Pelicot irakurrita, denoi datorkigu emakume edadetu horren aurpegia; ile laranja iluna, sudur-harro txikia, eguzki betaurrekoak eta duintasunez eta ausardiaz jantzia. Gisèle du izena, Pelicot abizena.
Baina munduko leku askotan gertatzen den bezala, deitura hori ez da bere jaiotzetikoa, ezkondutakoan hartutakoa baizik. Bai, senarrarena, urte luzez drogatu, bortxatu, beste batzuek bortxa zezaten emaztea eskaini, eta bortxaketa horiek beroriek grabatu zituenarena.
Eta Gisèlek aldean daroa izenari itsatsita bere borreroaren abizena, nahiz eta iaz dibortziatu ziren. Pelicot betiko.
Marikita Tanburin idazle, irakasle eta feminista baigorriarrari ikasi nion Bi saiakera emazteen izenean liburu elebidunean, Frantziako Estatuko legeak ez dituela emakumeak behartzen senarraren abizena hartzera; ohitura hutsa dela, baina andre askok ez dakitela, eta dakitenek hautu hori egiten dutela familiarengatik, nahiago dutelako haurren abizen bera izatea.
Beraz, Gisèle bere borreroaren abizenaz zamatuta. 50 urtean izandako izena ere bada, nola aldatu orain? Betiko marka bikoitza: jasandakoa eta familia izena.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.