Atzo Artziniegako Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen gauean, pasa den asteburuan gertatutakoa salatzeko. Izan ere, ostiral eta larunbateko gauetan hainbat eraso jazo ziren, gehienak adingabeei egindako iruzkin matxista eta lizunak eta emakume helduei ukituak.
Herriko talde feministak jakinarazi dio Aiaraldea komunikabideari, berez, soilik kasu bat salatu zela ofizialki Puntu Morean, baina azpimarratu nahi izan dute hainbat kasuren berri izan zutela. Horren aurrean, Mugimendu Feministak nabarmendu nahi izan du emakume ugarik bizitako erasoei ez zaiela garrantzia kendu behar eta dagokion moduan salatu behar direla. Izan ere, aurten jarri da, lehenengo aldiz, Puntu Morea jai eremuan.
Agerraldian gaineratu zuten jai giroan eraso matxistek eta jarrera arrazistek ez dutela lekurik.
Hona hemen atzo irakurritako testua:
"Aurreko asteburuan zenbait eraso matxista eman ziren. Artziniegako talde feministatik gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu gertakari hauen aurrean.
Baimenik gabeko begiradak, komentarioak eta keinuak, agresio fisikoak ahaztu gabe, indarkeri matxista dira. Jaiak lasaitasunez eta bildur gabe gozatzeko eskubidea daukagu.
Jokabide hauek ez dira “txantxak” edo “tontakeriak”. Salatu beharreko gertakariak dira. Horretarako Puntu Morea eskura daukagu.
Argi uzten dugu erasotzaile matxistek eta arrazistek ez dutela lekurik. Ezta euren konplizeek ere".





