Emakumeentzako bakea noizko?

  • 90 lagun inguru Iruñeko Katakraken, Emagin elkarteak antolatutako Hau ez da gure bakea eskola feministan. Helburua: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuaren irakurketa feminista egitea. Galderetako bat: Bake prozesua burura eramanda, emakumeok hilko, bortxatuko, mespretxatuko ote gaituzte oraindik ere, euskal gizarte normalizatuan?

Esparru publiko eta pribatuaren arteko bereizketaren argitan irakur daiteke euskal gatazkako genero rolen gizarteratzea ere. Esparru publikoan, gizonak, gudariak lanaldi osoan. Horiek horrela aritu ahal izateko, emakumeak zaintzaile esparru pribatuan.
Esparru publiko eta pribatuaren arteko bereizketaren argitan irakur daiteke euskal gatazkako genero rolen gizarteratzea ere. Esparru publikoan, gizonak, gudariak lanaldi osoan. Horiek horrela aritu ahal izateko, emakumeak zaintzaile esparru pribatuan.Adibide Komunikazioa

Kezka iturri izan da gaia beti Euskal Herriko mugimendu feministaren puska handi batentzat, eta ezin uka, bolo-bolo dabil azkenaldian. Mugarritzat jo daiteke 2015ean UEUk antolatutako udako ikastaro bat. Oihana Etxebarrieta, Zuriñe Rodriguez eta Arantza Santesteban ikerlari feministek antolatu zuten, Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean izenburupean, Iruñean orduko hartan ere. Aurrez eta hainbat urtez, mugimendu feministak funtsezko lana egin du puntu honetara iristerako, eta orain, testuingurua ezin liteke aproposagoa. ETAk su-etena iragarri zuenetik bost urte igaro direla, bake prozesua tirriki-tarraka bada ere, abian dela, hainbat kontu birpentsatzeko eta berreztabaidatzeko sasoi ezin hobea da. 

Feminista askori burura datorkio zalantza: Zertaz ari gara bakeaz ari garenean? Eta biolentziaz ari garenean? Zer ekarriko du normalizazioak? Bestela esateko: Bake prozesua burura eramanda, emakumeok hilko, bortxatuko, mespretxatuko ote gaituzte oraindik ere, euskal gizarte normalizatuan?

Gobernatu ezean, bakerik ez

Jule Goikoetxea ikerlariaren arabera, patriarkalki pentsatu dira hala bakea nola biolentzia, baita ere gizarte normalizatua zer den. Esparru publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa gakoa da ulerkera horretan. Publikoan kokatzen dira berdinak, subjektuak, gizonak. Pribatuan, ordea, publikotik sistematikoki kanporatuta, kokatzen dira emakumeak, mendekoak, subjektuen zaintzaile (subjektuek jaten dutenaren sukaldari, janzten dituzten alkandoren garbitzaile). Esparru publikoa da politikaren espazioa, eta hortaz, bertan gertatzen direnak baino ez dira hartuko gatazka politikotzat, denon arduratzat. 

Gogoan hartzeko moduko esaldi batean biltzeagatik: “Gure gizarte patriarkal normalizatuan gatazka dago baldin eta gizonek elkar akabatzen badute, eta bakea ezartzen da, aldiz, baldin eta gizonek akordioa sinatzen badute”. Hau da, Euskal Herrian azken hamar urteotan hamaika emakume erail dituzte emakume izateagatik, baina euskal gatazka aipatzen denean, normalean, ez gara horretaz ari. 

Eta orduan zer? Azpimarratzekoa da, berriz ere, sasoia giltzarria dela. Hala deritzo Goikoetxeak. Aukera ikusten du bakearen kontzepzio patriarkalari aurka egin eta gatazka feminismotik ulertzen hasteko, gatazka baino gatazkak daudela barneratzen hasteko. 

Esparru pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketari helduta, funtsezkoa iruditzen zaio emakumeek gobernua hartzea, orain arte ez bezala. Gobernatze hori oso modu deszentralizatuan da egitekoa. Azken batean, emakumeok ez gara gutxiengo bat, baizik eta jendearen erdia. Eta hainbat tokitan, hainbat alorretan, lanean ari gara. Bakoitza bere espaziotik eragiten hastea da gakoa, eta eragin hori maila makroan ulertzea. 

Eusko gudariak gara... 

Zuriñe Rodriguez ikerlariaren txanda, eta horrekin batera, zoom-a zorroztu eta zehazki Euskal Herriko egoerari begiratzekoa, Goikoetxearen analisi orokorragoari tiraka. 

Galderen bidez ekin zion hausnarketari     Rodriguezek: Euskal gizartean biolentzia hegemonikoak eta subalternoak al daude (lehen eta bigarren mailakoak)? Zer iruditegi osatu dute? Euskal gatazka deitzen dugun horrek emakumeen rol tradizionalak indartu al ditu? Gatazka horrek, irauteko, gizarte-erregimen heterosexuala behar zuen? Nork zaindu du nor euskal gatazkan? 

Esparru publiko eta pribatuaren arteko bereizketa nabarmenaren argitan irakur daiteke euskal gatazkako genero rolen gizarteratzea ere. Esparru publikoan, gizonak, gudariak lanaldi osoan. Horiek horrela aritu ahal izateko, emakumeak zaintzaile esparru pribatuan. 

Hainbat dispositibo biolentoren bidez eutsi zaio oreka horri. Batetik, amatasunaren bidez, hori ulertuta baldintzarik gabeko zaintza gisa. Zaintza aitortu da, amaren rola goretsiz, baina ez da politikotzat jo, alegia, ez da militantziatzat hartu (amak ez dira izan esparru publikoko subjektu). 

Emakume zaintzaile pribatuaren rola bete ez eta esparru publikoan jardun duten emakumeak ere egon dira. Horiek ere dispositibo biolentoak jasan dituzte, hala kanpotik nola barrutik. Kanpotik (espainiar komunikabideetatik, adibidez), emakume gudarien estereotipo negatiboak elikatu dira: zatarrak, frigidoak eta lesbianak direla, CUPekoez berriki esan direnen ildotik. 

Bestelakoak dira barrutik ezarritako kortseak. Emakume gudariak erotizatu dira, ustez haien borroka laudatuz, baina ez zaie benetan heldu emakume gudarien arazoei, beren egoeraren gordinari. Zentzu horretan, Rodriguezek intuizioa du ez ote den hori bera gertatzen ari emakume kurduen irudiarekin. 

Erotizazio biolento horren bidez adierazten da andre gudariak ezohikoak direla, gainerako andre arrunt eta zaintzaileak ez bezalakoak. Azken batean, dispositibo horien guztien bidez, mezu argia helarazten zaie emakumeei: esparru publikoan aritu nahi izatekotan, garesti ordainduko dute. 

Tokian toki, matxinada feministak

Hitz-hartzeei ez ezik, ariketa kolektiboei ere eskaini zitzaien tarterik Hau ez da gure bakea eskola feministan. Goizeko saioen ostean, taldetan banatu ziren parte-hartzaileak, gatazka politiko-armatuarekin lotura izan duten eragileen jarduna xehe-xehe egiteko, eta betiere, bizipen eta sentimenduetatik abiatuta, aztertzeko ea horiek zer hutsune izan dituzten, gatazka eta feminismoa uztartzerakoan. 

Mugimendu sozial eta politikoen ekarpenei erreparatu zieten talde gehienek, eta dudarik ez, lanketa handiena mugimendu feministak egin duela ondorioztatu zuten. Are gehiago, bertaratuen iritziz, beste esparruetan egin diren pausoak mugimendu feministaren presioaren ondorio izan dira. 

Arratsaldeko saioan, iraganera barik etorkizunera begira jarri ziren ia ehun emakume feministak. Taula handi batean idatzi zituzten, batetik, aurrera begirako aukerak eta beharrak, eta bestetik, oztopoak. Baikor aritu ziren, Bilgune Feministak Twitter bidez jakinarazi bezala, aukera eta behar gehiago identifikatu baitzituzten, oztopoak baino. 

Argi daukate: mugimendu feministak Euskal Herriko gatazka politiko-armatua birdefinitzeko urte luzez egin duen lanari tiraka eta azkenaldian sortutako korronteen abaroan, feminismoaren ekarpenak gatazkari buruzko narrazioan txertatzea dute erronka, errelatoan eta prozesu politikoan eragitea. Bidea: tokian toki, emakumeok daukagun boterea gauzatzea.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude