Oroz gain, komunikatzen daki Irantzu Varelak. Hainbat bideo eta hitzalditan ikusi duzu, baina, aurrez aurre berarekin topo eginda, indar berberarekin harrapatzen zaitu, eta batez ere, barrez leherrarazten.
Nola iritsi zinen feminismora?
Gogoan dut, txiki-txikia nintzenetik ez zitzaizkidala gustatzen neska izateari buruzko hainbat gauza. Adibidez, bakeroen filmak ikusten nituen eta, film horietan, izaki ezgaia zen neska beti, denean lagundu behar zitzaion, borroketan garrasi baino ez zuen egiten... Amorratzekoa zen, zeren figura horrekin identifikatzen nintzen, baina nik ez nukeen hori egingo. Handitu ahala, behin eta berriz sentitzen duzu haserre hori. Gero, iratzartze moduko bat izan zen unibertsitatea.
Kazetaritza ikasi zenuen, ezta?
Bai. Pentsa, Leioan, kazetaritza ikasten, garai haietan... Kontzientzia politikoa hartu nuen. Begiak ireki nituen eta ikusi nuen gauza mordo bat ari zirela gertatzen munduan, neuk susmatu baino askoz gauza gehiago. Era berean, ohartu nintzen zerbait egin nezakeela. Izugarri gozatu nuen. Kolpean hazi izan banintz bezala, unibertsitatean ulertu nuen ez zegoela arazotan sartzea beste aukerarik.
Gerora, kazetari jardun duzu?
Bizitza osoan nahi izan dut kazetari aritu, baina gerra-erreportaria izan nahi nuen, Rosa María Calafen eta Carmen Sarmientoren pare, eta ikasketak amaitzean, konturatu nintzen oso urrun zegoela aukera hori. Beraz, interesatzen ez zitzaidan komunikabide batean bekadun aritu baino, lankidetza-master batean sartu nintzen. Venezuelan egin nituen praktikak, eta giza eskubideen erakunde bateko komunikazio-buru jardun. Chávezek hauteskundeak irabazi eta orduantxe iritsi nintzen hara: hori bai hori arazotan sartzea. Ametsetako enplegua zen: Caracazoko biktimen familien elkartean egiten nuen lan. Besteak beste, testigantzak biltzen nituen: familia desagerrarazi zioten jendearena, torturatu zituztenena... Hor ikusi nuen aurpegi asko dauzkala bortizkeriak eta oso garrantzitsua dela horien guztien berri ematea. Salsa dantzatzen ere ikasi nuen. Gero, denbora bat pasatuta, itzuli egin nintzen.
Eta nola sortu zen Faktoria Lila?
Adiskide batek eta biok kooperatiba abiatu genuen orain dela 9-10 urte. Helburua: lankidetza, genero berdintasuna eta komunikazioa uztartzea eta jorratzea. Kazetariak ginen biak, lankidetzan arituak, eta asko interesatzen zitzaigun feminismoa. Instituzioekin eta beste hasi ginen lanean. Berdintasunarekin lotutako gero eta gauza gehiago hasi zitzaizkigun iristen eta erabaki genuen feminismoa ere ager zedila gure webgunean; garai hartan, jendeak arbuiatzen zuen terminoa. Baina hainbeste gauza ateratzen zitzaizkigun ezen pentsatu baikenuen feminismoko gauza guztiak espazio batean batzea, eta espazio hori izan zedila kaletarragoa. Horixe da Faktoria Lila. Gero, halako tamaina hartu duenez, proiektu bat da bere kabuz, eta gaur egun, proiektu horretan nabil buru-belarri.
Zer lan-ildo jorratzen dituzue?
Tailerrak egiten ditugu, aurrez aurre eta sarean. Faktoria Lilaren helburua da feminismoa itzultzea, hasiberriei begira. Emakume guztiok bizi dugu patriarkatua egunero, hamaika modutan; hortaz, gure helburua da diskurtso feminista egunerokora ekartzea. Batez ere, amodio erromantikoa eta edertasuna lantzen ditugu. Uste dut horiexek direla desberdintasunaren funtsezko esparruak.
