Bilbao Arena –Miribillako estadioa– leporaino bete nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an. Iazko Euskararen Nazioarteko Egunean (abenduaren 3an) euskararen larrialdi egoeratik indarraldirako bideari ekiteko beharra aldarrikatu bazuen, indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa eman nahi du Bilbon, milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldian. Euskara eta kultura uztartuko dituen ekitaldia izango dela jakinarazi du Kontseiluak, eta sarrerak 10 euroan eskuratu ahal izango direla Pizkundea.eus webgunean, urriaren 16tik aurrera.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, "ezer aldatu ezean", euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du, asteartean Bilboko Kafe Antzokian eman duen prentsaurrekoan. "Larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezua zabaldi du, eta euskaltzaleei dei egin die indarrak batzeko eta euskararen etorkizunari norabide berria emateko.
"Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat", esan du Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek: "Unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa". Egitarauaren inguruko xehetasunak aurrerago aletuko dituzten arren, aurreratu du musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango dutela.
Gaineratu du aretoak hala eskatzen duelako ezinbestekoa dela bertara joan nahi duen guztiak sarrera bat izatea, "eta badaezpada lekua hartu eta gero ez joateko tentazioari
nolabait aurre egiteko 10 euroko ekarpena egin beharko da". Ekarpen horrek artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko duela azaldu du Kontseiluak: "Baina garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea izango da. Beraz, sarrera erosi eta gero joaterik ez duenak, eman diezaiola sarrera etorriko den norbaiti".
Pizkunde berria, herritarren bultzadatik
"Euskararen normalizazio eta biziberritzeak erronka handia du esku artean, eta bultzada sozial handia beharko da erronka hori euskararentzako aukera bihurtzeko", zioen Kontseiluak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira plazaratutako oharrean. 2025a euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat "urte garrantzitsua" izango dela iragarri zuen orduan. Batetik akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko "lanean sendo" ari zelako. "Zentzu horretan, erakundeei, eta eragile sozial eta politikoei dei egin genien euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko". Bestetik, herritarrak gonbidatu zituzten euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen arnasa berri horren kide eta bultzatzaile izatera. Orduan iragarri zuen aurtengo abenduaren 27an ekimen sozial handi bat antolatuko zutela Bilbon.
"Hain zuzen ere, horretara gatoz: herritarrei egindako gonbidapen hura berritu eta zehaztera", azaldu zuen Kontseiluak. "Sinetsita gaude euskarak behar duen Pizkunde berria gure historia sozial garaikideko beste kinka larrietan bezala herritarren kidetza eta bultzadatik etorriko dela. Beraz, euskaltzale guztiei, baina, oro har, justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurrera egin eta dibertsitatea bermatu nahi duten herritar denei, abenduaren 27an gurekin egon, eta euskarak behar duen Pizkunde berriaren parte izateko deia egiten diegu".
Ekitaldi hori, ostean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiapuntua izango da, "eta garrantzitsua da lehen urrats hori sendo ematea". Kontseiluak adierazi du Bilbao Arenan 8.000 lagun biltzea espero dutela.