Auzia daraman epailearen aurrean deklaratu dute operazioan parte hartu zuten bi ertzainek eta lekuko batek. Ertzainburuak iradoki du buruan harrikada batek jo zuela Amaya Zabarte Realeko zalea, eta ukatu egin du agente batek lurrean zela ostikoa eman zionik, bideoetan ikusten den moduan. Egun berean begian lesio larria jasan zuen María Martínen kasuan, berriz, abenduaren 5ean deklaratuko dute beste sei ertzainek.
2024ko martxoaren 5ean Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren aurretik izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte irundarraren auzian, bi ertzainek deklaratu dute lehen aldiz epailearen aurrean, gertaera haietatik hogei hilabete igaro direnean.
Poliziaren kargak agindu zituen ertzainburuak ukatu egin du operazioan foam jaurtigaiak erabili zituztenik, eta iradoki du buruan harrikada batek jo zuela Zabarte. Hala, bere garaian Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak zabaldutako bertsioari eutsi dio ertzainak –sailburuak esan zuen ezin dela ziurtatu foam jaurtigaia izan zenik Realeko zalea zauritu zuena–. Polizia agenteak gaineratu du gazte talde bat "desafioan" ari zela Donostiako Reale Arena estadio inguruko Euskotreneko geltoki ondoan eta ertzainak "mehatxaturik" sentitu zirela.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzia berriz ikertzeko agindu zion Donostiako Instrukzio Epaitegiari, "ebidentzia ziurrak" daudelako foam jaurtigaia izan zela Zabarte zauritu zuena
Zabartek kolpe gogor bat jaso zuen buruan egun hartan, istilurik ez zegoen gune batean Poliziak oldarraldia hasi zuen momentuan, eta hainbat egunez Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratuta egon zen garuneko odol-isuri baten eta ondorioz eta burezurra bi zatitan hautsita; bizi osorako kalte neuronalak eragin dizkio horrek.
Familiak ziurtatu du kolpea foam jaurtigai batek baizik ezin izan ziola eragin, eta, hain justu Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzia berriz ikertzeko agindu zion Donostiako Instrukzio Epaitegiari, "ebidentzia ziurrak" daudelako mota horretako jaurtigaia izan zela Zabarte zauritu zuena.
Oldarraldia gertatu zenean, Zabarte lurrean zela ertzain batek ostikoa jo zion, hedabideetan zabaldutako bideo batean ikusi daitekeenez, baina ertzainburuak esan du ez duela halakorik ikusten irudietan. Ustez ostikoa jo zion ertzainak berak ere ukatu egin du halakorik epailearen aurrean; bere esanetan, korrika ari zela "zerbaitekin" estropezu egin zuen.
Begian zauritutako María Martín zalearen auzia
Hil ala bizi egon zen Zabarteren kasuan egon da orain arteko fokua, baina Realaren eta PSGren partidako istiluetan beste zauritu larri bat ere izan zen. María Martín zalea begi batean kalte larriak izan zituen oldarraldiaren ondorioz eta betirako lesio bat utzi dio horrek.
Bere kasuari buruz ere deklaratzekoak ziren astearte honetan sei ertzain eta beste lekuko bat, baina akats baten ondorioz saioa abenduaren 5era atzeratu du epaileak.