Abendu hasieran aurkeztu da Londresen John Pilger kazetari australiarraren dokumental berria: “Txinaren kontra datorkigun gerra”. Haren arabera, AEBek urteak daramatzate Txina inguratzen base militarrez eta neoliberalek gaina hartu ahala militarrek galdu dituzte bonba atomikoa erabiltzeko erreparoak. Hedabide nagusien isiltasuna eta manipulazioa salatzen ditu kazetari mitikoak.
“Gerra atomikoaren inguruan dagoen isiltasuna urratzeko egin dut film hau”, dio batean eta bestean John Pilgerrek. Australian 1939an sortu eta gaur Britainia Handian bizi den Pilger erreferentziazkoaren 60. dokumentala da The Coming War on China, frantsesez edo gaztelaniaz ikusteko (ez aipa euskaratzerik oraingoz) puska batean itxaron beharko duguna.
Oso gazterik Vietnamgo gerrako kronikak lekuan bertatik igortzen zituenez geroztik, mundu osoko gerrak eta gatazkak gertutik eta baita barrutik ere ezagutu ditu Pilger beteranoak. 77 urterekin ateratzen du kemena etengabe idatzi, dokumentala egin eta deitzen dioten lekuetan hitzaldiak emateko.
“Txinaren kontra datorkigun gerrak” azaltzen ditu AEBek Asian eta Itsaso Barean barrena antolatuta dauzkan itsasoko eta aireko indar militarrak, jomugan Txina daukatenak. Filmak jorratzen ditu potentzia nagusiak darabiltzan propaganda eta probokazioak ere. “Hedabideek dioskute Txina mehatxatzen ari dela eskualde osoa, hainbat uhartetan hegazkinentzako pistak eraikiz-eta; baina ezkutatzen digute aurretik AEBek Txina inguratu dutela 400 base militarrez, hauek dauzkaten misil, hegazkin eta gerrako ontziekin, osatu arte estratega militar batek ‘urka-bilurra’ deitu duenarekin”.
Filma Marshall uharteetatik abiatzen da. Pilgerrek sarkasmoz dionez, gaur bikini aipatuta mundu guztiak emakumeen bi pieza laburreko bainujantzia ulertzen du, ahaztu da janzkiari Bikini uhartearen izena eman zitzaiola hain zuzen han amerikarrek jaurtitzen zituzten bonba atomikoekin jendeen hezurrak agerian geratzen zirelako.
Geroztik H bonba andana leherrarazi zuten Marshalletan, denetara osatuz txikizio ahalmen izugarri bat: 12 urtez egunero Hiroshimako bonba bat zapartatuta adinakoa. Nazio oso bat, marshalldarrak bihurtu zituzten gerra atomikoaren akuri, bertan AEBek eraikiz base militar sekretuenetako bat.
Pilgerrek argitara atera nahi du gerra nuklearraren posibilitateaz hedatuta dagoen isiltasuna. Dokumentalerako elkarrizketatu dituen estratega militar batzuentzako dagoenekoz gerra atomikoa ez baita imajinatu ezinezkoa, aitzitik, gerta daitekeen zerbait da. Baina munduak mehatxu nuklearra hurbil sentitu zuen Gerra Hotzaren aldean, “oraingoan fronteak ez daude hain garbi markatuta, eta arriskuak askoz handiagoak dira”.
“Txinaren kontra datorkigun gerra“ bi urtez filmatu du Pilgerrek, bere iritzian Txinaren eta AEBen artean beroenak diren bost frontetan, bilduz ustez munduaren martxaren jakitun garen herritarrok ere ezagutzen ez ditugun gertakizun funtsezkoak.
Adibidez, gure hedabide nagusiak behin eta berriro erakutsi dizkigute Spratly uharteak, Txinak beretzako dauzkanak Filipinekin liskarrean. Baina ez dugu aipamen handirik sentitu 2005ean hasita sei aldiz AEBek eta Australiak elkarrekin antolatu dituzten Talisman Saber maniobra militarrez. Azken edizioa, 2015ekoa, Gerra Hotza bukatuz geroztik egin den handienetakoa izan zen eta bertan probak egin zituzten Malakako itsasartea ixteko, esan nahi baita, Txinara petrolioa, gasa eta klase guztietako lehengaiak Ekialde Hurbiletik bezala Afrikatik dakartzaten itsasontziei bidea mozteko.
Gerra izatekotan, nuklearra
Txinako zenbait adituren ikuspegiak ere bildu ditu Pilgerrek, gutxitan ikusten den moduan. Estratega txinatar batek esan dio: “Gu ez gara zuen etsaia, baina zuek erabakitzen baduzue hala garela, orduan berehala prestatu beharko dugu”. Berrikitan, dio Pilgerrek, bere arma nuklearren alerta egoera maila batez larriagotu du Txinak.
AEBetako itsas armadaren aholkulari zientifiko izandako eta arma atomikoetan aditua den Ted Postolek honela azaldu du azken urteotan militarren artean bizi den giroa: ‘Hemen denek nahi dute erakutsi gogorrak direla. Horra, gogorra naiz benetan, ez daukat beldurrik militar arloan edozer egiteko, ez daukat beldurrik mehatxu egiteko, ni naiz gorila nagusi harroa. AEBek ezpatak dantzan darabiltzate eten gabe, eta hori goitik xaxatu egiten dute”.
Pentagonoko gerra plangintzan aritutako Andrew Krepinevich da gerrari beldurrik ez dioteneko bat. Txina zigortu nahi du bere defentsa lerroak hego aldera zabaldu izanagatik. Itsasoa minaz bete eta Txinako trafikoa blokatzea proposatzen du: “Gure lehen presidente George Washingtonek zioen bakea nahi baduzu gerra prestatu behar duzula”.
Kontua da Gerra Hotzaren garaian, 1960ko hamarkadan AEBek eta Sobiet Batasuna gudu nuklearren ateetara behin eta birritan hurbildu ostean, potentzia handiek antolatu zutela halako kontentzio estrategia bat; gaur eraitsita dago, edozein taktika eta kalkuluri bidea zabalduz. Adituek filmean barrena azaltzen dute nolaz gatazka mugatu bat, bi arerioek elkarren intentzioak oker ulertu eta neurtzearen poderioz, bilakatu daitekeen gerra atomiko erabateko.
Pilger oso kritiko azaltzen da AEBen morroi itsuak garen mundu aberatseko jendeekiko. Bere sorterri Australia yankien estatu bat gehiagotzat dauka. Japoniaz dio funtsean AEBen kolonia izaten segitzen duela, bestelako itxurak eginagatik. Eta Europaz, okerreko irizpidez Magreb eta Ekialde Hurbileko egitura politikoak suntsitzen laguntzearen ordainak ari garela pagatzen, batetik etxean atentatu gehiago jasoz baina are larriago guregana datorren etorkin eta iheslari uholdeak harrapaturik.
Guztia estaltzen du Txinarekiko beldurraren propagandak. Pentagonoaren komunikazio arduradun Harry Harris almiranteak, Asia eta Itsas Bareko komandante militarra denak, New York Timesek bere lan eremuaz galdeturik erantzun zion: “Nire erantzukizuna iristen da Bollywoodetik hasita Hollywooderaino, hartz polarretatik pinguinoetaraino”. Labur bezain argi.
Filmak bildu ditu gerra egiturei aurre egiten dieten herritarren mugimenduak ere. Zehazki bi. Okinawa uharte japoniarrak 35 base militar dauzka. 1995ean soldadu yankiek 12 urteko neskato bat bortxatu ostean oldartuz geroztik, baseen kontrako mugimendua indartuz joan da eta gaur uharteko gobernadore den Takeshi Onaga base militarren kontra nabarmentzen da.
Hego Korearen Jeju uhartean, Seulgo gobernuak AEBei eskainitako base militarra zabaldu nahi du Gangjeong arrantzale herrixka deseginik. Egunero herritarrek eta atzerritik iritsitako askok basearen ataria blokatzen dute Mun Jeong-hyeon apaiz katoliko zaharrak meza ematen duela: “Lau aldiz kantatzen dut basean, eguraldiaren axolarik gabe. Ingurumena eta herritarren bizia bera suntsitu nahi dituzte eta guk eman behar dugu lekukotasuna”.
Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidente den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra... [+]
2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean,... [+]
Hainbat ikerketak erakusten dute inbertsio militarraren gorakadak osasuna edo hezkuntza bezalako sektoreen suntsipena dakartela herrialde batzuetan.
“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.
Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die... [+]
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]
Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo... [+]
Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu”... [+]
Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.
“Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak... [+]
Orain dela 20 bat urte, berrikuntzaren inguruan master bat egin nuen. Bertaraturiko gonbidatu batek esan zigun gizakion historian berrikuntza teknologikoaren eragile handiena gerra izan zela. Gerra, halaber, eragile handia da botere harremanen berrikuntzan.
Berrikuntzaz ari... [+]