Gizon bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bat hiltzea leporatuta

  • Zarauzko Udalak elkarretaratzera deitu du ostiralerako, arratsaldeko 19:00etan Lege Zaharren plazan. Zarauzko Mugimendu Feministak eta Itaiak ere manifestazioa antolatu dute ostean, 19:15ean.


2025eko urriaren 17an - 09:09
Eraso matxisten aurkako elkarretaratzea, Zarautzen. GUKA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteazken gauean hil zuten 53 urteko emakumea Zarautzen (Gipuzkoa). Ertzaintzak ostegunean atxilotu du gizonezkoa, hilketa egotzita. Hasiera batean indarkeria matxista zenik argitu ez badute ere, Zarauzko Udalak baieztatu du hilketa matxista izan dela, eta elkarretaratzera deitu du ostiralerako: 19:00etan Lege Zaharren plazan. Herriko zenbait eragilek manifestatzera deitu dute, Mugimendu Feministtak eta Itaiak, elkarretaratzearen ondotik, 19:15ean. Horiez gain, beste zenbait erakundek ere beren gaitzespena adierazi dute, hala nola: Emakundek, Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, aldundiak ere kontzentrazioa egingo du 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan.

Osteguneko atxiloketatik gutxira, Zarauzko Udalak bozeramaleen batzordea egin du eta adierazpen instituzionala onartu aho batez. Erasoa gaitzetsi eta “laguntza eta elkartasun osoa” helarazi dizkie emakumearen senideei eta gertukoei. Horrekin batera, ostiraleko elkarretaratzeko deia egin dute, eta herritarrei “indarkeriaren aurkako borrokan zeregin aktiboa” izateko deia luzatu diete.

Udalaren elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu du Emakundek, protokoloa martxan jarrita. Erakundeko ordezkariak bertan izango dira, eta herritarrei bertaratzeko deia zabaldu die, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, herritarren jarrera aktiboa “ezinbestekoa” dela adierazita. Aldundiak ere “ahotsa altxatzeko” deia zabaldu du, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan: “Ahotsa altxatu behar dugu, inoiz baino ozenago, emakumeen aurkako indarkeriak gure gizartean eta munduko beste inon ez duela lekurik berresteko. Ez gara geldituko erabat desagerrarazi arte”. Eudelek ere erakundeek eta gizarte osoak duten “erantzukizuna” azpimarratu du, eta sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitzeko premia azaldu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Eguneraketa berriak daude