Irunen Errepublikak bazekien bertsotan

  • Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikanoak Irunen errekonozimendu nahikorik ez duela-eta, haren omenezko ekitaldiak antolatzen hasi da apirilean hiriko bertsozale talde bat. Omenaldi horrekin batera, Joxan Elosegik Lopetegiren hamar bertso-sorta berri aurkitu ditu. Aitzakia paregabea XX. mende hasierako bertsolaria merezi duen lekuan jartzeko.

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrean parte hartzen duten lagunak ari dira lanean Irunen, Lopetegiren izenak merezi duen lekua izan dezan.Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrean parte hartzen duten lagunak ari dira lanean Irunen, Lopetegiren izenak merezi duen lekua izan dezan.

Gehientsuena paper zaharretatik erreskatatu zela uste zenean aurkitu ditu Joxan Elosegik ale berriak: argitaratu gabeko hamar bertso sorta, Joxe Mari Lopetegi irundarrari ezagutzen zitzaizkion gehienak baino lehenagokoak eta tematika aldetik diferenteak. XX. mende hasierako politikari buruzko bertsoengatik ezaguna zen egilea bestelako kontuez ari da aurkitu berri den materialean: eguneroko bizitza, Irungo baserri giroa, euskarari eskainitako bertsoak… Aurkikuntza garrantzitsua da, klasifikatzen zaila den bertsolariaren beste dimentsio bat erakuts dezakeelako, haren izena berriz lehen lerrora ekartzearekin batera.

Badira hamabi urte Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria liburua Paper Hotsak argitaletxearen eskutik kaleratu zela. Jende asko harritu zen bilduma hartako bertsoak irakurri eta lerro artean imajina zitekeen pertsonaiarekin: kaletarra, apaizak oso gustuko ez zituena eta, batez ere, politikoki konprometitua, errepublikano porrokatua. Rara avis bat: han eta hemen bertso jarriak publikatu zituelako dugu bere berri; eta Joxan Elosegik sorta bakoitza zegokion testuinguruan kokatzeko egindako ikerketa-ahaleginari zor zaio Lopetegiren txataletatik argazki bat osatu izana.  

Liburua irakurriz ikusten du irakurleak XX. mende hasieran euskaraz bizi zen herria ez zela saldu digutena bezain monolitikoa –dena eliza, dena ohitura–, eta kezka batzuk garaian garaikoak izateaz gain, historian etengabe errepikatzen direla. Nagusi den iritziari kontra egiten dionak pasa behar dituen trago txarrak, adibidez. Behin entzunda, ez dira burutik erraz joaten Joseba Tapiak 2006ko Real politik diskoan musikatutako Askatasunaz sortakoak: nola astindu zituzten Lopetegi bera, Justo Garate eta Jose Miguel Gomendio Azpeitian 1931n, zergatik eta mitin errepublikanoa egitea otu zitzaielako herri bereziki karlistan.

Ez zion lumak dardararik egin Irungo bertsolariari erasotzaileak definitzeko: “Santakruz zanen odol beretik / nazi dira nere ustez”.

Irunek berreskuratu behar duen pertsonaia

Tapiaren pieza horren doinuarekin ari dira bertsoa kantatzen 40 bat lagun Irungo Oiasso museoan. 1875ean Lopetegi jaiotzen ikusi zuen egun bera da, apirilaren 13a, Errepublikaren bezpera –kasualitateak ez omen dira existitzen–. Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak antolatuta, Joxan Elosegi hitzaldia eskaintzen ari da Lopetegiri buruz, eta momentu batean publikoa animatu du, musika lagun, abestera. Nahiko lotsati ari dira denak, baina badu egoerak zerbait zirraragarria, batez ere Askatasunaz amaitu eta beste kanta bat jarri dutenean. Gerra Zibila hasi zenetik 80 urtera Ekaitza izeneko sorta entzunda –“… odol gorrituz gainbera asi zan / ugaldero Bidasua…”– Irunen hilabete eta erdiko setioa jasan zutenenganako omenaldi kutsua hartzen du eszenak.

Ondo gogoan dauka hiriak bestela ere estatu kolpe faxistak hautsitako Errepublika. Gipuzkoan, Eibarren baimenarekin, tradizio errepublikano handienetakoa duen lekua izango da, urtero apirila etortzen denean sumatzen denez. Baina Irunen sortu den imaginario errepublikanoak ez du Joxe Mari Lopetegi oso kontuan hartu. Ez da “behar bezain ezaguna” Elosegiren ustez, muga handia delako hizkuntzarena: “Irunen batzuk bizi gara euskaraz eta jende gehiegi bizi da erdaraz”.

Aurkitutako bertso sorta berrietan Lopetegi ez da hain politiko ageri, eguneroko bizimodua eta gai lokalak ditu hizpide

Hesi hori gainditu nahian, Lopetegi merezi duen lekuan jartzeko asmoz, talde txiki bezain dinamikoa galtzak bete lan ari da Bertso-tailerraren inguruan: Aitor Errazkin, Andoni Zelaia, Iñaki Portugal, Xabier Isasi eta Xabier Bengoetxea ekitaldi ugariz osaturiko programa antolatzen ari dira, ekainera bitartean pertsonaia heterodoxoa lehen planora ekartzeko. Lerro hauek idatzi bitartean oraindik “sukalde lanean” ari direnez, hedabide honen bertsio digitalean informatuko dugu omenaldiarekin lotutako berritasunez.

