Beti biharko uzten den eztabaida

  • Eredu berria asmatzeko trantzean da ezkerra, paradigma aldaketa betean, eredu zaharretik zer erreskatatuko, lehen egindako zein akats alboratuko. Eta, halakoetan ohi denez, zer nahi duen baino argiago ikusten du zer nahi ez duen. Antzera kulturari dagokionez ere. Zein kultur eredu aldarrikatzen du hemen ezkerrak? Zer esan nahi du kultura herritarraz eta parte-hartzaileaz ari denean? Gisako galderak ardatz hartuta hitz egin dugu Beñat Sarasola eta Ainhoa Güemesekin. 

Artea komunitatearen autoafirmaziorako? Artea statu quoaren oinarriak zalantzan jartzeko? Zertarako nahi du ezkerrak?
Artea komunitatearen autoafirmaziorako? Artea statu quoaren oinarriak zalantzan jartzeko? Zertarako nahi du ezkerrak?

Eta kulturarekin, zer egin? Horra historikoki ezkerrari buruko minak sortu dizkion galdera handia. Marxek iraultza azpiegituratik etorriko dela zioenez, eta kultura gainegituran kokatu zuenez, komunismo klasikoak bigarren mailako kontutzat jo izan du urte askoan. Gerora posmarxismotik indar eraldatzaile handia aitortu zaion arren, irudi luke ezkerreko mugimenduetan aski zokoratuta jarraitzen dutela kultur ereduari buruzko eztabaidek –baita Euskal Herrian ere–, eta, jorratzen diren apurretan, azaleko klixe batzuk errepikatu eta albait azkarren hurrengo gaira igarotzeko izan ohi dela. 

Auzi horretaz eta beste hainbatez mintzatu dira Beñat Sarasola eta Ainhoa Güemes, bakoitza bere esparrutik: kultur kritikaren planotik aritu da lehena –logika propioz funtzionatu behar duen planoa dela aldarrikatuz, bide batez–, nazio askapenerako mugimendutik, bigarrena. Planoak plano, eta kultura edota artea bezalako funtsezko kontzeptuak modu berberean ulertzen ez dituztela jakinik ere, agerikoa da elkarrengandik oso urrun daudela.  

Kultura, agendatik kanpo

Kultur ereduari buruzko eztabaidak alderdi politikoen eta herri mugimenduen agendatik kanpo daude, Sarasolaren ustez. Bilduk Donostian egindakoa jarri du adibidetzat: “Lehendik zegoenari euskal kuota gehitu dio, ez besterik. Ez dute errotiko aldaketarik egin, ez dute benetan arriskatu, ez da atez-atekorik egon kulturan”. Ez zaio iruditzen Bilduren arazoa bakarrik denik, ordea. Gai horien inguruko “sostengu ideologiko falta” sumatzen du, oro har. Gainera, instituzioetatik egin daitekeenak baditu mugak, haren ustez, besteak beste, une honetan Euskal Herrian ez dagoelako kultur mugimendu biziberritzailerik, artista talde indartsurik. “Egiten diren gauzak ahulak eta oso mugatuak dira”.  

Güemesek, berriz, uste du nazio askapenerako mugimenduak sorkuntza maila izugarria erakutsi duela. “Etengabe sortu ditugu herri bezala osatzen gaituzten elementu horiek, askatasunetik eta ausardiaz. Jakin dugu uztartzen politikaren zurrunbiloa artearen iraunkortasunarekin. Gure arazoa ez da jende sortzailea falta zaigula, estatu mailako gerra makinen aurka ari garela baizik”. 

Ezkerrak formula jakin bat erabili ohi du kultur gaietan galdurik sentitzen denean, Sarasolaren irudiko: beste esparru batzuetan –politikoan, sozialean, eta abar– aurrerakoiak eta iraultzaileak diren ereduak kulturan bere horretan aplikatzea. Hori eginez, ordea, eredu kontserbadore bat sortzeko arriskua dagoela uste du, “kulturak eta arteak esparru autonomo bat osatzen dutelako, eta beren funtzionatzeko moduak dituztelako”. Güemesek, aldiz, artearen esparruari kulturarenari baino autonomia gehiago aitortuagatik, uste du sortzaileen jarduna kultur balioek eta egoera politikoak baldintzatzen dutela. “Pankartek gure gizartean duten garrantzia, erreferentzia mito-naturalistak, intentsitate baxuko gerra honen pisua, banderak, buruberokiak... ikonokrazia horrek guztiak sakonki eragiten digu, onerako zein txarrerako. Ez da kasualitatea ETAk armak entregatu zituenean Picassoren Gernika atzean edukitzea. Gure iruditeria indartsua estrategia politikoaren eta adierazpen artistikoen nahasketa da. Ez dakigu artea politikatik bereizten”. 

Zer da “herritarra eta parte hartzailea”?

Azkenaldian kultur eredua ahotan harturik hainbestetan aipatu diren bi hitz horiek tranpatiak izan daitezkeela dio Sarasolak. “Kultura herritarra eta parte hartzailea izan daiteke, adibidez, publiko gehien mugitzen duen hura, eta, aldiz, minoritarioa dena ez da herritarra eta parte hartzailea. Hori logika perbertsoa da, kulturalki erabat kontserbadorea. Eraldaketa kulturala eta artistikoa ia beti esparru minoritarioetan sortzen da”. 

Masibotzat jotzen dena, ordea, ez da benetan masiboa sarri. Hainbat kulturgile batu dituen Sortuko dira besteak egitasmoa jarri du adibide gisa. “Kursaala euskal taldeekin bete zela eta sekulako arrakasta balitz bezala saldu zuten. Hori lortzeak meritua, izatekotan, ekoizpen aldetik izango du. Baina, artistikoki, ekimen horrek hutsaren hurrengoa balio du. Izan ere, han proposatzen dena kultura hila da. Hura entzutera joan ziren zenbat lagunek sortuko du beste zerbait kultur adierazpideren batean? Inork ere ez. Kultur balioa ez da zenbakitan neurtzen, eragin esponentziala izan dezake kulturak”. Sex Pistols taldeak 1976an Manchestergo Lesser Free Trade Hallen emandako kontzertu sonatua aipatu du. Apenas izango ziren 40 lagun entzuleen artean, baina ez edozein: Morrissey, Ian Curtis, Pete Shelley... hein batean, kontzertuak eragindako lilurak bultzatu zituen gerora beren musika taldeak sortzera –The Smiths, Joy Division, The Buzzcocks–. Gau hura rockaren historiako une gogoangarrienetako bat bezala igaro da liburuetara.  

Güemesek azaldu du kultura parte hartzailea nola ulertzen duen: “Hitz horiekin aldarrikatzen dugu artearen onurak jende gehiagorengana irits daitezela, era horretara intelektualki berritzeko eta aldaketa prozesuei ekiteko”. Arteari balio esponentziala aitortzen dio berak ere: “Kutsatu egin behar du, aberastasun abstraktu hori zabaldu eta jendearen esku jarri. Noski, horretarako ezinbestekoa da jende bat bilaketan dabilena, barne metamorfosian engaiatua, askatasun kolektiboarekin inplikatua, toki ederrago bat sortzeko gogoz dagoena”.  

Artea, zalantza pizgarri ala autoafirmaziorako tresna?

“Arte ona normalean esparru minoritarioetan sortzen dela aldarrikatzen duzunean, elitista izatea leporatzen dizute”, dio Sarasolak. Greil Marcus kultur kritikariak modu probokatzailean botatako aipu bat ekarri du hizpidera: “Artean elitismoa iraultzailea da”. Zer esan nahi zuen horrekin Marcusek? “Artista batek zalantzan jarri behar dizkizu zure ideiak, ustezko egiak eta abarrak. Arteak astindu behar ditu gizartean jakintzat jotzen diren aurreiritzi guztiak. Ez zuzenki beti, modu zeharkakoan sarritan. Eta saiaketa horiek minoritarioak izaten dira, jendearentzat ez direlako erosoak. Jendeak autoafirmazioa bilatzen du, zer garen, zer izan garen jakiteak ematen dio heldulekua, eta hori lortzen du museoetan, testuliburuetan, oro har, artea ondare bihurtzen denean.  Baina benetako arteak, sortzen den unean, statu quoa pitzatzea lortu behar du”. Musikako adibideak oroitu ditu: “Ez Dok Amairu-k eta Euskal Rock Erradikalak, esaterako, gaur egun ez dute eragin iraultzailerik; guztiz kontrara, autoafirmaziorako mekanismo kulturalak dira. Jendeak historia moduan ezagutu behar dituela? Ez dut ukatzen. Baina mugimendu horietatik ez da kreatiboki ezer berririk sortuko”. 

Statu quoa horrela deskribatzen du Güemesek: “Makinaria kapitalistak elikatutako errealitate bat errepikatzen digute etengabe, eta horrek ez digu uzten blokeo historiko honetatik irteten. Kapitalismoa bere burua birsortzeko gai da, baina ez aniztasunaren eta sorkuntzaren iturri agorrezin modura, gabeziak seriean ekoizteko modu gisara baizik”. Haren ustez, Euskal Herriak asimilatuta gelditu nahi ez badu, erronka bati egin behar dio aurre: “Gure artegintzak eta kultur adierazpenek masa-ikuskizunaren tresnetatik urrundu behar dute. Kultura komertzialaren eta publizitate lengoaiaren forma estereotipatuei ihes egin behar diegu”. 

Funtsean, oinarrizko desadostasun bat daukate Güemesek eta Sarasolak: arteak, ona izateko, zer lortu behar duen. Aurrenekoaren ustean, “artea afirmatiboa da bere esentzian, pertsona eta komunitate gisara autoafirmatzen gaitu, eta gure proiektuak luzaro iraun dezan lortzen du”. Bigarrenak, aldiz, uste du statu quoa zalantzan jartzen ez duen artea –arte afirmatiboa– txarra dela, de facto. Ideia zehatzago azalduta: “Minoritarioa den oro ez da ona, eta masiboa den oro ez da txarra. Diodana da arte ona, deserosoa den heinean, minoritarioa izan ohi dela sortzen denean. Gerora bihurtu daiteke gauza masibo bat, baina sorreran efektu hori sortzeko gai izan behar du”. Arte afirmatiboak justu kontrakoa lortzen du, bere ustean: deserosoa egin beharrean, hartzaileari halako arindu bat sortzea. 

Sarasolaren ustez, ezkerrak arazo historiko bat dauka arte afirmatiboarekin, eta, orain, “elitismoaren kontu honekin”, atzera egin da berriro: “Nola aldarri oso zuzen eta argiak esaten dituzten, era horretako artistak saritzera jotzen da. Baina hori, artistikoki, oso gauza kontserbadorea da. Ideologikoki atzerakoiak diren hainbat idazle askoz iraultzaileagoak dira beren sormenean ezkerreko asko baino”. Güemesek ez du halakorik ikusten bere inguruan: “Egia da gure sorkuntza indarrak agortuxea dirudiela maiz, batez ere mezu batzuk errepikatzearen errepikatzeaz –manifestazioetako leloak, kasurako–. Baina uste dut irudipen bat besterik ez dela. Errealitate sozio-historikoa da sorkuntzarako gaitasuna murrizten diguna”. Hala ere, onartzen du garaiotan artearen arketipoak ez direla bereziki onak politikarako, kultura jakin baten arketiporik bikainenak izanik ere. “Kaskarkeria da nagusi, baita gure alderdikoengan ere. Buruzagiak, ez beti, baina mediokreak dira sarri”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude