Desobedientzia praktikatzen

  • Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du zalantzarik egin esaterakoan euskaldunon komunitatea ahul dagoela. Alabaina, haren ustez bada kopurua eta nahia aurrera egiteko. Legeak desobeditzeko adore gehiago eskatu du. Xan Airek "epikarik gabeko" desobedientzia ekintzetan jarri du azpimarra; egunerokoan, adibidez, lantokian desobeditzea. Elurre Iriarte gatazka azaleratzearen aldekoa da, azken urteetan elkarbizitzaren eta errespetuaren izenean hizkuntza zapaltzaileetara lerratzen ari garelako. Iriarteren ustez, bada garaia erdaldunei ahalegin bat eskatzeko.

    (Gorka Torrek desobedientziari buruzko gogoetak ekintza batekin osatu nahi izan ditu eta artikulu honen bukaeran azaldu dugu hitzez eta irudiz Torrek egindako ekintza. Lotura honetan ekintzaren bideoa daukazue).
     

Ezkerretik eskuinera Gorka Torre, Elurre Iriarte eta Xan Aire. Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA
Ezkerretik eskuinera Gorka Torre, Elurre Iriarte eta Xan Aire. Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nola dago euskaltzaleen komunitatea. Sendo al dago?
XAN AIRE: Garai batean euskara aipatzen genuen, orain euskaldunon edo euskaltzaleon komunitatea aipatzen ahal dugu, eta hortik bada zerbait interesgarria diskurtsiboki lantzeko; gure autodefiniziotik hasita: euskalduna da euskara duena. Autodefinizio irekia zait. Orain gurutzatzen ditugu azentu eta kolore desberdinetako euskaldunak, eta oso begi onez eta ekarpen handiz besarkatzen ahal ditugun pertsonak dira. Ideologia biziki interesgarria garatzen ahal da: euskalduna zara, euskara baduzu, ez zaigu inporta nondik heldu zaren, zein larru kolore, zein erlijio, zein sexualitate duzun… Galdegiten dizugun gauza bakarra hizkuntza da. Sarbide interesgarria da gero gauza batzuk lantzeko gibeletik; autodefentsarako ere bai. 

Horrez gain, badira gazteriak ematen dizkigun komunitate zuntzak; plazak euskaraz hartu libertimendu baten karietara edo Amikuze oraindik erdaldun batean EHZ bezalako musika festibal bat inplantatu. Nahiko nuke jakin non ikusten den gazteria hain sortzailea, transgresiboa. Ez dut uste Frantziak, Espainiak edo mundu globalizatuak proposatzen duten mundu uniforme edo azukratu horretatik ateratzen denik hain gazte sortzaile, kementsu eta transgresiborik. Hor badugu balio erantsi bat, inguruko gazteek komunitate osoari zerbait oso berezia eskaintzen diote eta eskuragarria, eta etorkizunera begira zerbait baikorra.

ELURRE IRIARTE: Erdal komunitatea arras fuerte dago, hori da afera. Gure komunitatea? Batzuetan sentsazioa dut ahul gaudela eta bertze batzuetan fuerte. Adibidez, Baztanen lehen euskalgintza antolatuta zegoen eta orain ez dago, baina egia da sortu diren taldeek euskaraz funtzionatzen dutela, batzuek euskara hutsez. Bestalde, Euskararen Legea dago mendebaldeko hiru herrialdeetan, eta Nafarroan zonifikazioaren legea daukagu eta ni euskal eremuan bizi naiz. Pentsatzen dugu, kito, dena badaukagula. Baina ez da aski. Legeak ez dira betetzen. Medikuarenera joaten banaiz haren borondatearen esku dago ni euskaraz artatzea. Legeek ez dute babesten, baina komunitateak uste du legeak hor daudenez, listo, ez da deus egin beharrik; ez da aldarrikatu behar, ez da kexatu behar... Hor pixka bat ahul ikusten dut.

Bertsolari batek [Lazkao Txikik] zioen hemendik urte batzuetara erdaraz arituko garela euskaraz ari garelakoan. Uste dut hor gaudela, eta ez dira gazteak, hemen mundu guztiak erdara erabiltzen du euskaraz ari den ustetan, eta horrek ahultzen du. Orokorrean komunitatea bizirik dago, baina badira ahultzen gaituzten gauza aunitz. Eta definizioa aipatu duzula; euskara, euskalduna... kasik desagertzen ari dira. Orain euskal hiztun erabiltzen dugu, Arizkungo erdaldun batek bere burua euskalduntzat duelako. Aunitzetan gure diskurtsoetan definizioak aldatzen ditugu eta horrek ere ahultzen du.

Xan Aire: “Ez dut uste Frantziak, Espainiak edo mundu globalizatuak proposatzen duten mundu uniforme edo azukretsu horretatik ateratzen denik hain gazte sortzaile, 
kementsu eta transgresiborik”

GORKA TORRE: Euskaltzaleen komunitatea ahul dago. Ahulago izan zitekeen, eta beharbada ahultasun hori, nola erran, gaurko testuinguruan bada nahiko baikorra, zeren dena kontra du euskarak. Dena den, ahul gara, zeren euskararen egoera bidegabearen aitzinean oldarkortasun askoz handiagoa behar genuke eta eskas dugu egoerari aurre egiteko indarra. Hala ere, iruditzen zait Euskal Herrian nahiko euskaltzale badela egoera iraultzeko. Gaitasuna badugu, kontzientzia maila bat ere bai. Guk [Euskal Herrian Euskarazek] uste dugu zaletasunetik intsumisio eta desobedientzia jarrerara jauzi bat eman behar dela. Jauzia ematen badugu, euskara larrialditik ongi izatera pasatzen ahalko da. Adore gehiago behar dugu jauzia egiteko. Zilegitasun guztia dugu egoera hau ez onartzeko, bidegabea delako, zapalkuntza egoera bat da. Gure borroka zilegi da. 

Euskal komunitatea jabetzen da egunerokoan bizi duen hizkuntza zapalkuntzaz? Zapalkuntza normalizatzera iritsi gara?
X. AIRE: Egoerari konplexutasun bat ikusi nahi diot. Gizon europar, zuri, heterosexual gisa mundu eroso eta pribilegiatu bat dut egunero etxe aitzinean ate joka; beraz nahiko banu, goizero jaikitzen ahalko nintzateke eta arazo izpirik gabe frantsesez bizi. Ditugun bizi baldintzek zailago egiten dute zapalkuntza erakustea eta sentitzea. Pentsatzen dut bere lurretik kanporatua den indigena komunitate batek, zoritxarrez, askoz errazkiago formulatzen ahal duela zapalkuntza. Gurea aski konplexua zait. Dena den, batzuetan erraten ahal digute euskaldun izatea pribilegio bat dela. Ez dut uste euskaldun izateak pribilegio bat ematen dizunik; guk bagenuke pribilegio gehiago erdarazko bizi bat hautatuko bagenu.

Plazaran [Plazara lantegia Baionan eta Urepelen dago. Komunikazioa, formakuntza, aholkularitza eta plazagintza lantzen dituzte. Aire bertako langileetako bat da] jende asko gurutzatzen dugu, militanteak, hautetsiak, enpresaburu batzuk, gurasoak, eta zapalkuntza biziki gutitan formulatzen den hitza da. Agian guk ere ez dugulako ate horretatik sartzen afera. Baina, hala ere, iristen gara aski fite entzutera intseguritate bat bizi dugula euskal mundukide gisa. Adibidez, guraso erdaldunen intseguritatea haurra euskaraz eskolatzea hautatu dutelako, edo guraso euskaldunena haien nerabeak osoki frantsesez ari direla ikusten dutelako; ez dakite zer egin. Uste dut behar zaiela beste giro bat entzunarazi, nonbaitetik iritsi behar zaio jendeari euskaraz bizitzea ez dela gauza neutroa, zerbaiten ondorio dela. Hala ere, euskaldun, euskaltzale edo euskararekin inplikatua den horrek intseguritatea formulatzeak berak zerbait ekartzen du. Intseguritate horiek ez dira indibidualak, kolektiboak dira. Hortik gauza batzuk hasten dira eta jende batzuen jarrera oso interesgarriak ikusten ditugu: biktima izaeraz baino, autoritatez jardungo dute. Erran nahi du hartuko dutela erdigune bat haien egunerokoan euskaldun edo euskaltzale gisa, eta saiatuko direla bazterrak mugiarazten. Haien helburua izaten da erakustea badirela egundoko munduak euskaraz, besteek ere harrapatzen ahal dituztenak.

Elurre Iriarte: “Errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean espainolez eta frantsesez solastatzen gara, elkarbanatzen dugun hizkuntzan, eta hizkuntza hori zapaltzailea da. 
Ni gatazka azaleratzearen alde”

E. IRIARTE: Ez, ez gara ohartzen, eta zapalkuntzak normalizatzen ditugu. Bi hizkuntzak, frantsesa eta euskara, edo espainola eta euskara jakinda, edozein tokitara joaten garelarik, ez gara kapazak gure eskubidea aldarrikatzeko, “euskaraz egin nahi dut”, eta ezin badugu egin, bada, “badakit bertze hizkuntza eta egingo dut”. Zapalketaren zer txiki bat da. Gorkari pasatu zaiona, euskaraz ezin deklaratu, zapalketaren bertze adibide bat da. Aunitzetan mezua hori da: euskaraz egin nahi dut-ezin dut-bada erdaraz eginen dut-zer kostatzen zait. Zapalketa baten normalizazioak zer ekartzen du? Asimilatzea, eta komunitate ahul bat bihurtzen gaitu. Nola egin jendeak zapalketa ikus dezan? Bada, ez dakit, pentsatzen dut tresna aunitz ditugula eta herri mugimendu aunitz daude hori egin nahian, baina sentsazioa dut kasu gehiago egiten diegula euskarafoboen diskurtsoei gure diskurtsoari baino. Inposaketa, pribilegioa... gauza horiek guziak sinesten ari gara. Sinesten dugu zapaltzailearen mezua. 

Bestalde, Euskal Herriak zapalketaz ohartzeko zailtasun handiak ditu hiru administrazio izanda, ez dakigu ezta zein eskubide ditugun ere, ze aukera ditugun euskaraz bizi ahal izateko. Aroztegiko epaiketan euskaraz deklaratzeko aukera izan zuten, baina ez zen ez duin ez deus izan. Gorkak, berriz, ezin zuen euskaraz deklaratu. 

Ez dugu ikusten zapalkuntza dagoenik, ez badugu ikusten ez dugu deus egiten buelta emateko, ez gara antolatzen, eta beraz, ez dugu interpelatzen administrazioa. Nonbaitetik hautsi behar da errealitate hori.

G. TORRE: Ez dut errepikatuko Elurrek errandako hainbat gauza. Berdin erantzungo nukeen. Indarrean den legeak euskara zapaltzen du eta heriotzara eramaten. Frantses eta espainiar konstituzioak linguizidak dira, hizkuntza hiltzaileak. Legea bera linguizida da, zapaltzailea, beraz, euskara zapaldua izatea normalizatua da, legeak euskara zapaltzea normalizatzen du, legeak ahalbidetzen du euskara zapaldua izatea. Ez gara aski kontziente hizkuntza zapalkuntza ikaragarri horretaz. Errespetuz aniztasun kulturalarekiko, beste hizkuntzekiko, euskara Euskal Herriko hizkuntza da eta lehentasunezko hizkuntza izan behar da, eta kito. Euskarak ukan behar duen lehentasunezko egoera hori zuzena da.

Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

E. IRIARTE: Euskaraz bizitzea normalizatu beharko genuke. Etxetik atera eta euskaraz bizitzen hasi. Traba bat dudan momentutik bilatu tresnak euskaraz bizi ahal izateko. Norbanakook helburu bezala hartuko bagenu eta kolektibizatu, errazago interpelatuko genuke mundu guzia. Baziren TELP ikastaroak, zoragarriak, estres linguistikoa gainditzeko eta ahalduntzeko ziren. Ikastaroa eginda, joaten zinen Iruñera eta esaten zenuen “eginen dut euskaraz!”. Irauten zizun aste bat, e! [barrez] Ikastaro horiek desagertu dira eta normalizatu beharko genituzke, urtero eginen nuke bat gustura. Feminismoan ahalduntzea aipatzen dugu, eta ahaldundu beharko ginateke euskaldun bezala. TELP ikastaroa erran dut, eta hori bezala, beste tresna batzuk egonen dira.

X. AIRE: Plazaran egiten ditugu. Uste dut Emunek ere egiten dituela.

E. IRIARTE: Eskoletan matematika ematen den bezala, herri mugimenduetan txertatu beharko lirateke.

X. AIRE: Hitz gako bat aipatu duzu, ahalduntzailea izatea. Batzuetan tranpa bat irekitzen diogu geure buruari, baikor edo ezkor garen istorio horretan. Kontua da aktibatzailea eta ahalduntzailea izatea. Batzuk piztuko dira gure egoeraren larrialdia ikusita eta beste batzuk piztuko dira euskararen biziberritzea eskuragarri baldin bazaie. Ahalduntzea; agian hori dugu sobera bazterrera uzten euskalgintzatik.

G. TORRE: Xanek dimentsio internazionala aipatu du. Euskararen problematika ezin dugu bereizi beste hainbat problematikengandik. Xanek erran du guraso batzuk intseguritatean direla haurrak euskaraz eskolaratzen dituztelarik, baina atzo bertan [uztailak 1] beste intseguritate mota bat bizi izan dute Palestinan: bonbardaturik hainbat pertsona hil da eskolan. Ongi zehaztu duzun europar zuriak gara, baditugu bizitzeko baldintza material ikaragarriak munduko gehiengoarekin erkatzen bagara, pribilegiatuen espazio batean bizi gara, nahiz eta zapalkuntza pairatu, eta hemen ere pobrezia egon, eta abar. Falta zaigu euskararen zapalkuntzaren kontzientzia, baina falta zaigu munduaren egoeraren kontzientzia. Euskarak etorkizun iluna du, baina munduak oso-oso etorkizun iluna du. Gure intseguritateak eta kezkak erlatibizatzen ikasi behar dugu. 

Gorka Torre: “Ahul gara, zeren euskararen egoera bidegabearen aitzinean oldarkortasun askoz handiagoa behar genuke. Hala ere, iruditzen zait nahiko euskaltzale badela egoera iraultzeko. Gaitasuna badugu, kontzientzia maila  bat ere bai”

Gorka, desobedientzia zibilaren bidea proposatzen duzu, ahalik eta jende intsumiso gehien izatea. Elurre eta Xan, bide eraginkortzat, beharrezkotzat duzue?
G. TORRE: Desobedientzia praktikatu behar da indarrean dagoen legearekiko. Printzipioz, legeak zuzenak badira eta demokratikoki eginak badira, obeditu behar diegu, eta beharrik legeak badirela giza komunitate bat antolatzeko. Arazoa da lege horiek ez direla demokratikoki egiten gure kasuan eta ez ditugu onartu behar. Legala da, baina ez da zilegi. Desobedientzia zibilaren ideia da zilegizkoa ez den legeari desobeditu behar zaiola. Desobedientzia, egoera bidegabea agerian ezartzeko bide bat da. Ez da denari desobeditzeko gauza bat. Egoera legala ez da zuzena, beraz, egoera zuzen bat eraiki nahi dugu desobedituz. 

X. AIRE: Oro har, euskaraz bizitzea korrontearen aurka joatea da, arau sozial batzuk hausten dira. TELP ikastaroa eta horrelakoak egiten ditugu eta jende batek nahi du desobeditu bere egunerokoan: baditu lankide erdaldunak eta nahi du desobeditu. Horrek deskolokatzen du inguruko erdalduna. Desobedientzia mota desberdinak ikusten ditut, Gorkak proposatzen du molde sorta bat, baina barne mailan beste batzuk ikusten ditugu: guk nahi dugu euskaraz bizi gure lanean, lana egiterakoan eta kafea hartzerakoan, eta galdetzen dugu euskaraz funtzionatu ahal izateko marko bat. Gorkak proposatutako manerak mediatizazioak emandako indarra du, baina barne mailan gauzak aldatzen dituzten horiek ez ditugu aski ikusarazten eta egitura batzuetan aldaketa esanguratsuak lortzen dituzte. Eta hori arau aldaketa da eta abiatu da ezetz erranda norma sorta bati. Norma sozial bat hautsi dugu, eta beste zerbait eraiki dugu. Biziki interesgarria da eta jende gehiagok aurkituko luke bere tokia euskararen biziberritzean eta desobedientzia bidean. Zeren eta Gorka bezala mugitzeko gai jende guti da, aitortu behar da. Ekintza molde hori beste arlo batzuetan ikusten da, euskaran guti, aise gutiegi, baina ez da denei emana, ez da erraza ekintza mota horretan eroso sentitzea. Beraz, ikusarazi behar dugu sarbide desberdinak badirela gauzak aldatzeko, hautsiz eta berreraikiz, deseginez eta berriz eginez.

E. IRIARTE: Zilegi ote den eta beharrezkoa, ez dut dudarik egiten, historiak erakusten digu. Zehaztasun txiki bat: Gorkari tokatu zaio, Gorkarengana joan direlako, baina normalki horrelako desobedientzia zibilak kolektiboak izan dira eta dira. Ikastolak sortu ziren desobedientzia zibilaren bidez, Aroztegia... Etsaia ez da zozoa eta pertsonalizatzen du. Gorkak egin dituenak jende aunitzek egin ditu, baina ez zaie mediatikoki interesatzen denak eramatea, eta bestalde, ez dakite nork egin duen. Aroztegikoa eta gero beste ekintza bat etortzen bada, Erdizeko harrobiarena adibidez, nor jarriko da makinen aitzinean? Joanen da jendea, dudarik ez, baina izanen da jende gutiago, zeren errepresioak hori ekartzen du. Hala ere, desobedientzia gure historiaren parte da, ez dugu atzendu behar, eta praktikatu behar dugu; nahiz eta errepresioa gero eta handiagoa izanen den.

G. TORRE: Oso garrantzitsua da azpimarratzea desobedientzia zibila eraginkorra dela baldin eta kolektiboa baldin bada. Ekintzak, hainbatetan, jende kopuru txikiak egiten ditu, baina helburua beti da ahal bezainbat jendek egitea. 

Erosotasuna-deserosotasuna gaiari buruz, behar dugu hitz egin. Alegia, borrokan sartzen garelarik eta topo egiten dugularik legearekin, hor dator errepresioa. Gehienetan materiala izaten da, isun ekonomikoa, eta gogorragoak ere izan daitezke. Jendeari ustezko erosotasun material bat kentzen diote eta gu integratu gaituzte kontsumo gizartean eta adiktiboak bilakatu gara materialak diren gauza pila batera. Intseguritatea daukagu gauza material horiek galtzeko, horrek elbarritzen gaitu borrokaren unean, zeren beldur gara. Gure zapaltzaileek horrekin desaktibatzen gaituzte. Sistemak asimilatzen gaitu jokatuz gure ahultasunen gainean. Ukan dezagun zintzotasuna eta ausardia gure ahultasunez hitz egiteko. Lan hori egiten badugu, oso indartsu aterako gara egoera zailetan.

Deserosotasun psikologikoan ere ezartzen ahal gaitu, zeren nik pairatu dudan egoera epailearen aitzinean, ez zait batere-batere erosoa. Nahiago nuke egon, maite dudan bezala, Irati aldeko erreka zoko-zokoan nire semeekin amuarrainak harrapatzen. Bestalde, erosotasun psikologiko bat ere bada: zuzentasunaren alde borrokatzearen sentimendua ukaitea. Horren inguruan ditugun bizipen aunitz oso aberatsak dira. Borrokatzen direnekin partekatzen ditugu balore oso sakonak eta ederrak. Hori bizitzen duzularik, erosotasun materiala bigarren planoan gelditzen da. 

E. IRIARTE: Desobedientzia ekintzetan aitzinera egitea errazagoa da jakinda baduzula jende bat babesten zaituena.

 Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

Gatazkarik gabe ez dago aurrerabiderik?
X. AIRE: Gatazkaren kontu horri kontrapuntua jarri nahi diot, kezkaz bizi baitut gatazka batean nork atxikitzen duen grabitate zentroa. Hemen asko hitz egiten dugu Frantziako politikaz eta Frantziak du atxikitzen zentralitatea, eta aldiz, Frantzian ez da aipatua ere hemen egiten dena. Beti Frantzia da erdigunea. Horregatik, interesgarria da ikustea beste sarbide batzuk badirela euskararen alde egiteko eta euskaraz egiteko. Ekintza batzuek kristoren epika dute eta beste batzuek batere ez. Adibidez, zu euskararen mundura sartuko zara zeren eta zure enplegatzaileak euskara plan bat egitea erabaki du. Hori da zure sarbidea eta horrek ez du batere epikarik; Gorkarenak bai.

Bestalde, inportantea da mundu mailan kokatzea. Munduko beste hizkuntza gutxituekin gurutzatuta, beste grabitate zentro batzuk sortzen dira, estatu zapaltzaileek erdigunerik harrapatzen ez duten mundu bat da. Adibidez, hizkuntza lankidetza sarbide interesgarria da gure gazteentzat, euskararen borrokan sarrarazteko. Beste komunitateetan hizkuntza biziberritzeko zer egiten duten ikasten dute.

E. IRIARTE: Gatazka ez dugu guk pizten, gatazka badago, eta azaleratzea eraikitzailea da. Plazara dantzara ekimenean aunitzetan erran dugu gatazka hor dagoela eta guk plazan erakutsi dugula. Euskaran gauza bera. Espainolez edo frantsesez egiten badugu, ematen du ez dagoela gatazkarik, baina ez, ez, gatazka hor dago, afera da gure lana dela azalera ateratzea. Bata da erdaldunen eta euskaldunen arteko gatazka sortzen ahal dela, bertze bat instituzioekin, baina hirugarren bat da herri mugimenduen barnean ere sortzen direnak. Lurraren defentsa edo feminismoa helburu duten herri mugimenduetan gatazkak egotea normala da, eta ez badago zerbait gaizki da, ez dugu ehuneko ehun bat egiten gure iritzietan. Nik bizi izan ditudan eztabaidak izan dira nola funtzionatu, euskara hutsez, bi hizkuntzatan... Halako batean komunikatu behar dugu herri mugimenduan eta nola komunikatu behar dugu? Bi hizkuntzetan? Horren inguruan eztabaidatzea, gatazka izatea, ona da. Zenbat eta gehiago eztabaidatu orduan eta gehiago joaten zara gatazkaren erroetara. Gatazka horiek eraikitzaileak dira, zeren ondorio bat aterako da eta horrek, segur aski, aitzinamendua ekartzen du. 

Eta halako batean ohartzen zara posible dela euskara hutsean funtzionatzea. Bai Aroztegiak, bai Plazara dantzarak, bai (H)ilbeltzak euskara hutsez komunikatu dute. Komunikatzen duzuna ez da bakarrik ailegatzen euskal prentsara, baizik eta leku guzietara, afera da zenbateko inportantzia duen komunikabide horrentzako zuk erraten duzunak. Diario de Noticias-ek, nahiz eta euskaraz bidali ditugun prentsa-ohar guztiak, publikatu dute. Atera da Diario de Navarra-n, atera da Espainiako prentsan. Frantziakoan ere bai. Adibide bat jarriko dizuet: Baztanen Erdizko aferarekin hasi ginelarik, ailegatu zen hauteskunde kanpaina eta UPNk erabaki zuen parte hartzea euskaraz eta komunikabide hauetan: Xorroxin irratia, Xaloa telebista... Zergatik? Interesatzen zitzaiolako Erdizi buruz bere iritzia ematea. 

Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

G. TORRE: Bat nator erran duzun guziarekin, baina beste erranahi bat ematen diot gatazka hitzari. Zapalkuntza eta gatazka oso desberdinak dira. Zapalkuntza egoera batean gara, gatazka da zapalkuntza horri aurre egitea, hau da, hainbatean bada zapalkuntza gatazka egoerarik gabe; alegia,  gatazka bada zapalduak erreakzionatzen baldin badu zapalkuntzaren aurrean. Hainbatetan ez du erreakzionatzen. Gatazka da mahai gainean ezartzea iritzi edo nahi ezberdin bat. Gatazkak piztu eta zabaldu behar ditugu, zapalkuntza egoera normalizatua delako. Agresibitatea ere erabili behar dugu; etimologiara joaten bagara, erran nahi du bestearengana joatea, burua altxatu eta esatea, “ez naiz ados”. Euskararen heriotza nahi duten Frantziako eta Espainiako agintariek ez dute gatazkarik nahi, egoera bere horretan gelditzea nahi dute. Gatazka oso molde baikorrean ikusi behar da.

E. IRIARTE: Terminologia kontua da. Gatazka da zapalketa eta guk egiten dugu azaleratu. Baina ni ados zurekin, gatazka mahai gainean jarri behar dugu. Azken urteetan arazo bat dugu errespetuarekin eta elkarbizitzarekin. Imajinatu bizilagunen atariko bilera. Euskaraz hasten zara, eta errespetuarengatik eta elkarbizitzarengatik eskatzen zaizu erdaraz egitea. Erdaraz egiten baduzu, ez zara ari ez errespetatzen, ezta elkarbizitzaren alde egiten ari ere, ari zara zure zapalketari lekua ematen. Euskaraz egiten baduzu gatazka azaleratzen da. Parentesi txiki bat egin dezakezu: “Solastatu dezagun zergatik nik ezin dudan euskaraz egin”. Eremu guzi-guzietan ematen da. Normalki etsitzera jotzen dugu, ez bada militantea zarela. Errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean espainolez eta frantsesez solastatzen gara, elkarbanatzen dugun hizkuntzan, eta hizkuntza hori zapaltzailea da. Zapalketak hizkuntza guziak maila berean jartzea dakar, eta ez da hala inolaz ere; gizon eta emakumeak maila berean ez gauden bezala. Modan jarri zen hitzaldiak bi hizkuntzetan ematea, paragrafo bat euskaraz bestea espainolez. Norentzako ari gara horrela? Kalterako bertzerik ez da. Ni gatazka azaleratzearen alde.


Erdaldunei zer eskatu behar diegu? Elurre, zuk diozu limurtzetik, seduzitzetik, ez dagoela aurrerabiderik. 
E. IRIARTE: Bizilagunen bileran xuxurlatu dezakegu, itzulpena egin, aurrez eman dezakegu solastatuko denaren itzulpena… badira tresna aunitz…

Eta hori egin behar da...
E. IRIARTE: Bai, hori egin behar da, eta ni prest naiz lana egiteko, baina bertze horrek ere egin beharko du. Beti guk ez dugu itzuli, xuxurlatu behar, bertzea etxean lasai-lasai dagoela. Ez, ez, hasi zaitez euskara ikasten. Elkartzeko denok egin behar ditugu pausoak, zeren nik haraino joan behar badut eta zuk ez baduzu esfortzurik egin behar nirekin elkartzeko, ez da zilegizkoa, zeren bestela momentu batean erraten duzu, “ba, aski!”. Ni limurtzearen eta seduzitzearen aldekoa baino gehiago naiz interpelatzearen aldekoa. Nik egin behar ditut gauzak erdaldunak erakartzeko? Egon behar dut polit eta sinpatiko? Ximunek [Ximun Fuchs antzezle eta zuzendaria] erran du: “Sinpatikoak izaten saiatu gara, baina horrek ez digu funtzionatzen”. Sinpatikoak izateak ez du eginen erdaldunek euskara ikastea, ez, ez, “horrela eroso nago, ongi portatzen dira nirekin”. Erran behar dugu, ados, sinpatikoa izaten segituko dut, baina hasi zaitez euskara ikasten. 

Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

Ari al gara eskatzen?
E. IRIARTE: Ez dut uste. Erdaldunen komunitatea gero eta ahaldunduago dago. Hasmentan aipatu dut inposaketa, nire eskubidea erdaraz entzuteko… gero eta gehiago aditzen ditugu horrelakoak, eta ez gaude hau esateko posizioan: “Ikas ezazu euskara eta nik bitartean xuxurlatuko dizut”.

X. AIRE: Interpelatzea garrantzitsua da, baldin eta ikusarazten baldin badugu ez garela posizio sozial berean. Interpelatzen duzu zu baino gorago dena. Eta erdaldunei eskatu bezala, euskaldunok askatu egin behar dugu, eta posible egin euskaraz mintzatzea erdaldunak aurrean direnean. Gu [Plazara], zentzu horretan, itun soziolinguistiko batzuk ari gara planteatzen, bai egituretan baita jendartean ere erabiltzekoak: nola egin euskaraz erdaldunak hor direnean eta beti zama guzia guk hartu gabe. Beraz, hainbat aspektu daude azpimarratzeko. Guk ere noizbait formulatzen ahal dugu aspertuta gaudela beti gu ari garelako xuxurlatzen eta abar, eta ez dugulako ikusten urratsik bestearen partetik. Irakurketa fin bat ere baliatu behar da, ikusarazi behar zaie adibidez, euskara ulertzen baldin badute gu eroso egongo garela.

Eta zaindu behar dugu erdaldun guziak zorro berean ez sartzea. Batzuk euskaratik urrun dira, besteak gertu, erdaldun guziek ez dituzte errealitate sozioekonomiko berak... Erdaldunaren profilaren arabera ikusi beharko dugu zein behar dituen eta guk berari zein urrats eginarazi nahi diogun, eta teknikoki posible egin. Zein urrats eginaraziko diogu Ipar Afrikatik datorren errefuxiatuari, 7-9 urteko umeekin etorri den guraso frantziarrari, euskara 3 urterekin galdu zuenari (zeinak kristoren zama daukan bizkar gainean)? Kontuan hartu beharko dugu eskatzen ditugun urrats horiek zein onura ekarriko diguten guri, haiei, kolektibitateari, eta zein baliabide dugun urrats horiek egiteko. 

G. TORRE: Xanen ildotik, ez dut sobera egokia atzematen erdaldunen kategoria bat egitea, erdaldunak eta euskaldunak. Eskatu hitza, berriz, ez dut oso egokia atzematen. Euskaraz dituen bi erranahiekin, eskatu eta exijitu. Printzipioz euskara ez dakitenei ez diegu ezer eskatzen, gauza batzuk proposatzen dizkiegu. Eskatu da behartu, zuk hau egin behar duzu. Proposatu egin behar dugu, alegia, euskaltzaleok gure proiektua garatu behar dugu eta horretan ez direnei proposatu behar diegu bidea gurekin egitea. Hainbatek ez dugu ikusten nolazpait inposiziotik edo behartzetik gauzak eraiki behar ditugunik. Bestalde, seduzitu hitzari ez diot ematen hain ikuspegi ezkorra. Nire ustez, seduzitzea besteari interesa piztea da: hau bide polita da, elkarrekin egin nahi dugu, baina baditugu oinarrizko printzipio batzuk, eta nahi ez baldin badituzu, eraikiko duzu zure bidea eta topo egingo dugu agian beste leku batzuetan. Baina guk baldintza bat daukagu: euskaraz bizi nahi dugu. Beraz, seduzitu behar dugu, baina gure baldintzei erradikalki eutsiz.