Euskara galtzen ari den herrian bertsotan

Besteak etorri bitartean Joxan Elosegiren hitzaldiaz zerbait esan beharra daukagu, ia bi orduko jardunean Lopetegi behar bezala kokatzeko datu asko eman baitzituen. “Bere garaiko seme” gisa aurkeztu zuen bertsolaria hitzaldiaren hasieran. “Giro liberalean sortu eta hazi zen, aita boluntario liberala zuen; eta Lopetegik ez zion bere herriko giroari sekula aurre egin”.

Pertsonaia urbanoa zen, hitzaldia entzuten ari garen museotik 100 metro eskasera bizi izan zen, Santiago kalean. “Kontatu digutenez gizon alaia zen, herriko festa eta ekitaldi guztietan parte hartzen zutenetakoa”. Festaren eskutik, bertsoa. “Eta bertsoa ez dago ulertzerik ez badugu komunitatean, herrian kokatzen. Orain nekez suma genezake Irunen horrelako komunitaterik –halere badugu, zorionez–, baina garai hartan Lopetegi eta beste asko izango ziren bertsotan aritzeko gai. Bera izango zen onentsuenetakoa”.

Herria zena hiri izateraino handitzearekin aldatu zen komunitatea eta “erdara pixkana-pixkana nagusitzen” ikusi zuen. Elosegiren arabera, XX. mendeko lehen hamarraldiaren bukaera iritsi zenean, dagoeneko hizkuntza nagusia ez zen euskara Irungo kaleetan. “Lopetegi horren lekuko primerakoa izan zen. Giro politikoaren aldekoa zen, baina aldaketa horien aurrean izugarri sufritu zuela ikusten da bere aurreneko bertsoetan”. Ibaizabal aldizkarian 1903an publikatutako Semeak amari sorta, argitaratu zuen lehenbizikoa, da horren erakusgarri: ama euskara da, eta sufritzen ikusten duen semeak “zu orrela utzi baiñan / naiago nuke ill” esaten dio azken puntuan.

Errepublika eraiki nahi zuen kontratista

Lehenbiziko urteetako bertsoetan ageri da hizkuntzarekin daukan kezka hori. Euskararen galeraren aurrean, baina, “Lopetegik ez zekien zer egin behar zen garbi” Elosegiren ustez. Euskararen egoera baino, beste gai batzuk dira nagusi: “Ezagutzen ditugun bertso gehienak politikoak dira, batez ere kausa baten aldekoak: Errepublika”. 1911. urtean publikatu zituen lehenbiziko bertso errepublikazaleak, urtebete lehenago hil zen Francisco Bellido Gipuzkoako errepublikanoen aitzindari eta adiskidearen omenez. Urte horietan izendatu zuten Irunen zinegotzi ere. Ordurako bazen norbait: “Ez zen langile soila: negozioak izan zituen, etxegilea izan zen, igeltseroen kontratista. Bazuen koadrila bat eta bazituen langileak. Aise bizi zen gizona”, Elosegik dioenez. Bere esanetan, alderdi errepublikanoa batez ere alderdi burgesa zen, maila sozialean besteak baino progresistagoa izan arren.

Ekainera bitartean bertsolari heterodoxo honen figura aupatzeko ekitaldiak antolatu dituzte

Publikatu zituen bertsoengatik ezagutzen dira bere posizio ideologikoak. Adibidez, Errepublika federalaren aldekoa zela –Elosegiren hitzetan, postura horren aldekoak ziren ezkertiarrenak alderdian–; baita 1931n EAJk abiatutako Autonomia Estatutuaren aldeko kanpainarekin kritiko agertu zela ere. Ordurako 56 urte dauzkan bertsolariak ez du begi onez ikusiko jeltzaleen eta tradizionalisten elkar hartzea, ezta proiektuak hartuko duen kutsu elizkoia ere. Gainera, Errepublika zein ahula den jabetzen da, aurrena hura sendotu behar dela sinetsita dago.

Gerrari bertsotan

1933an isildu egiten da. Elosegik uste du alderdi errepublikano barruan izandako “ezin konponduak” direla mututzearen kausa. Eta gero 1936a dator, “uztaillaren emeretzia / egun beltz ta pozoitsua”: Lopetegik 61 urte ditu jada, gerrarako kemenik ez eta frankistak Irungo atarietan. Ezin deus egin. Tropa kolpistak hirian sartu baino egun bat lehenago pasako da Hendaiara eta han hasiko da, ostera ere, bertso idazten, kraskatutako Errepublikaren gainean.

Garai honetakoa beste Lopetegi bat da Elosegik kontatzen duenez: “Mindurik dago, baina deusek ez dio Errepublikari eta zuzentasunari dien fedea ilundu, faxisten aurkako guztiak ditu lagun, ez da kontua orain alderdikeriatan hastea”. Gerra garaiko bertsoak iruditzen zaizkio indartsuenak, sentituenak. Baina hor hasi zen bere amaiera ere. 1942an hilko da Arruetan (Nafarroa Beherea), sei urtez errefuxiatu gisa bizi ondoren.

Hil eta berehala sekulako isuna jarri zioten bere familiari, Elosegik gaztelaniaz esan nahi izan zuen espresioa erabiliz, “por responsabilidades políticas”. Bi etxe saldu behar izan zituzten senideek dirutza bildu ahal izateko. Hasiera besterik ez zen. Francoren 40 urteko “bakea” zetorren. Eta errepublikano izandakoentzat, isiltasuna. Antonio Zavalak Hauspoa bilduman Lopetegiri libururik ez eskaini izana jarri du bertsolariaren inguruan urtetan izan den mututasunaren adibide gisa: “Ez dut uste bertsolari mailagatik zenik. Eta ezagutzen zuen, Txirritak Lopetegiren erretratu bat egina zuen bertsotan”. Pixkanaka bada ere, isiltasuna hausteko lanean ari dira Irunen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude