Estatu kolpea eman eta Ginea Bissauren “erabateko kontrola” aldarrikatu du militar talde batek

  • Igandeko presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen zain zeudela, "herrialdearen erabateko kontrola" hartu du militar taldeak asteazkenean, "hauteskunde prozesua bertan behera utzita". Boteretik kendu dutela baieztatu du Umaro Sissoco Embalo presidenteak.


2025eko azaroaren 27an - 13:21
Azken eguneraketa: 16:24
Soldaduak, presidentearen egoitzatik hurbil, estatu kolpearen egunean. AFP
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ginea Bissaun estatu kolpea burutu eta estatuaren "erabateko kontrola hartu" du militar talde batek asteazken honetan, eta lortu dute boteretik kentzea Umaro Sissoco Embalo presidentea. "Aitzindaritza Gorenean preso sartuta" dutela zehaztera eman dute estatu kolpearen egileek. Jeune Afrique komunikabidearekin hitz egin ahal izan du Embalok, eta dioenaz, berarekin batera atxilotu dituzte Armadetako Estatu Nagusiaren buru Biague Na Ntan jenerala, Estatu Nagusiko buruorde Mamadou Toure jenerala, eta Barne ministro Botche Cande.

Igandeko presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen zain zeudela, "hauteskunde prozesua bertan behera utzi" dutela argitu dute militarrek. Bezperan, bi hautagai nagusiek –Umaro Sissoco Embalo egungo presidenteak eta Fernando Dias da Costa haren aurkari nagusiak– zuten beren burua irabazletzat aurkeztu.

Denis N´Canha buru

Ordena Nazionala Berrezartzeko Goi Komando Militarra izenez aurkeztu dute militar taldea, eta Denis N’Canha presidentetza jauregiko arduradun militarra ari da bozeramailetzan. "Oraingoz eta besterik erabakitzen ez duten bitartean" bere esku geratzen da "herrialdearen gidaritza". N´Canharen hitzei segi, Ginea Bissaun "desegonkortzeko" plan bat deuseztatzeko bideratu dute estatu kolpea: hainbat politikarik "hauteskundeetako emaitzak manipulatzeko" asmoak omen zituzten.

Estatuaren erakunde guztiak eta hedabideak geldiarazi dituzte, baita etxeratze agindua ezarri ere. Horrez gain, herrialdeko mugak eta aireko espazioa itxita dituzte.

2020az geroztik zuen presidentearen kargua Embalok. Aldi honetan ere garaile gisa aurreikusten zen, oposizioko talde nagusiari –PAIGC Ginearen eta Cabo Verderen Independentziarako Alderdi Afrikarra– eta haren hautagai Domingos Simoes Pereirari aurkezteko parada ez ziotelako onartu. Parean, Dias da Costaren hautagaitzak PAIGC alderdi boteretsuaren babesa zuen. 2019ko azken presidentetzarako hauteskundeetan ere krisi politiko sakona ezagutu zuten Ginea Bissaun, Embalok eta Pereirak biek zutelako garaipena aldarrikatu. Hurbileko batzuen arabera, Pereira ere atxilotu dute asteazkenean.

1974an berreskuratu zuen independentzia Ginea Bissauk, eta orduz geroztik bederatzi estatu kolpe edota estatu kolpe saiakera egon dira herrialdean.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ginea Bissau
2019ko azaroaren 21
Filipa César, artista eta zinemagilea
"Luta ca caba inda": borroka ez da oraindik amaitu

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.