David Garnatxo, Landare elkarteko koordinatzailea

"Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean?"

  • Iruñerrian badira bi supermerkatu “arraro”. Haietan saltzen dituzten produktu guztiak ekologikoak dira eta soilik bazkide direnek eros ditzakete. Eta “arraroena” da etekinaren %80 ekoizleentzat dela. Landare du izena ekimenak, duela 24 urte sortu zen eta egun bi denda ditu, bat Iruñeko Arrotxapea auzoan, bestea Atarrabian, eta 2.600 bazkide. David Garnatxo barazki saltzailea Landare elkarteko koordinatzailea da.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2016ko ekainaren 19a
“‘Ahal duenak bere burua salba dezala’ ideiaren aurrean, goazen bertako oinetakoak, janaria, jantziak, kontsumitzera”
“‘Ahal duenak bere burua salba dezala’ ideiaren aurrean, goazen bertako oinetakoak, janaria, jantziak, kontsumitzera”(Arg:Dani Blanco)

Zuzenbidea ikasi zenuen Opuseko unibertsitatean. Nolako bizipena izan zen hura?

San Fermin ikastolatik eta D ereduko institutu batetik etorrita, aldaketa sekulakoa izan zen. Gogoratzen dut ikasgelara iritsi eta lehenengo egunean José Zafra Opuseko irakasle ezagunak fitxa bat eman zigula betetzeko, zein hizkuntza hitz egiten genituen adierazteko, “baina ez jarri bable edo vascuence bezalako dialektorik, mesedez”. Bat batean neure burua leku arrotzean sentitu nuen. Baina, egia esan, gero unibertsitatean nik bezala sentitzen eta pentsatzen zuen jendearekin oso harreman onak izan nituen, eta nire lagun on asko han ezagututakoak dira. Han ezagutu nuen nire bikotekidea ere.

Politikagintzan ere ibilia zara.

Landaren hasi baino lehen gauza asko egin dut. AEKn irakasle izan nintzen, adibidez, eta horretan nenbilela Laboral Kutxako ikasle talde bati eskolak ematea egokitu zitzaidan. Haien bidez jakin nuen han lan egiteko aukera zegoela. Probak egin eta hartu ninduten. Lau urte eman nituen han. Ondoren politikan aritzeko liberatu nintzen, sortu berria zen Nafarroa Bai-n aritzeko, hain zuzen ere. Handik gutxira Aralar taldearen sorreran hartu nuen parte. Gustura ibili eta asko ikasi arren, laster konturatu nintzen hura ez zela egon nahi nuen tokia, horregatik dena utzi nuen. Indiara joan nintzen eta bost hilabeteren ondoren itzuli eta aholkularitza lanak egiten hasi nintzen han eta hemen. Orduan Landare ezagutu nuen. Asko eta azkar handituz zihoan elkartea zen eta enpresa ikuspegitik esku-hartze sakon baten beharra zuen. Alde batetik, langileen eta Landereren arteko harremana ordenatu beharra zegoen, eta bestetik, bezeroari eskaintzen zitzaiona eta barne funtzionamendua parametro profesionaletan jarri behar ziren. Hori egin genuen eta hura bukatutakoan, 2008an, eskaini zidaten hemen jarraitzea. Harrez geroztik hemen nago, oso gustura lanean.

Zein da Landareren ekarpen handiena?

Injustizia ikusten bada inon, mundu osoko janariaren banaketan da eta horren aurrean Landarek beste eredu bat proposatzen du: janariaren banaketaren ardura ez dadila egon pertsona edo akziodun talde baten eskuetan, banaketa egin nahi duen jende multzo batengan baizik. Filosofikoki eta praktikan hori da gure ekarpen handiena.

Nola sortu eta garatu da elkarte hau?

1992an sortu zen. Herritar batzuek modu ekologikoan jan nahi zuten, baina elikagaiak aurkitzea ez zen erraza, eta gainera, prezioak oso garestiak ziren. Gaur egun produktu faltarik ez dago, hornidura ziurtatua dago, baina orain hausnarketa beste bat da: nola lortu produktuak merkatzea, ekoizleek prezio justu bat jasotzen dutela ziurtatuta.

Bazkideok amankomunean baloreak ditugu. Ikasten ari gara, baina gu ez gara enpresariak. Elkartea gara. Formula horrek balio digu jende guztiaren eskubide eta betebeharrak berdintzeko, eta hori da gure funtsa. Erabakiak hartzeko mementoan berdin balio du urtean euro bateko erosketa egin duen pertsonaren iritziak edo mila euro gastatu dituenarenak. Hori oso garrantzitsua da. Funtsean, hori da Landarek eskaintzen duen gauzarik hoberena. Ez da kontu estrategikoa, gure pentsaera baizik, eta filosofia horrek gauzak egiteko beste modu bat ahalbidetzen du.

Orain prozesu batean murgilduta zaudete.

Duela urte eta erdi hasi genuen. Egin beharrekoak denon artean banatzea hobetsi dugu. Horretarako Landareren erabakitze eta botere guneak aldatzen ari gara. Koordinazio mahai bat eratu dugu erabakiak hartzeko, eta ikasten ari gara denon artean ardurak banatzen. Oso zaila, baina arras aberasgarria da. Landaren orain dela zortzi urte lau langile ziren, denera bi lanaldi oso betetzen zituztenak. Orain 25 lanaldi oso egiten dira. Hazkundea oso handia izan da lan taldean, bazkide kopuruan eta fakturazioan. Urtean 3 milioi euroko fakturazioa dugu. Hemen soldata apalena 1.100 eurokoa da eta altuena 1.500ekoa, eta sei aste eta erdiko oporraldia dugu.

Gauzak aldatzeko besteak behar ditugula ulertzen da Landaren. Elkarbizitzak aberasten gaitu. Hemen barazkizaleak, animalistak, beganoak, oro jaleak, gustura bizi gara elkarrekin. Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean? Gu oso apalak gara, azken finean barazki saltzaileak garelako. Ni oso harro nago lanbide honetaz.

Nola funtzionatzen du elikagaien merkatuak?

Merkatal gune handiak zabaltzen dira oso modu erasokorrean. Prezio oso baxuak eskaintzen dituzte hasieran eta hiri edo eskualde bateko merkatua apurtzea lortzen dute. Denda txikiak itxiarazi eta banatzeko beste sistema batzuk inposatzen dituzte, oso gutxi berrinbertituz toki horretan. Basamortuak sortzen dira horrela.

70eko hamarkadatik aurrera janaria leku batetik bestera eramaten da munduan barna etengabe. Hori ez da ekologikoa. Mundua horretara doa guk gelditzen ez badugu. Badakit oso zaila dela, baina beste biderik ez dago. Sortu behar dira formulak hiri eta herrietan elikagaien banaketarako alternatibak bilatzeko.

Europan ekoizleak gero eta gutxiago dira eta horrela jarraituz gero desagertu eginen dira. Duela 40 urte gure diru sarreren %30 gastatzen genuen elikaduran. Egun, diru gehiago irabazi arren, %15 baino ez dugu jaten gastatzen. Bestalde, munduan ekoizten den janariaren %50 botatzen da. Zazpi pertsonatik batek gosea pairatzen du.

Lanak diruaren interesei men egiten die eta hori ez da sanoa ezta logikoa ere. Gainera, boteretik beti bilatu izan da ekoizleak ahalik eta gehien diruz laguntzea, eta horrek arazo handia sortu du: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren helburu nagusia ez da jendeari jaten ematea, diru-laguntzak eta etekinak lortzea baizik.

Norberaren interesez gain pentsatu beharra…

“Ahal duenak bere burua salba dezala” ideiaren aurrean, goazen bertako oinetakoak, janaria, jantziak, kontsumitzera eta munduko beste pertsonekin partekatzera, eta gauza asko aldatuko dira. Ez da gizaki berria sortuko, baina hobera aldatuko da, eta horrek sorraraziko du ilusioa, emozioa eta konpromisoa. Guk hori sentitzen dugu Landaren. Jendeak Landare beretzat hartzen du, eta horrek onura asko ekartzen digu. Hemen 2.600 familia gara eta inork ez du lapurtzen, adibidez. Hau bezalako esperientziekin elkartuz osatzen ahal da eredu berri bat.

Batzuk ezin dute aukeratu zer jaten duten.

Toki askotan hala da eta hemen ere azken urte hauetan jendea ikaragarri pobretu da. Euskal Herrian agian ez dugu horrenbeste sumatzen, baina Estatu espainiarrean edo Grezian ikaragarria da gertatzen ari dena. Grezian gertatutakoak benetako beldurra ematen dit: Estatu batek aurre egin nahi izan dio sistema honi eta ezin izan du ezer egin. Hauteskundeak eta erreferendum bat irabazita ere, ez du deus egiterik izan, agintzen dutenek ez diotelako uzten. Esperantza hil da.

Horren aurrean erresistentziarako eta proposamenerako bide bakarra alternatibak sortzea da, eta diskurtsotik ekintzetara pasatzea. Hanka sartzearen beldur ez dugu izan behar.

Jendea ahaldundu behar da?

Bai. Zaila da jendeak erabakiak hartzea. Hori ikastea da gehien kostatzen zaiguna. Ikasketa eta kultura maila inoiz baino altuagoa da eta orain egiten ez badugu, noiz eginen dugu, pobretzen gaituztenean? Konfort eremuetatik atera eta arriskuan jarri, uste dugun hori ez delako benetako konforta. Ongi egotea beste batzuen bizkar lortu behar badugu, ez da egiazko konforta.

Jendearen osasuna ere kaltetzen ari da janariaren banaketa sistemaren ondorioz?

Gure gizartean galera nutrizionalak ditugu nahiz eta egunean hiru aldiz jan. Jende asko gaixo dago luzerako prestatutako janari pobrea jateagatik. Arazo horren oinarria pertsona edo etekinaren arteko dikotomia da, etekinaren alde egiten dute janariaren banaketaz arduratzen direnek. Ez da sistema demokratikoa, oso jende gutxiren eskuetan dagoelako. Enpresa gutxi baina oso handiak.

Mundu osoan gauza antzekoak jaten dira, enpresa handiek erabakitzen dutelako guk zer jan behar dugun. Gauza bera gertatzen da, adibidez, arroparekin. Aniztasuna galtzen da eta angelu bakarretik begiratzen zaio ekonomiari. Hezkuntza ere horrelakoa da. Pertsonak zirkulu horietan integratzeko prestatzen ditugu.

FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak dio joan den mendean munduko nekazaritzaren aniztasuna %75 galdu dela. Arroz bera ekoizten da Indian, Argentinan edo Arguedasen.

Kontsumo arduratsua bultzatzen duten gero eta talde gehiago dago. Hemen jendea bereziki aktiboa da?

Euskal Herrian oso azkar pasatu gara nekazal gizartetik hiritar gizartera, eta gainera oso masifikatuta. Jendeak erreferentzia batzuk ditu eta inguruan ez ditu aurkitzen. Horrez gain, badira jokamolde batzuk besteekin gauzak egitera lotzen gaituztenak, auzolana, adibidez. Gu orain beste elkarte batzuekin ari gara elkarlanean prezioak jaisteko eta harreman justuak ezartzeko. Saltzen dugunaren %70 kanpotik ekartzen dugu, Espainiatik eta Europa osotik. Baionako Otsokop kooperatibarekin eta Oreretako Labore taldearekin hasi gara lanean. Helburua da ahal den merkeena saltzea, eta gainera, kontsumitzaileek jakin dezatela nondik datorren dena, eta zenbat irabazi duen ekoizleak.

Gaur egun arazoa da ekologikoaren merkatua merkatu konbentzionalaren eskema kopiatzen ari dela. Duela zenbait urte amaranto ogia saltzen genuen, adibidez. Ogi hori Burlatan egiten zen, Belgikara eraman eta gero handik ekartzen genuen. Esan ziguten hori horrela egiten dutela markak kontrolatu behar duelako banaketa prozesu osoa. Orain, noski, ez dugu ogi hori saltzen.

Janaria erosteaz gain, zer egiten dute bazkideek?

Landare sortu zenean oso pobrea zen eta auzolanaren beharra zuen lan guztia egin ahal izateko. Orain identitate marka bezala gelditu da eta bazkide guztiek urtean bi orduko lanaldia egiten dute Landaren: hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, ezagutza elkarbanatzeko saioak (izarrak begiratu, yoga, gimnasia, bizikletak konpontzeko saioa, janariaren inguruko saioak…), dena doan egiten da eta oso lagungarria da bestelako harremanak sustatzeko.

Aldaketaren gobernuak urtea bete du Nafarroan. Zein da zure balorazioa?

Ni oso pozik nago aldaketarekin. Gure sektorean gauza batzuk hasi dira nabaritzen eta beste batzuk oraindik ez. Dena den, niri beldurra ematen didana da eztabaida soilik euskararen inguruan gelditzea. Euskara izatea aldatu behar den gauza bakarra. Bestelako gizarte eredu bat, euskara barne duena, planteatzeko garaia da. Horretan oso motel dabiltza.

Ausardia behar da. Haur eskolen aferan, adibidez, garrantzitsua da euskarazko eskola aukeratu ahal izatea, baina kontuan hartzekoa da ere eskola publikoak oso-oso garestiak direla eta gainera plaza gutxi daudela. Iruñeko Udala oso lan txukuna egiten ari da, baina gai honetan, adibidez, nik eskatuko nioke begirada zabaltzeko. Gehiengoaren kontra eraiki den Nafarroa honi buelta eman behar diogu, euskaltasuna amankomuneko tokian kokatuz.

David Garnatxo Dubrot (Iruńea, 1973)

Abokatua, ekologista, politikan aritua eta gaur egun barazki saltzailea eta Landare elkartearen koordinatzailea. Produktu ekologikoen prezioak merkatzen saiatzen dira, aldi berean ekoizle eta kontsumitzaileen artean harreman justuagoak eraikitzen.

Iraultza

“Vandana Shiva ekofeministak dio: ‘Inork iraultza egin nahi badu, hiru aukera ditu egunero: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan’. Bada, goazen mundua aldatzera. Apaltasun osoz, goazen gure inguruan hori egitera. Horrela aldatuko dira harremanak eta ekonomia”.

Azken hitza: Landare eta euskara

Harreman hori normala da. Hemen ez da inor behartzen ikastera, noski, baina egia da normaltasun osoz bizi dela euskararen gaia. Aniztasun ideologiko handia dago gure bazkideen artean. D eredura eta Opuseko ikastetxeetara haurrak eramaten dituzten familiak badira, eta ulertzen dugu erdara eta euskara gure lanbiderako behar direla jakin. Erakundeek ez dute batere laguntzen. Guk nahi genuke etiketa guztiak euskaraz eta erdaraz egotea, adibidez, eta ez dago organismo publikorik horretan laguntzen duenik. Behin horretarako laguntza eman zigun Hernaniko Udalak. Hornitzaileei bi hizkuntzetan etiketatzea eskatzen diegu, horretan proaktiboak gara. Ez da soilik filosofia kontua, gehiago salduko dutelako baizik. Euskaraz dakienak hobeki ulertuko du eta ez dakienak eskertuko du aniztasunaren alde lan egitea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Elikadura burujabetza  |  Eredu ekologikoak

Elikadura burujabetza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude