekretutzat sailkatuta dauden. Borroketan atxilotutakoen galdeketetan ere hartzen dute parte.

Gerra azpikontratatuen logika berrian

Zenbait aditu ari dira ohartarazten aireko erasook, auto-defentsa moduan justifikatu arren, derrigor ekarriko dutela gerraren gogortzea, eta Afrikako militarrei laguntzera joandako eliteko militar yankiak gero eta sarriago jarriko direla Al Shababen jomugan.

Kontua da Somalian militar amerikarren eta afrikarren ondoan gerran berezitutako kontratista pribatuak ere ari direla. Mertzenarioak, alegia. Zehazki, New York Timesek aipatu du Bancroft Global Development konpainia, egoitza Washingtonen duena: “Urteak daramatza Estatu Departamenduarekin lanean Afrikar Batasunako tropak entrenatzen eta horiekin nahastuta parte hartzen Somaliako operazio militarretan”.

Bancrofteko buru Michael Stockek kazetariei aitortu die Danab izeneko talde somaliarra osatu dutela. Errekrutatu ondorengo lehen entrenamenduak Muqdishon egin ostean, Baledogleko base militarrera eramaten dituzte, AEBetako marineekin hobeto prestatu ondoren Al Shababeko gerrillarien kontrako guduetan murgiltzeko. Stockek esan du helburua dela unitate militar somaliar bat antolatzea, Al Shababekoen aurka ez errepikatzeko Afganistan eta Iraken egindako pettoak; hauetan AEBek milaka milioi dolar gastatu zituzten armada handiak prestatzen, azkenean espero baino etekin kaskarragoak lortzeko.

Somaliako ereduko gerra berrietan, inperioak incognito moduan jokatzen du eta lortzen du AEBetan bezala herrialde aliatuetan gaiak interesa galtzea. Hedabiderik apenas azaltzen den parajeotatik. Finantziazioa CIAren eta armadaren kontu sekretuetatik doa, sarritan Saudi Arabia bezalako bazkide bati emanarazita. Gerrako ekintzengatiko erantzukizunak, berriz, pribatizatu egiten dira gerraren zati osoak kontratista pribatuei azpikontratatuta.

Abenduan Mint Press News hedabide amerikarrak analisiok osatu ditu xehetasun argigarriz: “AFRICOM izeneko inperio sekretua: AEBetako armadak nola bihurtu duen Afrika gerra modernoaren laborategi”. AFRICOM da AEBen 9 gudu komandoetatik bat, Alemaniatik gidatzen dituena Afrikako 53 herrialdeetako operazioak.

Nick Turse kazetari eta unibertsitarioaren arabera, Obamaren administrazioak urteotan izugarri handitu du militar iparramerikarren presentzia Afrikan. 38 herrialdetako 60 gunetan daude amerikarrak, baina ez orain arte egiten zuten moduan, base militarretan.

Djibutiko baseaz landa inon ez dago tropa, arma edo hegazkin pilaketa handirik. Aldiz, militarrek nenufar deitura xarmangarriz (‘lily pad’ ingelesez) bataiatutako 60 txoko diskreto horiek datzate Afrikako edozein aireportu, kai, base edo erregai hornidurazko egoitzatan, berdin Egiptoko ikerketa medikuko zentro batean edo Kenyako portu batean: AEBetako armadaren egitura txikiak behar den unean askoz indar militar handiago bat bildu eta zabaltzeko prestatuak daude.

Pentagonoak aurreratuta dauka islamisten kontrako gerraren gidaritza lau gune nagusitan berrantolatzeko plana. Afrikako gatazkak estrategia berriarekin kontrolatzeko nodoa Europa Hegoaldean lihoake, agian Espainian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Afrika
Ablazioa berriz baimentzeko lehen urratsa eman du Gambiak

Gambiako Batzar Nazionalak emakumeen genitalen mutilazioaren debekua (klitoriaren ablazioa) indargabetzeko lege-proiektu bat eztabaidatu berri du. Azken urteetan ablazioak gora egin du, bera geldiarazteko legezko saiakerak gorabehera.


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Eguneraketa berriak daude