Feminismoaren lubakitik “antolakuntza feminista” aldarrikatu dute 800 gaztek, Zaldibarko Baterajotzean

  • Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzeko antolatzaileek azpimarratu dute “autodefentsa feminista” indartsuz erantzungo diotela “beldurrak gidaturiko subjektu otzanak” nahi dituen erregimenari. Hiru egunez konspiraziorako, eztabaidarako eta gozamenerako espazio bilakatu dute Zaldibar.

Euskal Herriko Gazte Feministak

2025eko azaroaren 03an - 15:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hainbat mahai-inguru, tailer, kontzertu eta bestelako elkargune eskaini dituzte asteburuan Zaldibarren (Bizkaia), eta “feminismoaren lubakian” bildu dira 800 gazte feminista baino gehiago, Baterajotzeko antolatzaileek zehaztu dutenez. “Krisi eta erreakzioen garaietan”, erantzun irmoa ematen jarraituko dutela berretsi dute: “Lubaki feministetan defendatzen gara feminismoaren aurkako eraso, misoginia moderno eta inkisizio berrituen aurrean”, aldarrikatu dute.

Larunbatean manifestazioa egin zuten ehunka gaztek Zaldibarko kale euritsuetan, eta oroitu zuten borroka feministak jarraitu behar duela subjektu ugariak artikulatzen eta aliantza politikoak sendotzen. “Gora borroka feminista, antiarrazista eta antikapitalista” eta “Boikot Israel, Palestina askatu” oihu artean, besteak beste, gazte hauek aldarrikatu zuten borroka feministak “potentzialtasuna” duela etorkizuneko borroketan ere: “Faxismoaren aurkako borroka ezin da kapitalismoaren, patriarkatuaren eta kolonialismoaren aurkako borrokatik aparte ulertu. Antifaxismoak ikuspegi feminista duenez baldintza, antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango!”.

Larunbateko mahai-inguru nagusian subjektu politikoaren gaia landu zuten, besteren artean, eta manifestazio osteko hitzaldian nabarmendu zuten subjektu aldaketa “amorruz, ilusioz eta konbentzimenduz” egin zutela, eta prozesuak “izena eta izana markatu” zituela. “Euskal Herriko neska* gazteen sarea gure zapalkuntza propioei erantzuteko sortu genuen, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren baitan subjektu politikoak beti eztabaidagai izan direnez, sexu genero disidenteon borroka gazte feministon borroka delako konbentzimendu osoz egin genuen hori ere”. Gogoeta prozesu horren ondoren sarearen izena aldatu zuten: Euskal Herriko Gazte Feministak.

Horrez gain, ostiraleko mahai-inguru nagusian atzera begiratu zuten, euskal feminismoaren genealogiari errepasoa eman zioten: “Guk borrokarako grina, analisi zorrotzetarako gaitasuna eta desobedientzia jaso ditugu oinordetzan euskal feminismoaren genealogiatik”, adierazi zuten larunbateko manifestazioaren osteko ekitaldian.

Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzea bukatu bada ere, Zaldibarko parte hartzaileek gogorarazi zuten borrokan jarraituko dutela aurrerantzean ere, eta dei egin zuten azaroaren 25ean autodefentsa feminista aldarrikatzeko mobilizazioetara batzera.

 Euskal Herriko Gazte Feministak
 Euskal Herriko Gazte Feministak
 Euskal Herriko Gazte Feministak
 Euskal Herriko Gazte Feministak

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Eguneraketa berriak daude