Ostegunero eguerdiko 12:00etatik 14:00etara dute hitzordua medikuak, erlezainek eta gaixoek. Erleen ziztadak ezarriko haiek hauei. Dirurik ez da tarteko. Bai ordea bateko eta besteko botikekin sendatzea lortzen ez duten erien osasuna hobetu nahia eta erleen ahalmenei buruzko jakintza handia. Okzitaniako Besiers/Beziers ondoan gertatzen da.
Erleak eta gizakiak aurkitu ditugu elkarlanean “L’Abeille me soigne” (Erleak artatzen nau) elkartearen babesean Pezenas herrian (Okzitanian, Besiers eta Montpellier artean). Zenbait mediku eta terapeutaren egoitza den La ruche (Erlauntza) egoitza txikiaren gela batean bildu dira. Erleak eraikinaren kanpoko aldeko dozena erdi kofoinetatik bildu dituzte kristalezko potoetan eta bi orduz jarriko dizkiete larruazalean bertaratu diren gaixoei.
Alain Merit erlezaina da elkartearen diruzaina eta apiterapiaren militante sutsua aspalditik. Berekin batera heldu dira astero beste erlezain batzuk, behar denean laguntzera.
Taldearen arima Maryse Pioch da. Gaztetan atletismoan elite mailan aritua. Esklerosi Anizkoitzak aulki gurpilduneraino makaldu zuen. Erlezain familiakoa izan arren, ez zuen hauen laguntzaren bila jo harik eta gainerako terapia mendebaldarrek kale egin zioten arte. Liburu bat dauka idatzia 2005etik aurrera bere gaixotasuna Seignalet erregimenarekin eta erleekin nola artatu duen kontatuz.
Liburuaren hitzaurrea Henry Joyeuxek egin zion. Montpellierreko unibertsitatean irakasle, zirujau eta kantzerologo, argitalpen ugariren egile, osasun arloan oso popularra da Frantzian. Webgune famatua ere badu. Joyeux doktoreak bere ohorez zabaldu dio babesezko estalkia elkarteari.
Eguneroko praktikan Jean Baptiste Thouroude mediku eta akupuntoreak asesoratzen ditu Pezenasera biltzen diren gaixo eta erlezainak. Medikuntza ikasi ostean, akupuntura ikastera joan zen Txinara. Erleez interesa baldin bazuen ere ez zen horien pozoia akupunturako txokoetan ezartzen hasiko baldin eta ez bazion eskatu arren eta arren Esklerosi Anizkoitz oso gaizto bat nozitzen duen Lisaren amak. Ez da harritzekoa ama hau, Cathy Canut, izatea elkartearen lehendakaria.
Osteguneroko hitzorduaz gain, tarteka ikastaro bereziak antolatzen dituzte Pezenasen. Larunbat oso batez, bertaratu direnek erlearen eta bere produktuen sendatze ahalmenen informazioa jasotzen dute goizean eta arratsaldean praktikan nola erabiltzen den ikasten.
Argi konprenitu behar da Pezenasen egiten dena. Hemen ez da titulurik ematen, ez kontsulta mediku ordaindurik, ez inolako produkturen promoziorik. Helburua da behar duen gaixoari eta bere ingurukoei erakustea zer-nola egin erleekin, gero berak bere kasa egin ahal izan dezan. “Helburua eria autonomo izatea da”, errepikatuko du Thouroude doktoreak. Zergatik?
Frantzian oso estu pertsegitzen ditu Medikuen Elkarteak ortodoxiatik ateratzen diren profesionalak. Bestetik, formatu gabeko pertsonek terapeuta papera errazegi egitea saihestu nahi da. Gaixoaren ikuspegitik osatu argudioa: diru asko behar da osasungintza publikotik kanpoko terapiaren bat jarraitzeko. Sekulako zortea du gaixo batek erlearen terapiak on egiten badio eta diru saririk gabeko auzolan mota hau dagien norbaitekin edo talderen batekin egiten badu topo.
Urriaren 17ko ikastaro azkarrean baginen, medikuaz eta erlezainez gain, klase ezberdinetako gaixotasunen jabeak: Esklerosi Anizkoitza, Esklerosi Laterala, Espondilitisa, Parkinsona, Poliartritisa, Lunbalgia…
Arratsaldeko saio praktikoan aitona parkinsoniano batek eskaini zuen bere soina bertan zirenek erlez ziztatu zezaten, medikuak agindutako puntuetan. Giro lasaian, gizona bi dozena ziztada hartzen ohituta dagoelako. Bertaratutako beste batzuk bezala, erleen pozoiari beldurra galtzeko baino dagonekoz hartzen dituzten ziztadak non-nola hobetu ikastera etorriak zirelako.
Hasi nahi duenari eskatzen zaio alergiaren froga egina ekartzea. Sinatzen du agiri bat esanez garbi azaldu zaizkiola arriskuak (ohikoa ez izan arren gerta liteke shock anafilaktikoa, heriotza ere eragin lezakeena) eta bere gain hartzen duela terapiaren ondorioen erantzukizun oro.
Giroa alaia da, broma asko ere bai tarteko, baina hau ez da jolasa. Hasieran erleen pozoiaren zati txikia jasoko du gaixoak, beranduago eztenkadak osorik eta dosiak gero eta handiagoak, gero eta ugariago.
Txinan Thouroudek ikusi du saio batean emakume bati 200 erle jartzen bizkarrean. “Baina iruditzen zait han eta hemen oinazea diferente bizi dugula”. Saio praktikoan boluntario bere ipurdi-gaina eskaini duen emakumeari 20 bat jarri dizkiote. Ez da kexatu: erleekin hasi aurretik ohetik jaiki ezinik omen zen, morfina behar oinazeak arintzeko.
Mendebaldeko medikuntzak eskaintzen duenaren osagarritzat lantzen dute Pezenasen erlea. Minbiziarentzako kimioa hartzen duzula? Inork ez dizu esango terapiari uko egiteko, baina hartu propolia ere dosi handitan. Berdin Esklerosi Anizkoitzarentzako ospitalean tratamendu esperimental bortitza ematen badizute, saiatu erlauntzako produktuekin eta erleen ziztadekin.
Munduan badira Pezenasekoa bezalako talde gehiago, asko medikurik gabe erlezain eta gaixoz osatuak. Adibide bikaina erakusten du Internetez ikus daitekeen Love and Venom (Maitasuna eta pozoia) bideo labur zirraragarriak. Euskarazko azpitituluz ikus daiteke. AEBetan Ohioko Wellington herrian Don Downs erlezainaren etxean ia egunero biltzen dira gaixoak eta boluntarioak elkarri erleen ziztadak jartzera.
Thouroude medikuak esan bezala, test zientifiko asko egin beharra dago oraindik demostratzeko zein den apiterapiako produktuen benetako balioa. Baina bere bizia gaixotasun larri batek esku artetik daramakiola nabaritzen duenak ez du astirik.
Esklerosiak aulki gurpildunera kondenatu duen Lisaren gurasoek erleekin aukera bat ikusi dute. Gaixotasunaren erasoak geratzeko edo, gutxienez, kimioterapia esperimentalak eragin dizkion alboko kalteak arintzeko.
Erleak akupunturak esandako txokoetan jartzen dituzte baina baita ere gaixoak berak mina daukan edo on egiten diola sentitzen duen puntuetan.
2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.
Osakidetzak berak aitortzen duenez, “komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea”.
Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan.
Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
“Ea hurrengorako ikasten duzun…”. Horrela agurtzen zuen amak onkologoa, kariñoz eta lotsarik gabe, kontsultatik ateratzen ginen bakoitzean. Hamar bat kontsulta egingo genituen bospasei urteren bueltan, eta agurra beti bera izaten zen. Emakume atsegina... [+]
Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]
Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.
Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.
Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]
Langileak kexu agertu ziren ekainaren hasieran. Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilariak erantzun zien "euren eskuetan" zegoen guztia egiten ari zirela, baina baliabideak "mugatuak" zirela.
Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]
Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan... [+]
Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]
Hautaketa prozesuetako kudeaketa “geldirik edo kaosean murgilduta” dagoela diote elkarretaratzearen deitzaileek.