Eñaut Beloki, Maddi Ezkurdia eta Itziar Redondo Donostiako Egia auzoan bizi dira. Astebetez goizetik gauera euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten eta saiakera egin dute. Bizipen baikorrak gehiago dituzte, ezkorrak baino. Ez dira esperientzian parte hartu duten bakarrak. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenaren bidez urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra arte hamarnaka egiatarrek hartuko dute parte.
Eñaut Beloki, Egia Bizirik auzo elkarteko kidea: “Ekimenaren lehen egunean lankideari euskaraz egitea pentsatu nuen”
Zer moduzko astea izan da?
Ondo joan da, ondorio positiboak atera ditut. Konturatu naiz inguru nahiko euskaldunean bizi naizela eta esfortzua egin dut inguru erdaldunera hurbiltzeko, esate baterako lantokian. Ekimenak balio izan dit txipa aldatzeko, egoera bakoitzean nola jokatu behar dudan pentsatzeko, kontzientzia hartzeko. Ahalegina bakarrik baino, taldean egiten baduzu ekimenak bizia hartzen du. Oso gustura nago.
Inguru euskaldunean betiko moduan ibiliko zinen. Lantokian zer moduz?
Lantokira kotxez joaten naiz lankide batekin eta harekin izan dut lehen hizkuntza esperientzia. Ekimenaren lehen egunean hari euskaraz egitea pentsatu nuen. Nik euskaraz egiten nion eta berak erdaraz. Konturatu nintzen dena ulertzen zuela, oso ondo ulertzen zuen. Enpresan euskara plana daukagu eta euskara ikasten hasi-utzi ibilitako horietako bat da.
Ez zenion esan zergatik hasi zinen egun batetik bestera dena euskaraz egiten?
Asteartean esan nion. Ekimena azaldu nion eta galdetu nion ea axola zion nik berari euskaraz egitea: “Ez, ez –erantzun zidan–, ulertzen dizudan neurrian ez dago arazorik, hori bai, nik erdaraz erantzungo dizut”.
Arraroa egin zitzaizun elkarrizketak bi hizkuntzetan izatea?
Pixka bat bai. Bizitasuna galtzen dela iruditu zait, gatza falta. Agian, ohitura falta da. Gainerakoan, ni ondo sentitu naiz, eta ez dut uste bera deseroso zegoenik.
Astea pasa da. Lankidearekin euskaraz egiten jarraituko al duzu?
Bai, saiatuko naiz. Beste lankide batekin proba bera egiteko aukera izan dut, baina ez naiz ausartu. Irudipena dut ez ote duen hain gustuko eta egia esan, ez dut harekin probatu. Agian, hurrengo batean euskaraz hasi ordez, ekimenaren berri emango diot, ea zer esaten didan.
Auzo elkartean bertan nola aritzen zarete?
40 urteko gutxi batzuk gaude eta gainerakoak helduagoak dira. Ni iritsi nintzen garaian erdaraz egiten zuten gehiena. Gaur egun idatzizkoa ele bitan egiten da, eta gauza batzuk euskara hutsean. Bilerak beti gaztelaniaz egiten ziren. Orain euskaraz egiten dira eta euskaraz ulertzen ez duenari itzultzaileak xuxurlatzen dio. Beti-beti ez da horrela. Erdaldunak hitza hartzen badu, gero batzuetan ez zara konturatzen eta erdaraz erantzuten diozu, eta denok erdaraz egiten bukatzen dugu.
Elkartean ari gara pentsatzen ea talde bezala zer ekarpen egin diezaiokegun ekimen honi eta agian bada garaia dekalogoa egiteko, elkartean hizkuntza kontuak airean gera ez daitezen.
Maddi Ezkurdia, Trebeska dantza taldeko kidea: “Erdaraz erantzungo zidatela espero nuen eta sorpresak hartu ditut”
Ostatuan egiten duzu lan. Nola moldatu zara aste honetan?
Lankidea nire bikotekidea da, beraz euskaraz. Bezeroak kanpotik etortzen dira, eta euskalduna etorri ezean ezin nuen euskaraz aritu. Hala ere, egoera bat gustatu zitzaidan. Katalan bat etorri zitzaidan eta lehenengo hitza katalanez egin zidan. Barkamena eskatu zidan, eta esan nion dena ulertu niola eta zidala axola. Konturatu nintzen askotan lehen hitza erdaraz ateratzen zaigula, eta berari lehen hitza katalanez atera zitzaion nahigabe. Dendara joan eta esaten dugu: “Lehen hitza erdaraz egingo diot errazteko, baina euskara egiten badiozu jakingo duzu badakien ala ez”.
Euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen naiz eta Euskal Herrian banago dendetara sartu eta euskaraz egiten dut. Atzo adibidez, denda batetik atera nintzen karroa uztera, euria ari zuen eta batek esan zidan, “igual ese carro no está mojado”, eta esan nion “oraintxe hartu dut eta bustita dago”. Euskaraz erantzun zidan gero.
Dendatan zer moduz moldatu zara?
Erdaraz erantzungo zidatela espero nuen eta sorpresak hartu ditut.
Sorpresa onak?
Bai. Egun batean opari bat erostera joan nintzen, hiru dendatan egon nintzen eta hiruretan bazekiten euskaraz, (nahiz eta lankideen artean erdaraz egiten zuten). Behin baino gehiagotan gertatu zait horrelako tokietan dena erdaraz egin izana. Harritu ninduen, eta poztu nintzen.
Dantza taldean?
Haurrekin ibili izan naiz urte askotan, eta gurasoekin bilerak beti euskaraz egin ditugu. Bukaeran galdetzen diegu ea zerbait ez duten ulertu, zerbait gaztelaniaz azaldu behar den edo ez. Ez dugu inoiz arazorik izan.
Astea bukatu zaizue. Euskarari eutsiko al diozue?
Dantza taldekoek horixe esan dugu, astea bukatu dela baina berdin jarraitu nahi dugula, bai taldekook eta baita ekimenean parte hartuko duten gainerako talde guztiek ere.
Itziar Redondo, Haurguneko kidea: “Iruditzen zait jendeak saiakera honetan sorpresa baikor asko hartuko zituela”
Astebeteko saiakera bukatu baino lehen ari gara hizketan, baina honezkero sentsazioren batzuk badituzu.
TELP ikastaroa egin nuen eta egia esan han emandako gomendioak, han egindako planteamenduak eta azaldutako aurreiritziak lehen ere kontuan nituela eta praktikara eramaten nituela iruditu zitzaidan.
Inguru euskalduna al duzu?
Ikastolako irakaslea naiz, senideekin ere euskaraz egiten dut, bizitza euskaraz egiten dut. Nik uste barneratuta ditudala zenbait gauza. Adibidez, lehen hitza euskaraz egiten dut. Euskara hitz egin ez, baina ulertzen duen ezagunei ere euskaraz egiten diet.
Ele bitako elkarrizketak izaten al dituzu?
Jende ezagunarekin bai. Ni eroso sentitzen naiz, pentsatzen dut bestea ere hala sentituko dela, ez didate inoiz ezer esan. Aste honetan nire buruari jarri diodan erronka izan da ezezagunekin ere euskaraz egitea, alegia, euskaraz ulertu bai baina hitz egiten ez dutenekin.
Eta aukerarik izan al duzu?
Bai, bi aldiz. Dendan: “Quieres una bolsa?”, “Bai, eman lau mesedez”, “Tienes la tarjeta de Eroski?”, “Bai, tori”. Autobusean: “Umearentzako txartela emango mesedez?”, “Qué?”, eta umea seinalatuz eskatu nion berriro txartela. Keinuak erabiliz eta irribarrez hitz egin nion. Berak aurpegi ona ez zidan jarri eta berari aurpegi atsegina erakusteak balio du.
Irribarrea erabiltzea estrategia bat dela, alegia.
TELPen horri buruz aritu ginen. Tentsio momentuak izaten dira, zu haserretu zaitezke egoera horietan, negoziazioak okerrera egin dezake. Irribarrea erabiltzea beti da hobe.
Zein balorazio egingo zenuke?
Niri ez zait asko kostatu, inguru euskaldunean bizi naizelako eta betiko martxan ibili naizelako, baina ariketa kontzienteagoa egin dudala esango nuke. Iruditzen zait jendeak saiakera honetan sorpresa baikor asko hartuko zituela. Guk uste duguna baino jende gehiagok daki euskaraz, edo ulertzen du. Aurreiritziak ditugu. Behin auzotar batekin hiru hitz gaztelaniaz gurutzatu ditugula eta barneratzen dugu ez duela jakingo euskaraz eta gero elkar ezagutzeko aukera izan eta… badaki edo ulertzen du.
Ttitto Betbeder Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren ustez kontzertazioa sustatu behar da euskalgintzarekin eta aholku batzordea biziarazi berriro.
Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal.
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]
UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]
UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]
Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]
Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Hipotesi batzuk beteko balira, hemendik hamar urtera ukanen genukeen errealitate soziolinguistikoari begiratuta, "egoera... [+]
Joxe Azurmendi Otaegi euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren eta, orokorrean, filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu.
Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]
Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]
Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.
Artazuko belarribizi eta ahoprest profilak erakutsi nahi izan dituzte 2025eko Euskaraldiaren harira egindako film labur honetan. Artazu Mañeruibarreko 124 biztanleko herria da, Nafarroako erdialdean kokatua.
Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]