Antisorgailu hormonalek % 20 handitzen dute bularreko minbizia izateko arriskua

  • Erlazioa aldatu egiten da erabilera-denboraren eta beste arrisku-faktoreen arabera.


2025eko azaroaren 13an - 08:30
Libre. CC BY-SA 4.0/Wikimedia.org
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antisorgailuen eragina minbizian aspalditik ikertzen bada ere, ez dago guztiz garbi; besteak beste, ez dutelako berdin eragiten minbizi guztietan. Orain, Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek, nazioarteko beste ikertzaile batzuekin batera, bularreko minbiziari eta antisorgailu hormonalen erabilerari buruzko orain arteko berrikuspen sistematiko sakonena egin dute. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, bost urtez edo gehiagoz pilulak, umetoki barneko gailuak edo hormonak dituzten txaplata antisorgailuak erabiltzea bularreko minbizia garatzeko probabilitatea % 20 handitzearekin lotzen da.

«Erlazioa nabarmenagoa izan zen bularreko tumoreak menopausiaren aurretik garatu zituzten emakume gazteenetan»

Berrikuspenean, 20 kohorte eta 23 txosten independente aztertu dituzte. Guztira, 5,5 milioi emakumek baino gehiagok parte hartu zuten ikerketa horietan, eta bularreko minbiziaren 72.000 kasu detektatu ziren. Frogatu dutenez, antisorgailuak erabiltzeagatik minbizia garatzeko probabilitatea ez da lineala: lehenengo bost urteetan pixkanaka areagotzen da, bost eta hamar urte bitartean egonkortu egiten da, eta hamargarren urtetik aurrera berriro igotzen da pixka bat.

Aintzat hartzeko faktoreak

Erlazioa nabarmenagoa izan zen bularreko tumoreak menopausiaren aurretik garatu zituzten emakume gazteenetan. Horietan, arriskuaren areagotzea % 41 handiagoa izan zen, antisorgailu hormonalak erabili ez zituztenetan baino. Ikerketak berretsi du, bestalde, arriskuaren hazkundea norbanakoarentzat hain handia ez bada ere, biztanleri osoan eragin nabarmena izan dezakeela biztanlerian, 150 milioi emakumek baino gehiagok erabiltzen baitituzte halako antisorgailuak.

Emaitzak bat datoz azken bi hamarkadetan argitaratutako eskala handiko hainbat lanekin. Gainera, koherenteak dira sexu-hormonek (antisorgailuek dituztenak) bular-ehunean duten mekanismo biologikoekin.

Ikertzaileen arabera, ikerketak agerian jartzen du emakume bakoitzaren ugalketa-historia eta arrisku-profila ezagutzeko beharra, antisorgailu egokiena eta seguruena aholkatu ahal izateko. Horrez gain, ikertzen jarraitu behar dela esan dute, antisorgailu berrien eraginak ezagutzeko eta minbiziaren prebentzioa hobetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024ko abuztuaren 28
Olatz Mercader, Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima
"Euskal kulturaren mundua erabat isilik gelditu da"

Eguneraketa berriak daude