Parisko Helegite Auzitegiak baldintzapeko askatasun eskaera ontzat eman du eta Frantziako Gobernuko presidente ohia aske utzi du kautelazko neurriekin. Helegite prozesua 2026ko martxotik aurrera egingo litzateke, data ofizialik ez badago ere. Sarkozyk presidentetzarako hauteskunde kanpaina Libiaren Gobernuaren diruarekin finantzatzea egotzita jaso zuen kartzela zigorra.
Azaroak 10, astelehenez, Parisko Helegite Auzitegiak Sarkozyren abokatuek aurkeztutako baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du eta behin-behinean aske uztea erabaki du, kautelazko neurrien pean. Le Monde egunkariaren azken albisteak dioenez, dagoeneko etxean da presidente ohia. Fiskaltzak aholkatua zuen presidente ohia aske uztea “lekukoak presionatzeko eta haiekin akordioetara iristeko arriskua txikia zelako”.
Sarkozy urriaren 21ean sartu zen Parisko La Santé espetxean, bost urteko kartzela zigorrera kondenatu eta hainbat astera. 2007an, presidente izateko hauteskundeetarako Libiako Muanmmar Gaddafi gobernuburuaren finantzazioa jaso zuela leporatu zioten. “Gaizkileekin elkartu” izanaz akusatu zuten.
Albistea jakinda, kartzelatik atera baino lehen Sarkozyk adierazi du ez zuela “inoiz pentsatuko 70 urterekin sartuko zenik lehenengo aldiz kartzelan”. Espetxeko langileei omen egin die “gizatasun paregabekoa erakutsi dutelako eta amesgaiztoa eramangarri egin dutelako”. “Gogorra, oso gogorra” izan dela aitortu du, “edozein presorentzat bezala”. 1958tik kartzelan egon den Frantziako lehen presidente ohia izan da, baita Europar Batasuneko estatu bateko lehenengo buruzagi ohia ere.
Sarkozyk epaiari helegitea jarri zionez, epaiketa izango da 2026an, itxura guztien arabera martxoan, data baieztatuta ez badago ere.
Beste epaiketa bati ere egin behar dio aurre, hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatzeagatik. Kasazio Auzitegiak epaia hil honen 26an emango du.