Eta ados naiz, ni ere kokoteraino nago itzulpenak egiteaz, bi ordu izerditan eta erdalduna badoa inolako eskerrik eman gabe, zor balitzaio bezala. Ez, barkatu, guk ez dugu zorrik, kontrakoa, badakigu zeinek dituen alimaleko zorrak euskaldunekin. Zuri dagokizu ardura hartu eta baldintzak sortzea, itzulpengintza sistema ezartzea, zure ardura da, nik lagunduko dizut. 

Sinpatikoak izan behar garela? Ez, sinpatikoak izan nahi dugu, baina erabateko erradikaltasunarekin sinpatikoak izanen gara. Aurkariek gaiztoaren paperera eraman nahi  gaituzte, gatazka pizten baldin badugu. Gai izan behar gara gatazka erradikalena eramaten, baina gure funtsezko baloreak biziz: laguntasuna, eskuzabaltasuna eta errespetua. Demo eta Zuzen mugimenduen garaian, hegoaldekoek hau erraten zuten: “Hortzak erakusteko molde hoberena irribarre egitea da”.

Elurre Iriarte: “Erran behar dugu, ados, sinpatikoa izaten segituko dut, baina hasi zaitez euskara ikasten”

E. IRIARTE: Kontra eginen dizut. Ados, sinpatikoak izanda, baina interpelatu. Ni eskatzearen alde. Proposatzen dizut euskara ikastea... ez, zeren segituko du bizitzen lasai. Interpelatzea, eskatzea… ez dakit zein den terminoa. Zuk inposaketa aipatu duzu eta ez dut uste inposaketa denik. Eta agian ez da gure lana. Instituzioek egin dezatela modu bat non lanbide guzietan euskara eskatzen den, adibidez, eta hori inposiziotzat hartzen da. Deitu eskatzea, deitu inposatzea, baina hori bermatu beharko litzateke. Guk, norbanakook edo kolektibook, ezin dugu behartu lanbide batean eskatzea euskara jakitea. Eta erran duzuna, prest naiz laguntzeko, hemen daukazu itzulpen zerbitzua, ongi, baina AEKko telefonoa ere hemen daukazu. Helburua da mundu guziak euskara ikastea.

G. TORRE: Zehazteko, nahi baduzu, agian ezberdintasuna egin dezakegu, bata da instituzioak, botereak, eta hor eskatu behar dugu dudarik gabe, ni gehiago ari nintzen gurutzatzen dugun pertsonari proposatu behar dizkiogula gauzak. 

E. IRIARTE: Zaila da. EHZ [musika jaialdia] izan da asteburu honetan. Zuk uste duzu norbait atera dela handik esanez banoa euskara ikastera?

G. TORRE: Agian bai, ez?

E. IRIARTE: Ez dakit, euskara jakin gabe dena ulertu ahal zenuen, dena bi hizkuntzetan zegoen. Lurrez estali antzerkia. Obra marabilloso bat izan zen, zenbat jendek ikusi zuen… Uste duzu norbaitek errango zuela, ostras, ezin izan dut ikusi ez dakidalako euskaraz, banoa euskara ikastera? Sentsazioa dut egiten ditugula gauza eder aunitz, arras erakargarriak, baina erdal komunitatea ez dela jakitun.

G. TORRE: Azpimarratuko nuke berriz ere ezberdintzea pertsona eta instituzioa. Nik pertsona bati ez diot eskatzen ahal antzerki hori maitatzea. 

E. IRIARTE: Interesa erakutsi, zer ote da antzerki hori.

G. TORRE: Ezta ere. Nik instituzioari eskatzen diot mila aldiz bitarteko gehiago euskalduntzeko, antzerkia doan izatea, plazak eskaintzea, gero jendeari erran ahal izateko ez dakizu zer galtzen duzun euskaraz ez badakizu. 

X. AIRE: Erdaldunengana joan behar dugu diskurtso jakin batzuekin eta pedagogia lan bat eginez. Euskararen historia soziala zein izan den, zer lortu den, zein hautu kultural egin ditugun... Agian ahazten zaigu EHZ eta Durangoko Azoka bezalako guneak jende erdaldunari formulatzea. Zu zertan zaude euskararekin? Ikusten duzu zenbat egiten den hemen, giro honetan zaude, ez duzu uste zerbaitetan huts egiten ari zarela? Nahiko zenuke gutxienez ulertu, eta egunen batean eroso bizi euskaraz? Badugu lanketa egiteko, argiki joan konfrontaziora, ez baitezpada gatazkara, eta ikusi zein den jendearen erreakzioa, zein den jendearen hizkuntza ideologia. Uste badu hizkuntza komunikatzeko baino ez dela, ez du sekula ikasiko, komunikatzeko ez du behar euskara. Azaldu behar dugu gure mundu ikuskera, erran behar diogu zergatik den garrantzitsua bera ere gutartean izatea.

Autoritatez jokatu behar dugu, eta ahantzi gabe, guk ere behar ditugula gauzak mugiarazi. Ez dakit zein bide hartu, baina uste dut subjektu aldaketa bat ere beharko dugula planteatu. Orain, gure egoerari ezagupen bat emateko, kasurik hoberenean, hizkuntza minorizatu bezala definitzen gaituzte. Orain arte minoritarioak ginen, “ene, gaixoak!”. Aldiz, minorizatuak erran nahi du prozesu bat egon dela eta bizi espazioak galdu dituela euskarak. Beraz, kasurik hoberenean Frantziatik edo Espainiatik horrela definituko gaituzte eta guk ez ote dugun hori ere errefusatu behar. Bai, hala da, baina oroz gainetik gurea da biziberritzen edo indarberritzen ari den hizkuntza bat. Beti minoritario edo minorizatu? Ez, ez, ari gara biziberritzen, indartzen, ahalduntzen.  

Argazkilaria: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

MAHAIKIDEAK

Gorka Roca Torre, lur langilea

1974an Baionan sortua. Ama frantsesa, besteak beste Ipar Kataluniako jatorrikoa (Roca). Aita Bilboko Alde Zaharreko Artekalekoa. Ama eskolatik Baxoraino ikasketak ikastolan egin zituen lehen belaunaldikoa da Torre. Lizeo garaian euskararen alde borrokatzen hasi zen, bereziki Euskal Herrian Euskaraz mugimenduan. EHErekin, eta geroago, Demo mugimenduarekin euskararen alde desobedientzia zibila garatzen hasi zen.

Elurre Iriarte Bañez, kultur eragilea 

Arizkunen (Nafarroa) jaioa 1972an. Irakasle izana. Herri mugimenduan engaiatua bizi da. ‘Plazara dantzara’ ekimenaren bultzatzaileetako bat izan da, Baztango mutil dantzetan gizon-emakumeek berdintasunean parte hartzearen aldeko mugimenduan. Pilotakada urbanistikoaren kontra, Aroztegian ere, buru-belarri dabil. 
(H)ilbeltza nobela beltzaren astearen antolaketan parte hartzen du. Euskaraz eta euskaratik aritzen da herri mugimendu horietan.

Xan Aire Hasket, Plazara elkarteko langilea

Urepelen (Nafarroa Beherea) jaio zen 1984an. Frantses letrak eta euskal filologia ikasketak egina da. Hamalau urtez Seaskan eta Ikastolen Elkartean euskara teknikaria izan da, eta lanketak egin ditu ikasgelaz kanpoko euskararen erabileran eta gurasoen sentsibilizazioan. Aldudeko ibarreko Libertimenduetan laguntzaile izana. 2023tik Plazara elkartean ari da lanean, soziolinguistika formazioak eskaintzen, eta hizkuntza lankidetza proiektuak eramaten.

 

Epaileak igorritako gutuna  urratu du Gorka Torrek

Mahai-ingurua hasi aurretik Gorka Torrek desobedientzia ekintza bat egin du ARGIAko kazetariaren eta argazkilariaren aurrean. Duela gutxi jaso du epailearen gutuna. 1.000 euroko isuna jarri diote 2024ko abenduaren 3an Baionako auzitegiaren horman, Intza Gurrutxagarekin batera, Justizia euskaraz margotzeagatik. Torrek gutuna urratu eta itzuli egin dio epaileari. Adierazi du ez duela isunik ordainduko. Euskaraz mintzatzen uzteko eskatu du eta utz diezaiotela euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzeari. Aurtengo apirilaren 11ko epaiketan EHEko bi kideek ezin izan zuten deklaratu, euskaraz egiteko aukerarik eman ez zietelako. Intza Gurrutxagari 500 euroko isuna jarri diote. Gurrutxagak ez dauka isuna ordaindu beharrik, aurrekaririk ez duelako. Torrek, aldiz, bai. 
 

Argazkia: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Sabina Hourcade / ARGIA CC BY-SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


2025-07-21 | ARGIA
Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


Euskararen oldarraldiaren kontrako hainbat mobilizazio eta ekimen egingo ditu LABek urrian

Administrazioa euskalduntzeko legeria aldatu beharra dagoela azpirramatzen du LAB sindikatuak eta hori lortzeko "herritarren aktibazioa" ezinbestekotzat hartu du. Hainbat ekimen eta mobilizazio egingo dituzte udazkenean.


2025-07-08 | ARGIA
Euskaraz aritzeagatik lotarako tokia hartzea ukatu diote Bilboko aterpetxe batean Lapurdiko eskola bati

Lapurdiko eskola batetik saiatu dira datorren ikasturterako Ganbara Hostel Bilbaon aterpea lotzen, baina Behatokian salatu dutenez, idatzizko komunikazioan euskaraz aritzeagatik zera esan diete azkenean: “Espainolez mintzatzen ez ginenez, ez gintuztela beren hotelean... [+]


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


2025-05-20 | ARGIA
Behatokiak uko egin dio “gaztelania sustatzea helburu duten” jardunaldi batzuetan parte hartzeari

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argudiatu du kontraesanean daudela jardunaldien helburua, hau da, gaztelania bultzatzea, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea. Observatorio Global del Español erakunde antolatzaileari gutunez eman dio erabakiaren berri, eta 2024an... [+]


Konpromiso sindikala Donostiako Udalean
“Euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera bermatu daiteke, borondatea baldin badago”

Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


2025-04-03 | ARGIA
Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazi du 2024ko txostenean

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Eguneraketa berriak daude