Aurtengo Durangoko Azokan, hiru liburu edo proiektu aurkezpen egingo dituzte ARGIAk eta Bizi Baratzeak. Egileak standean egongo dira, eta beste urte batez, Durangoko Santa Ana elizaren aldamenean, denda ipiniko du ARGIAk, Inor Ez Da Ilegala proiektua hauspotzeko.
Indartsu dator aurtengo Durangoko Azokaren 60. edizioa, lelo berri eta definitiboarekin, eta bi gune berri estreinatuko dituzte aurten. Ostiral honetan hasiko da azoka, Ikasle Goizarekin, eta astelehenean amaituko, hilaren 8an.
Zer?
ARGIAren eta Bizi Baratzearen standetan ere topatu ahalko dira aurtengo nobedadeak. Urterokoak dira hiru, Ilargia eta landareak agenda 2026, Ilargiaren egutegia 2026, eta efemerideez hornitutako egutegiaren takoa.
Liburuei dagokienez, hainbat baserritar azokatan arrakasta ukan ondotik, Durangoko Azokara helduko da Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburua, Feli Madariaga baserritarrari buruzkoa, "andre bat lurrari emana" azpititulu duena.
Etxeko txikiak zorteko dira aurten ere, izan ere, erraldoi eta buruhandien istorioak badu segida: Abentura erraldoia. Hegan komikia aurkeztuko dute Gorka Bereziartua testugileak eta Adur Larrea marrazkilariak, Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira-ren hurrengoa dena, liburuen bilduma eta erraldoien pack osoa.
Jolasetan, eta erraldoiekin jarraituta, karta joko berezia aurkeztuko du Larreak, Erraldoi eta buruhandien karta jokoa, familia osoarentzako memoria jolasa. Eta familia osoarentzat da beste hau ere: Data-zarta mahai jokoa, Euskal Herriko historiaren denbora lerroa, Eñaut Aiartzaguneak, Josu Narbartek, Amaia Egidazuk eta Iñaki Sanz-Azkuek egindakoa.
Noiz?
ARGIAren eta Bizi Baratzeren aurkezpenak hiru izango dira, hirurak larunbatean. Goizean, 10:30ean, Abentura erraldoia komikiaren bigarren alea aurkeztuko dute Bereziartuak eta Larreak, etxeko txikientzat, Saguganbaran. Bazkalaurrean, 13:30ean, Jakoba Errekondok Bizi Baratzea-ren Orria, ilargiaren egutegia eta agenda aurkeztuko ditu Landako gunearen barneko aretoan, azokaren erdi-erdian. Eta azkenik, 17:30ean eta leku berean, Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak aurkeztuko du.
Eta egileak noiz egongo dira?
Egunero-egunero Durangoko Azokako standean egongo dira Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea egileak, haien liburuak sinatzen eta irakurleen galderak erantzuten.
Horrez gain, liburua aurkeztuko duen arratsalde horretan, ARGIAren eta Bizi Baratzearen postuetan egongo da Onintza Enbeita: larunbatean 16:00etatik 20:00etara, eta igandean goizez, 10:00etatik 14:00etara.
Erraldoien komikia egin duen Adur Larrea, bestalde, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean egongo da standean; larunbatean aurkeztuko dute komikia.
Data-zarta karta jokoaren egileak larunbatean eta igandean egongo dira standean. Larunbat goizean, Iñaki Sanz-Azkue eta Amaia Egidazu; eta arratsaldez, Eñaut Aiartzaguena. Igande goizean, berriz ere Aiartzaguena, eta arratsaldez Sanz-Azkue.
Iaz argitaratu genuen Haziak liburuaren egile Miguel Arribas Kelo, bestalde, larunbat goizean egongo da azokako standean, liburuak saltzen, sinatzen eta azalpenak ematen.
Inor Ez da Ilegala proiektuaren parte diren Mbolo Moye Doole elkarteko kideak, azkenik, Durangoko elizaren aldamenean, Alde Zaharrean, ARGIAk ipini duen dendan egongo dira, egunero.
Non?
Urteroko moduan, Landako gunearen barnean eta kanpoan egongo dira eskuragai ARGIAren eta Bizi Baratzearen produktu guztiak.
Barnean, informazio gunearen ondoan dago postua; edonondik ikusiko dira Bizi Baratzearen banbuak. Azokaren mapan, Artekale 18-23 aurkituko duzue.
Kanpoko denda, berriz, Inor Ez Da Ilegala proiektuarena, elizatik gertu egongo da: Goienkale kalean, 7. zenbakian. Bertan topatu ahalko dira ARGIAren Azokan dauden produktu guztiak.
