Hamar emakumetik ia seik jasan dute sexu-jazarpena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

  • Hamar emakumetik batek sexu-jazarpena jasan du noizbait lan-ingurunean; %2k azken urtebetean. Lan-eremuan jazarpenen bat jasan duten hiru emakumetik bik adierazi dute lantokian ez dagoela prestakuntza espezifikorik halako kasuak kudeatzeko.

Nerea Melgosa Berdintasun sailburua, eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Eusko Jaurlaritza

2025eko urriaren 30ean - 10:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Indarkeria matxistaren inguruko bigarren txostena kaleratu du Eusko Jaurlaritzak, eta, besteak beste, aitortu du "hutsuneak" daudela lan eremuko sexu-jazarpenen aurrean. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, 85.000 emakume inguruk jaso dute noizbait jazarpena lanean, horien %63k dio lantokian ez dagoela prestakuntza espezifikorik halako gertakariak kudeatzeko, eta %58k adierazi du enpresak ez duela pertsonarik edo sailik jazarpen mota hori jasan duten emakumeei laguntza emateko. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 16 eta 85 urte bitarteko 4.500 emakumeri egin die inkesta Jaurlaritzaren Berdintasun Sailak. Erdiak baino gehiagok esan du noizbait sexu-jazarpena jasan duela: %57 dira, hau da, 532.018 emakume. Ohikoena da begiratu lizunak jasatea edo behin eta berriro begiratzea (%37,4), kontaktu fisikoa behartzea (%30), sexu-keinuak eta exhibizionismoa pairatzea (%22,7), eta sexu-txantxak edo gorputzari edo bizitza pribatuari buruzko iruzkin iraingarriak jasatea (%18,6).

Goiz hasten dira jazarpenak. Noizbait jasan dutela esan duten emakumezkoen artean, bostetik batek 15 urte bete aurretik egin du. Erasotzaileaz galdetuta, oro har, hamarretik seirentzat pertsona ezaguna zen. Laguntza jaso dutenak, %5 baino gutxiago dira.

Errepikatu den jazarpena

Noizbait sexu-jazarpena jasan duten emakumeen ia erdiak era jarraituan pairatu du. Gehiengoari jarraitu edo zelatatu egin diote, edo telefono dei lizunak, mehatxagarriak edota gogaikarriak egin. Nahi eta eskatu gabeko mezuak, gutunak eta opariak jaso dituzte askok.

Halako jazarpen errepikaturik jasan dutenek, normalean, inguruko jendearekin partekatu ditu gertakariak: %85,6k esan du senide edo lagunekin konpartitu duela. Jazarpen puntualen bat jasan dutenek ere hitz egiten dute gertukoekin, %79,4k. Jazarpena era errepikatuan jasan dutenak gehiago animatzen dira salaketa ipintzera, puntualki jasan dutenak baino. Baina gutxi dira, Jaurlaritzak ohartarazi duenez. Kasu bakanak salatu dituztenak %6,6 dira, eta %13,7 errepikatu direnak. 

Bikotekidearen barruan edota kanpoan behin eta berriz sexu-jazarpena jasan dutela adierazi duten emakumeen %7k salatu du noizbait indarkeria hori, eta %1,7k azken urtean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matxismoa
Eguneraketa berriak daude