Bizipenetatik abiatzea da gure proposamenaren gakoa. Ez dugu ezer azaltzen, baizik eta tresnak eman, norberak igar dezan. Patriarkatuan, ezinbestean sentitzen dugu modu patriarkalean; bestela, zainak mozten edo kaleak hankaz gora jartzen emango genuke eguna. Guztiz mingostu gabe bizirauteko, patriarkatuaren konplize bihurtu behar duzu; beraz, kontua da norbera ohar dadila zer-nolako konplizitateak eraiki dituen, patriarkatuan bizirauteko. Deskubritzen badituzu, jada ez dute balio, eta zu zeu askoz pertsona askeagoa eta zoriontsuagoa zara.
Zergatik iruditzen zaizkizu bi lan-ildo horiek hain funtsezko?
Badu zerikusirik konkistatu dugun guztiarekin. Legeetan berdintasuna dago, hori egia da. Espainiako Estatuan, legez kanpokoa da bazterkeria, eta eskubideak dauzkagu. Hainbat mendetako borroka feministari esker lortu dugu berdintasun formala, baina, gizartean, esku-lan merkea gara oraindik, eta etxean, esklaboak gara, jarraitzen baitugu zaintza-lanen %80 musu-truk egiten. Aitzakiaren bat topatu behar zuten, hartara, lan horiek egiten jarrai zezaten halako emakumeek: ikasi, gidatu, kontu korronte bat eduki eta ekonomikoki biziraun dezakegunok. Bazirudien, horiek denak lortuta, pikutara bidaliko genituela patriarkatua, etxeko lanen inposizioa eta bigarren mailako langileak izatea, baina...
Amodio erromantikoaren ideologia izan ote da zapaltzen jarraitzeko tresna?
Ziria sartu digute: utzi dugu kontrola gaitzaten, monogamia eta heterosexualtasuna inposa diezaguten, esan diezaguten nola maitatu, nola jo larrua, eta ezar diezaguten maitasuna eta sexua elkarrekin doazela beti.
Arazo bat daukagu maitasunarekin, hori argi dago, zeren OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio, bere bikotekideak edo bikotekide ohiak akabatzen dutela munduan erailtzen diren emakumeen erdia. Hortaz, amodioaren espazioan, dohainik zaintzeaz eta gainerako guztien beharrak asetzeaz gain, akabatu egiten gaituzte. Ideologia horren izenean erailtzen gaituzte. Espainiako Estatuko genero indarkeriaren legeak ez zaitu kontuan hartzen, salbu eta harreman sentimentala bazeneukan erasotzailearekin. Gasteizen oraintxe erail duten emakumea, adibidez, ez da genero indarkeriaren biktimatzat hartuko. Horrexegatik, eraildako prostitutak ere ez dituzte hartzen halakotzat, eta ezin uka genero indarkeria jasaten dutenik. Ideologia patriarkalari eta kapitalismoari ezin hobeto datorkio gaur egun indarrean den amodio erromantikoaren ideia. Norberak bilatu behar du nola maitatu nahi duen, nola egin nahi duen txortan, eta nahi baldin badu, lot ditzala biak.
Edertasuna ere aipatu duzu.
Oso ondo azaltzen du hori Naomi Wolfek. Hain zuzen, uste dut emakume guztiok irakurri beharko genukeela The Beauty Myth [Edertasunaren mitoa], apirilean-edo, eta gero utikan esan bikini-operazioari. Liburu horretan argi dio Wolfek: otzan nahi gaituzte. Munduko emakume guztiok gaude egiturazko zapalkuntza baten pean: zergatik arraio onartzen dugu? Bada, bestelako gauza batzuei eskaintzen diegulako energia, zeren eta gustuko suertatzea da patriarkatuaren agindu nagusia orain, eta gainerakoen gustuko izateko oso onak izan behar dugu, mundu guztia zaindu, mundu guztiaren beharrak aurreikusi eta ase; eta oso itxura oneko ere izan behar dugu, alegia, garaiak, meheak, titi handiekin, gazte betiko, ile urdinik gabe, orpoak arrakalatu gabe, onddorik ez azazkaletan, gorputzean ilerik ez baina buruan sekulako adatsa, eta kizkurrik gabea. Izugarria da, eta ezinezkoa, gainera. Nahita ipini digu patriarkatuak halako helburu bat, ez dezagun sekula lor. Mundu guztiaren gustuko izatea bazter uzten badugu, hasiko gara geure buruaren gustuko izaten saiatzen, gauza asko jarriko ditugu zalantzan, eta hortxe amaituko da patriarkatua.
Nola abiatu zen El Tornillo?
Akaso legenda hondatuko dut, badakizu, DVDan sorta ateratzen dugunerako, baina... Komunikazioari eta iraultzari buruzko mahai-inguru batean parte hartzeko eskatu zidaten, eta han zegoen La Tuerkakoa, artean ez baitzen Pablo Iglesias. Jendetza bildu zen, oso publiko maskulinoa zen, eta beraz, aukera aprobetxatu nuen, eta nire onenak eman. Zur eta lur geratu zen Iglesias, eta gero, mahaiaren osteko potean, galdetu zidan ea egingo nituzkeen bideo labur batzuk. Baietz esan nion. Hasiera batean, La Tuerkari berari kritika feminista egiteko sortu zen. Hala ere, bigarren edo hirugarren programa iritsi orduko, nahi nuenaz hasi nintzen hizketan. Sarritan, ez diot agenda politiko orokorrari jarraitzen, eta nahita egiten dut, izan ere, uste dut geure agenda daukagula feministok, eta heldu behar diogula.
Bideoen harira eraso asko jaso dituzu.
Izugarria izan zen lehen denboraldia. Bigarren programa atera orduko heriotza-mehatxuak egin zizkidaten. Halako aurreikusgarriak dira matxunoak; beti iraintzen naute berdin, nire fisikoa eta nire sexu-bizitza hizpide.
Nire sexualitatea, batetik, oso bizia da: zakil-jale, puta... Edo, bestela, ez nau inork ukitu nahi, ezta makil batekin ere. Batzuetan, esaldi bakarrean esaten didate hori guztia. Asko interesatzen zaie nire sexu-bizitza, proposamenak ere botatzen dizkidate: ea nondik sartuko didaten zakila, taldean sartuko didatela... Gero, jakina, lesbiana esaten didate etengabe, irain moduan. Nire gorputzaz, aldiz, zazpi bilioik esaten didate lodia eta itsusia naizela, eta zazpi bilioitik batek edo bik esaten dit oso ondo nagoela.
Nola egin aurre horri?
Hasieran, denak irakurtzen nituen eta esaten nuen ez zidatela eragiten. Ez da egia. Ez naiz beldur; azken batean, beldurra aukera bat da, eta ez dut onartuko. Ez naute baldintzatzen, inondik ere, baina eragiten didate, zeren eta zeuk badakizu zerbait egiten ari zarela horixe delako bidezkoa, ez duzula egiten zeuregatik bakarrik, baizik eta aski delako, eta bidegabea da horren ondorioz hainbeste eraso jasotzea, halako eraso bortitzak, gainera. Ez naute beldurtzen eta ez naute baldintzatzen, argi daukat hori; hala ere, haserretu egiten naiz.
Umorez erantzuten diezu sarri.
Eta nola erantzungo diezu, baldin eta iraintzen bazaituzte (puta, etarra, behia, feminazi), eta bi emakume erail dituzten egunean esaten badizute ea zer gertatzen den beren gizonak suizidiora bultzatzen dituzten emakume horiekin guztiekin? Sekulako arma da umorea; feminismoan ari gara deskubritzen tresna hori. Umorea erabilita, armagabetu egiten dituzu. Zuk zenbat eta barre gehiago egin, haiek gero eta gehiago haserretu. Bideoak zenbat eta sarkastikoago, matxunoen sumina orduan eta bortitzago eta handiago. Serio ari dira haiek eta zuk gero eta barre gehiago egiten duzu. Uste dut orain arte gutxietsi egin dugula umorearen indarra.
2015eko abenduan, Espainiako senaturako hautagai izan zinen, Bizkaian, EH Bildu koalizioaren eskutik. Onintza Enbeitarekin batera egin zenuen kanpaina, Kongresurako hautagaia baitzen hura. Kanpaina berezia egin zenuten, ezin uka.
Hasteko eta behin, itzel pasatu nuen, eta funtsezkoa da hori. “Bizkaitik Madrilera todo son curvas” leloarekin hasi ginen. Emakume feministak eta lodiak gara Onintza eta biok. Izugarri politikoa da hori, ez soilik geure buruak emakume feministatzat jotzea, ezpada onartzea ez garela 38 neurrian sartzen, ezta 42an ere. Politikoa da esatea ez gaudela onak, ez behintzat patriarkatuak agindu moduan. El Tornillori esker konturatu nintzen feminismoan beti ari garela gorputzaz, “gure gorputza, gure gudu-zelaia”, baina, bat-batean, gorputza ez da halako gauza abstraktu bat; bat-batean, borrokaren parte dira Irantzuren aurpegia eta gorputza: hortxe daude, jendeak ikusten ditu... Onintzaren eta Irantzuren gorputzak mahai gainera ekarri ezean, politika egiteko aukera galduko genuen. Halaxe da, nahiz eta nekez ulertu hori gizona bazara, edo edertasun-kanonarekin bat egiten baduzu (dena den, oso emakume gutxik sentitzen dute edertasun-kanonarekin bat datozenik).
Zer ikasi zenuen kanpainari esker?
Ikasi nuen, besteak beste, zer-nolakoa den emakume izatea halako mundu batean. Sarri gogorarazten dizute emakumea zarela, zeuk zeure buruari gogorarazi baino askoz sarriagotan. Gizonak akaso harrituko dira, baina hainbat espaziotan egoten gara emakumeok, etengabe pentsatu gabe emakume garela. Halako espazio maskulinizatuetan, berriz, gizonez beteta egon ez ezik gizon boteretsuak baitira horiek, etengabeko presentzia da emakumea, nabarmena, pottoki bat bazina bezala.
Ekaineko hauteskundeetan, hautagaitza aldatu da. Zer uste duzu horri buruz?
Zenbaiti irudituko zaio apustu ausartegia zela Onintza eta biok hautagai aurkeztea, feminista publikoak biak, ahoan bilorik gabeak, baina nik uste dut zenbait gauzatan ez dela atzera egingo. Azken batean, horren guztiaren aurpegia baino ez ginen; alboan geneuzkan kide feminista guztiak, babesa ematen. Pauso bat egin zuten aurrera alderdiaren oinarriko militanteek eta alderdiak berak, eskertzekoa da, eta hainbat gauza ez dira baztertuko, hala nola feminismoa programan aipatzea, esplizituki, kanpainetan emakume feministak egotea lehen lerroan, agendan sartzea feminismoak betidanik jorratu dituen gaiak...
Kazetaria da, ikasketaz; hala ere, garapenerako lankidetzan jardun du hainbat urtez. Militante feminista ezaguna da. Gaur egun, Faktoria Lila ekimenaren barruan, blog batean idazten du, eta desprintzesatzeko tailerrak ematen. Bideo laburrak egiten ditu La Tuerka interneteko programan. Espainiako senaturako hautagai izan zen 2015eko abenduan, EH Bildu koalizioaren eskutik.
Bere jardunaren ondorioz jasotzen dituen erasoez mintzatu gara elkarrizketan, hala ere, aurrez aurrekoan erantzun oso positiboak jasotzen dituela azpimarratu du Varelak. "Gehien-gehienek eskerrak ematen dizkidate egiten dudan lanagatik. Izugarri hunkigarria da hori".
Maiatzaren 10ean egingo dute: Bardean hasi eta Donostiako manifestazioraino. Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista izango ditu ardatz.
Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]
Errepikatu nirekin: Sara Millerey. Ez dezagun ahaztu bere izena. Transfeminizidioaren biktima da Millerey: gorrototzaile transmisogino batek torturatu zuen, besoak moztu zizkion eta bizirik bota zuen ibaiertz batera. Bi orduko agoniaren ondoren hil zen.
Errazagoa da J.K... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]