Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaileak ebatzi du behin behinean sartuko direla kartzelan lau akusatuak, bortxaketa eta lapurreta egotzita. “Ihes egiteko” eta “frogak ezkutatzeko” aukera dagoelako erabaki du espetxe zigorra. Erakundeek eta herritarrek erasoa jasan duen emakumeari babesa erakutsi diote.
Iruñeko Karpa Unibertsitarioan sexu eraso bat egitea leporatuta, asteartean atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak lau gizon gazte, biktimak salaketa jarri ostean. Epaileak ostegunean eman du espetxeratzeko agindua, “ihes egiteko arrisku handia” dagoelako, baita “frogak ezkutatzekoa” ere. Ondorioz, erabakia akusatuak prozeduran presente egon daitezen ziurtatzeko neurri ezinbestekoa dela adierazi du epaileak.
Autoan azaldu denez, gazte batzuek unibertsitateko karparen inguruan aurkitu zuten emakumea, “bide batean botata, hosto batzuen gainean, indargabetuta, nahastuta eta galduta”. Osasun-langileen jarduerari esker, sexu-erasoetarako protokoloa aktibatu zen. Auzitegiko mediku batek artatu zuen emakumea, eta txostenean hainbat lesio aipatu zituen. Barruko arropa eta bere ondasuak falta zitzaizkion. Haren arropa akusatuen bizitokian aurkitu dute. Gainera, epaileak adierazi du akusatuek kontraesanak egin dituztela deklarazioetan.
Epaiaren ostean gertakariak gaitzetsi eta erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazteko protestak egin ziren. Iruñeko Udalak elkarretaratze isila egin zuen, Udaletxe plazan. Zaloa Besabe berdintasun zinegotziak adierazi zuen “biktimaren pribatutasuna eta babesa gure hiriaren erdigunean” daudela. Udaleko agintariez gain, herritarrak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere bertan izan ziren. Bestalde, Saretuk eta Itaiak elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan.